Lohitzune Zuloaga Lojo NUPeko Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakaslea, Paz Francés Lecumberri NUPeko Zuzenbide Saileko irakaslea eta Gema Varona Martínez EHUko ikertzailea dira “Mitos sobre delincuentes y víctimas. Argumentos contra la falsedad y la manipulación” liburuaren egileak. Cataratak eta NUPek argitaratu dute. Liburua paperezko formatuan eros daiteke Unibertsitatearen argitalpenen “online” dendan.
Egileak adituak dira esparru sozioekonomikoan, eta azaldu dute argitalpenak erantzun bat eman nahi diola “mundu globalizatuari, non sistema juridikoak zigorrak gogortzen ari baitira”, eta “inoiz baino garrantzitsuagoa baita politika kriminal oro zuzentzen duten bi kategoria nagusiak berraztertzea: delitugileak eta biktimak.”
Hala, liburua “Ikerketa eta eztabaida” bilduman argitaratu da, eta gogoeta bat egiten du diskurtso ofizialean "delitugile", "biktima" eta "polítika publikoei" buruz gehien zabaldu diren mitoetako batzuei buruz, estereotipoak ezabatzeko. Finean, gizarteak “egungo mito eta topikoetatik harago gizatasunaren printzipioaren eta prebentzio sozialaren galera ekarriko ez duten sistemen bidez alternatibak irudikatzeko” duen erantzukizunean sakontzen du, egileek nabarmendu dutenez.
Delitugileak, biktimak eta politika publikoak
Liburua hiru atal handitan banatzen da. Lehenak delituei eta haiek egiten dituzten pertsonei buruzko zenbait mito jaso eta desegiten ditu; bigarrenak, biktima diren pertsonei buruzko mitoak; eta hirugarrenak, politika publikoekin eta iritzi publikoarekin lotutako mitoak.
Hala, lehenengo kasuan, herri sinesmenak ditugu, hala nola “delitugile handiak munstroak dira”, “aberatsek delitu gutxiago egiten dute pobreek baino” edo “immigranteak delitugileak dira”; biktimen atalean, besteak beste honako hauek dira jasotako mitoak: “terrorismoaren biktimak politizatuak daude”, “zergatik ez du uzten tratu txarrak ematen badizkio?” edo “biktimek mendekua nahi dute”. Azkenik, politika publikoei buruzko atalean, zenbait sinesmen jaso eta desegiten dira, hala nola “betiko barruan egotea da konponbidea”, “kartzela gehiago, delitu gutxiago” edo “delinkuentziarekin amaituko dugu”.
Liburua osatzen dute “gauzak zalantzan jartzeko gaitasunerako sarrera” batek eta azken gogoeta batek. Gogoetaren bidez egileek ondorio gisa azaltzen dute mitoak ez direla “ez onak, ez txarrak berez, badira eta aurrerantzean ere izango dira” eta “gizakien nahi eta beldurrei datxekien funtzio sozial eta sinbolikoa betetzen dute”. “Problema –esan dutenez– haien interpretazioan eta arrazoimenaren eta giza eskubideen aurkako gehiegizko erabileran dago”, laburbildu dute.