Emakumezko zientzialariak eta teknologoak ikusarazteko jardueren astea antolatu du Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak, hots, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) aurten sortu duen katedra berriak. Lau mahai-inguru egingo dituzte irakaskuntzan, ikerketan, ekintzailetzan, ingeniaritza biomedikoan eta energia berriztagarrien arloan emakumeek izan duten eginkizunari buruz. Jende guztiarentzat dira jardunaldiak, eta librea da sarrera. Mahai-inguruak urriaren 7tik 10era izango dira (astelehenetik ostegunera), 19:00etan, Kondestablearen Jauregian (Kale Nagusia, 2). Asteari amaiera emateko, urriaren 11n (ostirala), arratsaldean, jai-giroko ekitaldi bat egingo da Arrosadiko campuseko Liburutegian: emakumezkoek zientziaren arloan emango dituzten aurrerapausoei buruzko mahai-inguru bat; zientziari buruzko umorezko monologoak; Emakumezko Ikasleentzako Ikasketa Amaierako Lanen I. Lehiaketa eta “Emakume zientzialaria izan nahi dut” eskola-lehiaketaren sari banaketa; eta kontzertu bat. NUPen webgunean dago jardunaldiei buruzko informazio guztia.
Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Asteak Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso du, baita Iruñeko Udalaren, NUPeko Energia Berriztagarrien Katedraren eta IEEE Ingeniari Elektrikoen eta Elektronikoen Institutuaren laguntza ere.
Astelehenean hasiko dira jardunaldiak, urriaren 7an. Lehenik eta behin, “Emakumeak, irakaskuntza eta ikerketa” izeneko mahai-ingurua egingo da. Hauek arituko dira solasean: Carmen Sanmartín Grijalba (Farmazian doktorea, UHUNen Kimikako sari nazionalaren irabazlea eta Farmazia Teknologiako eta Kimikako Sailaren zuzendaria), Paula Noya López (Unibertsitateekiko harremanetako koordinatzailea Aditech korporazioan), Adela Muñoz Páez (Kimikako katedraduna Sevillako Unibertsitatean eta zientziaren dibulgatzailea) eta Ana Burusco Juandeaburre (Nafarroako Gobernuko Unibertsitateen zuzendari nagusia). Moderatzailea Edurne Barrenechea Tartas izango da, NUPeko Garapen Digitaleko errektoreordea.
Asteartean, urriaren 8an, “Emakumeak eta ekintzailetza” izango da mahai-inguruaren gaia. Solaskideak: Ana Monreal Vidal (industria-ingeniaria, iAR enpresaren fundatzaileetako bat eta eragiketen zuzendaria, eta ingeniari onenaren sariduna Ingeniaritzako 2019ko Sariketa Nazionalean), Maite Agüeros Bazo (Farmaziako doktorea eta Innoup Farma biofarmazia-enpresaren zuzendari exekutiboa), María Sanz de Galdeano (Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziaduna eta CEINeko koordinatzailea) eta Miren Ausín Lecuna (Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria). Moderatzailea: Marisol Gómez Fernández (NUPeko irakaslea eta InaMat Material Aurreratuen Institutuko ikertzailea).
Ingeniaritza biomedikoa eta energia berriztagarriak
Asteazkenean, urriaren 9an, “Emakumeak eta ingeniaritza biomedikoa” izango dute hizpide. Hauek izango dira hizlariak: Maite Mendióroz Iriarte (doktorea Medikuntzan, espezialista Neurologian eta Navarrabiomedeko Neuroepigenetika Laborategiko zuzendaria), Carmen Vidaurre Arbizu (doktorea Telekomunikazio Ingeniaritzan, interfaze zerebraletan (BCI) eta neurozientziako aplikazioetan aditua, eta Ramón y Cajal ikertzaile izateko kontratuduna NUPen), Gloria González Aseguinolaga (doktorea Biologian, Terapia Genetikoko eta Adierazpen Genetikoaren Erregulazioko programaren zuzendaria CIMAn eta Vivet-Therapeutics enpresaren fundatzaileetako bat da, eta haren zuzendari zientifikoa) eta Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuko ordezkari bat. Alicia Martínez Ramírez (NUPeko irakaslea eta InaMat Material Aurreratuen Institutuko ikertzailea) arituko da moderatzaile-lanetan.
Ostegunean, urriaren 10ean, “Emakumeak eta energia berriztagarriak” izango da eztabaidagaia. Hauek izango dira gonbidatuak: Ana Goyén Pérez (telekomunikazio-ingeniaria eta Ingeteam Power Technology enpresako Negozio Unitatearen zuzendaria), Marta Barreras Carracedo (doktorea Industria Ingeniaritzan eta Siemens Gamesako “On Shore” Garapen Teknologikoaren arduraduna), Isabel Carrilero Borbujo (Kimikan eta Ingeniaritza Kimikoan eta Sodenaren NaVEAC proiektuaren koordinatzailea, ibilgailu elektrikoari buruzkoarena) eta Eva Istúriz García (Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren zuzendari kudeatzailea). Moderatzailea Idoia San Martín Biurrun izango da, NUPeko ISC Smart Cities Institutuko ikertzailea eta Energia Berriztagarrien Katedraren idazkari teknikoa.
Bukatzeko, monologoak, musika eta zientzia
Asteari amaiera emateko ekitaldia 16:00etan hasiko da, ostiralean, Arrosadiko campuseko Liburutegian. Lehenik eta behin, Emakumezko Ikasleentzako Ikasketa Amaierako Lan Zientifiko eta Teknologikoen I. Lehiaketako posterrak aurkeztuko dituzte. Ordubete geroago, 17:00etan, RISArchers-en emanaldi bat izango da. Zaragozako Unibertsitateko ikertzaileak dira, eta zientziari buruzko monologo umoretsuak egiten dituzte. 17:30ean, sariak banatuko zaizkie Emakumezko Ikasleentzako Ikasketa Amaierako Lanen I. Lehiaketaren irabazleei eta “Emakume zientzialaria izan nahi dut” eskola-lehiaketarenei. Honako hauek emango dituzte sariak: Ramón Gonzalo García (NUPeko errektorea), Javier Remírez Apesteguía (Nafarroako Gobernuko lehenbiziko lehendakariordea eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria) eta Gurutze Pérez Artieda (Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren zuzendaria).
18:00etan, “Emakumeak etorkizuneko munduan” izeneko hitzaldia eta eztabaida egingo dute Marta Macho-Stadler EHUko irakasleak, María del Mar Rubio-Varas NUPeko irakaslea eta INARBE institutuko ikertzaileak eta Idoia Labayen Goñi NUPeko irakasle eta IS-FOOD institutuko ikertzaileak. Azkenik, 20:00etan, kontzertua emango du Hegaz taldeak (baliteke beste talderen bat ere animatzea).
Emakumeek zientzian eta teknologian parte har dezaten bultzatu nahi du Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak, STEM titulazioetako emakume kopurua handiagotuz (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikaren siglak ingelesez), eta arlo horietako iker dezatela eta genero ikuspegia erabil dezatela sustatuz. Katedraren zuzendaria Gurutze Pérez Artieda da, Marisol Gómez Fernández zuzendariordea, eta Edurne Barrenechea Tartas idazkaria. Horietaz gainera, NUPeko irakasle hauek dira katedrako jardueren arduradunak: Leyre Catalán Ros, Aránzazu Jurío Munárriz, Patricia Aranguren Garacochea, Idoia San Martín Biurrun, Silvia Díaz Lucas, Alicia Martínez Ramírez, María Napal Fraile eta Rosa María Canals Tresserras.