• www
  • Berriak
  • Bizitzaren lehen 2 urteetan proteina...

zoom Idoia Labayen Goñi, NUPeko ikertzailea.

Idoia Labayen Goñi, NUPeko ikertzailea.

Pertsona batek bere bizitzako lehen bi urteetan proteina asko hartu, azukredun edariak kontsumitu eta lo gutxi egiten badu, areagotu egiten da haurtzaroan obesitatea izateko arriskua. Hori jaso du Europako bost herrialdetako ikertzaile talde batek “Nature Reviews Endocrinology” aldizkari zientifikoan argitaratutako artikulu batean. Idoia Labayen Goñi Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutuko (IS-FOOD) ELIKOS ikerketa taldeko zuzendariak (ELikadura, arIKeta fisikoa eta OSasuna) gidatu du ikerketa talde hori. “Bizitzaren adin goiztiarretan —umetoki barneko hazkunde eta garapen aldia barne—, ingurune obesogeniko batek obesitate arriskua handitzen du. Amak haurdunaldian egiten duen bizimodua eta fetuaren eta haurtxoaren nutrizio goiztiarra oso faktore garrantzitsuak dira haurren obesitatearen prebentzioan”, azaldu du NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakasleak, kontzepziotik haurrak 2 urte bete arte haurren obesitateari aurrea hartzeko estrategiak proposatzen dituen artikuluaren inguruan.

Idoia Labayenen iritziz, “obesitateak oso prebalentzia handia du adin pediatrikoetan bai herrialde garatuetan bai garapen bidean dauden herrialdeetan, eta osasun arrisku ugarirekin dago loturik”. “Genetikak eragin handia du obesitatearen garapenean. Hori hala izanik ere, inguruneko faktoreek arrisku genetikoaren eta gehiegizko adipositatearen arteko erlazioa alda dezakete”, adierazi du Idoia Labayenek.

Gurasoen bizimodua

Hori dela-eta, lan honetan ikertzaileek ebidentzia zientifikoa aztertu eta prebentzio estregia zehatzak proposatu dituzte gurasoen bizimoduarekin eta haurtxoa hazten den ingurunearekin loturiko zenbait alderdiren inguruan, “osasun publikoko organismoek eta osasun arloko profesionalek erabil ditzaten”. Hala, adituek gomendioak eman dituzte zenbait alderdirekin loturik: aitaren eta amaren nutrizio egoera kontzepzioaren unean, haurdunaldian irabazitako pisua, haurdunaldiko diabetesa, malnutrizioa eta tabakismoa, amaren dieta eta jarduera fisikoa haurdunaldian, erditze mota, jaiotze uneko pisua, ama-esnea hartzea eta esne formulen osaera, jaiotza ondoko hazkuntza, elikadura osagarria edo loaldiaren iraupena. Halaber, esan dute ezen, “ama-esnea hartzeak obesitate arriskua txikiagotzen ote duen argi ez badago ere, praktika hori sustatu behar dela onura franko ekartzen dituelako”.

Artikuluaren bi egile nagusiak Elvira Larqué Daza Murtziako Unibertsitateko katedraduna eta arestian aipatutako Idoia Labayen izan dira. Halaber, irakasle hauek hartu dute parte: Carl-Erik Flodmark (Lundeko Unibertsitatea, Suedia), Inge Lissau (Kopenhageko Unibertsitate Ospitalea, Danimarka), Sarah Czernin eta Kurt Widhalm (Nutrizio Klinikoaren Austriako Institutua, Austria), Luis A. Moreno Aznar (Zaragozako Unibertsitatea) eta Angelo Pietrobelli (Veronako Unibertsitatea, Italia).