Egiptoko eta Marokoko hamaika ikaslek sei hilabetetik hamabi hilabetera bitarteko prestakuntza egonaldia egin dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), hezkuntza instituzioa partaide duen europar proiektu bati esker. Mediterraneoko hegoaldeko unibertsitateetan, energia berriztagarrien, eta, batez ere, eguzki energiaren esparruan graduondoko prestakuntza hobetzea da ekimenaren xedea (zehazki, lehen aipatutako bi herrialdeetako unibertsitateetan). Hiru urteko iraupena duen proiektuaren esparruan NUPek 32 ikasle hartuko ditu osotara, bai ikasketa aldiak egiteko, bai praktikak egiteko. Haietako batzuen testigantzak bideo batean jaso dira. Bideoa ikusgai dago hezkuntza erakundeak YouTube-n duen kanalean.
Ikasleak unibertsitate hauetakoak ziren: Alexandriako Zientziako, Teknologiako eta Itsas Garraioko Arabiar Akademia, Kairoko Helwan Unibertsitatea (biak Egipton), Rabateko Mohamed V Unibertsitatea eta Ifraneko Al Akhawayn Unibertsitatea (biak Marokon). Ikasleetako batzuek Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalarekin lankidetzari esker (CENER) osatu dituzte ikasketak. Zentroa Eguesibarren dago (Nafarroa).
NUPeko irakasleen tutoretza
Egiptoko eta Marokoko ikasle eta irakasleak NUPeko Arrosadiko campusean Susana Irisarrirekin (5.a eskuinean, Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Zerbitzukoa).
Almudena García Gorostiaga Ingeniaritza Saileko irakaslea da proiektuaren koordinatzailea, eta beste sail batzuetako irakasleek parte hartzen dute. Haien eginkizun nagusia ikasleen egonaldiaren tutoretza egitea da. Honako hauek daude haien artean: Miguel Beruete Díaz, María Ángeles de Blas Corral, Francisco Falcone Lanas, Luis Gandía Pascual, Antonio Gil Bravo, Íñigo Liberal Olleta, Alberto Navajas León eta Joaquín Sevilla Moróder. Susana Irisarri Primicia Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzako Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Zerbitzuko kudeaketariaren laguntza gehitu behar zaie aurrekoei. Horretaz gainera, lehen aipatutako lau unibertsitateetako hamar irakaslek prestakuntza bisita egin dute nafar erakundera.
Ikasle eta irakasleen egonaldiak europar proiektu baten bidez egin dira, non bost herrialdetako hamabi erakundek (partzuergo batean bilduta) hartzen duten parte: Egipto, Maroko eta hiru europar (Espainia, Frantzia eta Portugal). Horien artean, NUPez gainera, CENER dago. MEDSOL izeneko proiektuaren hamabi kideetatik zazpi unibertsitateetakoak dira, eta bost, ikerketa-zentro eta enpresetakoak, eta Estrasburgoko (Frantzia) Unibertsitatearen zuzendaritzapean ari dira lanean. Horiez gainera, Egiptoko, Espainiako eta Marokoko beste sei instituzio eta enpresek laguntzen diote partzuergoari.