Joan eduki nagusira

zoom David Garciandía NBEren egoitzan, Vienan

David Garciandía NBEren egoitzan, Vienan

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) 42 ikaslek nazioarteko praktikak egin dituzte azken lau ikasturteetan gobernu zentralaren Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren egoitzetakoren batean. Haietatik 25ek hiru hileko prestakuntzaldiren bat egin dute udan (uztailaren 1etik irailaren 30era bitarte) Espainiak atzerrian dituen enbaxada, kontsuletxe eta ordezkaritza iraunkorretan, NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren eta aipatutako ministerioaren arteko hitzarmenaren bitartez. Akordio horri esker, bederatzi ikaslek aukera izan dute uda honetan beren prestakuntza Espainiaren egoitza diplomatikoetan osatzeko.

Horietako bat David Garciandía Igal da (Iruñea, 1996), Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako (EAZ) eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko ikaslea. Irailaren 30ean burutuko du Vienan egiten ari den hiru hileko egonaldia, Austriako hiriburuan egiten ari baita praktikak, Espainiak Nazio Batuen Erakundean eta nazioarteko beste organismo batzuetan duen ordezkaritza iraunkorrean. “Ordezkaritza iraunkorraren eta enbaxada edo kontsuletxe baten arteko alde nagusia harremanen esparrua da, lehenarena alde anitzekoa baita, ez aldebikoa; izan ere, bilera edo konferentzia batean estatu askok hartzen dute parte”, azaldu du David Garciandíak, zeinak, Iruñera itzultzean, gradu bikoitzeko ikasketen seigarren maila egingo baitu.

Energia nuklearra eta delituak

Nazio Batuen Vienako egoitzan, “bi gai nagusi lantzen dira: energia eta arma nuklearrak, batetik, eta drogak eta nazioz haraindiko delituak, bestetik”. “Nire lana Espainiako ordezkaritzako diplomazialariei eta aholkulariei laguntzea da, bai aldebiko nahiz alde anitzeko bilera eta konferentzietan eta bai EBren koordinazio biltzarretan ere, NBEren zenbait erakundetan”, azaldu du nafar gazteak. Gero, txostenak prestatzen ditu, eta horiek, berrikusi eta gero, Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren Madrilgo egoitzara bidaltzen dira.

“Austriako hiriburuko egonaldiaren lehen partean landu nituen gaiak energia nuklearra, arma nuklearren kontrola eta saiakuntza nuklearren debekua izan ziren —gogoratu du ikasleak—. Zenbait erakunderen bilera eta konferentziatara joatea egokitu zitzaidan: Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundea —beharbada, NBEk Vienan duen erakunderik ospetsuena, zeinak ospe handia hartu baitu ‘Chernobyl’ telesailari esker—, Energia Nuklearra Ez Ugaritzeko Ituna eta Saiakuntza Nuklearrak Guztiz Debekatzeko Itunaren Erakundea. Hain zuzen, hurbiletik bizi izan ditut Energia Nuklearra Ez Ugaritzeko Ituna ez betetzearen ondorioz Iranekin izan diren tirabirak. Bestalde, praktiken bigarren parte honetan, Drogen eta Delituen Aurkako Nazio Batuen Bulegoaren esparruan ari naiz lanean, hainbat gai jorratuz: ustelkeriaren prebentzioa, pertsonen salerosketa, migratzaileen trafikoa, drogen nazioarteko trafikoa eta nazioz haraindiko krimen antolatua”.

David Garciandíaren hitzetan, praktikaldi hau “esperientzia bikaina eta aukera paregabea da”. “Aukera eman didate, alde batetik, NBEk barnetik nola funtzionatzen duten jakiteko, eta, bestetik, desafio globalak eta nazioarteko harremanen arazoak sakonkiago ezagutzeko. Bukatzear nagoen EAZko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza oso lagungarria izan da nire lanean erabili ditudan gaitasun zabal eta zeharkakoak eskuratzeko”, adierazi du ikasleak, zeinak seihileko bat egin baitzuen Shijiazhuangeko Tiedao Unibertsitatean (Txina) NUPen Martín de Rada truke programari esker.

David Garciandíak bezala udan prestakuntzako egonaldiak egin dituztenez gain, azken lau urteetan Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren enbaxada, kontsuletxe edo ordezkaritza iraunkorretan praktikak egin dituzte beste 17 lagunek, beste hiru programaren bidez: Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko curriculumeko praktiken programa, nazioarteko praktiken programa eta Nafarroako Gobernuaren Nazioarteko Praktiketarako Beken programa. NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioak kudeatzen ditu horiek guztiak.