Joan eduki nagusira

zoom Iker Salaberri NUPeko irakasle elkartua.

Iker Salaberri NUPeko irakasle elkartua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko Iker Salaberri Izko irakasle elkartuak, Berlingo Humboldt Unibertsitateko Anne Wolfsgruber irakaslearekin batera, doktoretza ondoko aurkezpen onenaren saria irabazi du abuztuaren amaieran Leipzigen (Alemanian) egin den Hizkuntzalaritzaren Europako Elkartearen (SLE) urteroko 52. biltzarrean.

"Reflexive constructions and areal relationships: A typological-diachronic analysis of replica grammaticalization” izenburupeko aurkezpen hori gaur egun bi egileak garatzen ari diren ikerketa-lerroekin dago loturik; hain zuzen, honako aukera hau aztertzen du: Indiako Ozeanoko eta Ozeano Bareko lurraldeetan gaur egun hitz egiten diren eta hizkuntza erromanikoetan oinarrituta dauden zenbait pidgin eta kreole hizkuntzak beren oinarri diren erromantzeetatik heredatu dituztela “gorputz” substantiboan oinarritutako egitura bihurkariak (hots, “nik neure burua ispiluan ikusten dut” esaldia honela adierazten da hizkuntza horietan: “nik neure gorputza ispiluan ikusten dut”). Hizkuntza horien artean daude Reunioneko kreolera frantziarra (Reunion uhartea), Zamboangako chavacanoa (Filipinak) eta Malaccako kreolera portugesa (India).

“Proposamen hori ez dator bat aurretik egindako beste batzuekin, azken horiek Afrikan eta hizkuntzen arteko harremanean kokatzen baitute kreole hizkuntzen egitura bihurkarien jatorria”, azaldu du Iker Salaberrik. Egileek frogatu dute, datu linguistikoak eta historikoak aztertuta, azalpen horrek ez duela funtsik, eta, alternatiba gisa, proposatu dute Behe Erdi Aroko eta Errenazimentuko zenbait hizkuntzak, hala nola Erdi Aroko latinak, frantsesak, portugesak edo okzitanierak bazutela “gorputz” substantiboaren erabilera bihurkaria, eta hori dela, gramatikalizazio mekanismo baten bidez, Indiako Ozeanoko eta Ozeano Bareko pidgin eta kreole hizkuntzen egitura bihurkarien benetako jatorria. Baieztapen hori frogatzeko, egileak antzinako testuen analisi estentsiboan eta erromantzeen eta pidgin eta kreole hizkuntzen corpus historikoetan oinarritu dira.

Iker Salaberriren CV laburra

Iker Salaberrik Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi zuen, non Ingeles Filologian eta Aleman Filologian lizentziatu zen; azken horretan gradu amaierako lanik onenaren saria lortu zuen. Geroago, Hizkuntzalaritza Teorikoaren Master titulua eskuratu zuen, eta, azkenik, antzinako saxoieraren sintaxiari buruzko doktoretza-tesi baten defentsarekin bukatu zituen ikasketak (gutxi ikertu den antzinako hizkuntza germaniko bat da saxoiera).

Iker Salaberrik zenbait hilabeteko ikasketa eta ikerketa egonaldiak egin ditu Johann Wolfgang von Goethe Universität-en (Frankfurt am Main, Alemania) eta Universiteit Gent-en (Gante, Belgika), non hizkuntzalaritzaren esparruko ikertzaile nabarmenekin aritu den lankidetzan. Bere interesen artean, honako hauek daude: sintaxia, hizkuntzen tipologia eta hizkuntzalaritza historikoa, orokorrak nahiz hizkuntza zehatzei aplikatuak. Zenbait artikulu egin ditu gai horien guztien inguruan Espainiako eta nazioarteko argitalpenetan.