Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) zenbait ikertzaile proiektu batean ari dira lanean esku-hartze medikoetan umeek injekzioei izaten dieten beldurra teknologia berrien bidez nola murriztu aztertzeko. Horretarako, Valentziako Innoarea enpresarekin eta Nafarroako Ospitalegunearekin lankidetzan, ikertzaileek aztergai dute, ziztatzeko unean erizainek zainen bistaratzaile bat erabiltzen duten bitartean, adingabearekin errealitate birtualeko gailu bat erabiltzeak murriztu egiten ote duen paziente pediatrikoek orratzei dieten beldurra eta, ondorioz, horrek mina eta estresa gutxitzen ote dituen. Marta Ferraz Torres buru duen taldea finantzabide bila ari da proiektu zientifikoetarako “crowdfunding”eko edo mikromezenasgoko Precipita plataformaren bidez, zeina Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioaren Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) bultzatu baitu.

Proiektuan, Marta Ferraz Torres adituaz gain, NUPeko Osasun Zientzien Saileko beste ikertzaile batzuek ere hartzen dute parte: Leticia San Martín Rodríguez, Nely Soto Ruiz eta Paula Escalada Hernández (INNO-CARE ikerketa-taldekoak hirurak) eta Raquel Sáenz Mendía. Nafarroako Ospitalegunearen aldetik, hauek dira proiektuan dihardutenak: Cristina Armijo Villacampa, Cristina Echeverría Beroiz, Raquel Aizcorbe Zabalza, María Isabel Cuartango Santamaría eta Idoia Cuevas López.

Estresa eta antsietatea

zoom Proiektuko ikertzaileak NUPeko Osasun Zientzien Fakultatean (Iruñean). Zutik, ezkerretik eskuinera: Paula Escalada, Leticia San Martín eta Raquel Sáenz. Eserita: Nely Soto (ezkerrean) eta Marta Ferraz.

Proiektuko ikertzaileak NUPeko Osasun Zientzien Fakultatean (Iruñean). Zutik, ezkerretik eskuinera: Paula Escalada, Leticia San Martín eta Raquel Sáenz. Eserita: Nely Soto (ezkerrean) eta Marta Ferraz.

“Paziente pediatrikoek antsietatea eta estresa sufritzen dituzte maiz, batik bat larrialdi eta ospitaleratzeetan eta prozesu inbaditzaileetan, hala nola odola ateratzeko tekniken edo txertoak injektatzeko prozesuen kasuan”, adierazi du Marta Ferraz ikertzaileak.

Egoera horri aurre egiteko, ikertzaileek osasunaren arloan erabiltzen den teknologia berri bati erreparatu diote: errealitate birtualari. “2 eta 15 urte bitarteko paziente pediatrikoak ikusizko gailu bat erabiltzen du, eta hark, teknologia informatikoaren bidez, benetakoak diruditen eszenek edo objektuek osatutako ingurune bat sortzen du. Horrek ingurune horretan murgildua egotearen sentsazioa eragiten dio umeari. Hain zuzen, minijoko moduko batzuk dira, puzzleak osatzea eta zenbait animaliarekin jolastea helburu dutenak, eta horiekin entretenitzeak posible egiten du pazientea ez urduritzea inguruko orratz, mediku eta erizainekin”, azaldu du Marta Torresek.

Teknologia horretaz gainera, proiektuak zainen detektagailu ekografiko bat eta argi infragorri bidezko beste bat erabiltzen ditu. Tresna horiek, “bereizmen handiko irudien bidez, zuzenean bistaratzen dute sarbide baskularreko prozedura osoa, zainak argiztatuz”. “Halako gailuak erabiltzeak aukera ematen du paziente pediatrikoaren odol-hodien ibilbidea hobeki bistaratzeko, baita ziztadaren iraupena murrizteko eta profesional sanitarioei teknika hori errazteko ere”, erantsi du.

Mina eta ondoeza arintzen

Ikertzaile horien iritziz, “arreta pediatrikoaren testuinguruan, aski frogatua dago distrakzioa eta hipnosia eraginkorrak direla ume eta nerabeei prozedura inbaditzaileak egitearekin lotutako mina eta ondoeza arintzeko”. “Hala ere, ikerketa gehigarriak behar dira sakonkiago ebaluatzeko orain arte talde jakin batzuetan baino aztertu ez diren esku-hartze horiek, hots, distrakzio teknikak —putz egitea adibidez—, oroimena nahastea eta guraso edo profesionalen posizioa zehaztea umeengan sugestioa eragiteko. Era berean, ez dago argi bi teknologia berri horiek zer-nolako lotura izan dezaketen baliabideak optimizatzeari eta hain pertsona sentiberengan minaren, antsietatearen eta estresaren faktore nagusiak murrizteari begira”, adierazi du NUPeko ikertzaileak.

Ikertzaileen iritziz, teknika hori osasunaren arloko bestelako esku-hartzeetara estrapola liteke. “Gure xedea teknikaren protokolo baliozkotu bat sortzea da, baita profesional sanitarioei horren inguruko trebakuntza ematea ere, herrialde osoan ezartzeko”, gehitu du, azkenik, Marta Ferrazek.

“Precipita” ekimenaren bitartez proiektuari laguntzeko epea azaroaren 20an bukatuko da. Norbanakoek zein enpresek hamar eurotik gorako ekarpenak egin ditzakete, eta horiek zerga-arintzeak izango dituzte.