Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Enpresa Familiarren Katedraren aurkezpena irailaren 24an izango da, asteartea, eta ekitaldi horretan Toni Nadal Homar arituko da hizlari (Manacor, 1960), hots, Rafa Nadal tenislari arrakastatsua munduko izar bihurtu duen entrenatzailea. “Guztia entrena daiteke” izeneko hitzaldia 18:30ean hasiko da Iruñeko Arrosadiko campuseko Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan, eta, bidenabar, aipatutako katedrak bultzatutako Enpresa Familiarraren Kudeaketako Unibertsitateko Adituaren titulu berekia inauguratuko da. Enpresa Familiarren Katedra sortzeko, akordio bat sinatu dute NUPek berak, Nafarroako Enpresa Familiarrak Garatzeko Elkarteak (ADEFAN), Nafarroako Rural Kutxak eta Enpresa Familiarraren Institutuak (IEF), eta ARPA Abogados Consultores enpresaren laguntza izan dute. Toni Nadalen hitzaldira joan nahi dutenek dohainik egin dezakete, aldez aurretik izena “online” emanez esteka honetan: http://bit.ly/2lUIRwt
Enpresa Familiarren Katedra sortzeko xedea enpresa familiarrek izaten dituzten arazoei irtenbidea ematea da, baita akademikoen, enpresarien eta ikasleen topagune bihurtzea ere, arlo horretako ezagupenak, esperientziak eta kezkak trukatzeko aukera izan dezaten. Katedraren zuzendaria Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano da, NUPeko Zuzenbide Saileko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakasle titularra.
Katedraren proiektuak
Katedraren proiektuetako bat Enpresa Familiarraren Kudeaketako Unibertsitateko Aditua da. Unibertsitate - Gizarte Fundazioak kudeatutako titulu bereki horrek aukera emango du ikasturte honetan 25 ikasleri prestakuntza emateko enpresa familiarrak gidatzeko eta kudeatzeko eginkizunetarako behar diren gaitasunen inguruan, negozio horien berezitasun eta giltzarriak zein diren jakiteko eta hobeki ulertzeko helburuz. Arlo juridikoko, ekonomiako eta ingeniaritzako titulazioren bat egiten ari diren eta Nafarroako enpresa familiarren batean praktikak egingo dituzten ikasleei zuzendua dago. NUPeko bi irakasle dira titulu bereki horren zuzendariak: Lucía Garcés Galdeano, Enpresen Kudeaketa Saileko irakasle eta INARBE institutuko ikertzailea (Institute for Advanced Research in Business and Economics), eta lehen aipatutako Beatriz Rodríguez.
Enpresa Familiarren Katedrak bestelako ekimenak bultzatuko ditu, hala nola enpresa familiarrek Nafarroako ekonomian duten pisuari buruzko ikerketa bat, eta honako hauek izango ditu ikertzaile: Martin Larraza Kintana Enpresen Kudeaketa Saileko katedradun eta INARBE institutuko ikertzailea, Beatriz Martínez García sail bereko irakasle laguntzaile doktorea eta gorago aipatutako Lucía Garcés irakaslea. Gainera, Nafarroako Gobernuak bertako unibertsitateetako katedrentzat jarduerak antolatzeko egiten duen deialdiko dirulaguntza bati esker, beste bi proiektu egin nahi dira: bata, “Enpresa familiarra ikasgeletan” izenekoa, Bigarren Hezkuntzako ikasle eta irakasleentzako hezkuntza-jarduerez osatua; bestea, berriz, emakumeek halako enpresetan izaten duten lidergoari buruzko dibulgazio jardunaldi batzuk.
Toni Nadalen curriculum laburra
Toni Nadal Rafa Nadalen entrenatzailea izan da, eta, ondorioz, tenisaren historian txapelketa gehien irabazi duenetako bat. Bere iloba kirolean trebatzeaz gainera, pertsona gisa prestatzea ere izan du helburu; horregatik, zenbait balio sustatu zituen harengan: diziplina, bere buruari gehiago exijitzea, aurkarienganako begirunea, apaltasuna, autokontrola eta bai garaipenen eta bai porroten behar bezalako kudeaketa. Berak idatzitako “Todo se puede entrenar” liburuan, bere metodoa oinarritzen duten printzipio guztiak azaltzen ditu.
Gaur egun, bigarren lerrotik jarraitzen du ilobaren karrera, eta Rafa Nadal Academy izenekoaren zuzendaria da. Mallorcako Manacor hirian kokatutako kirolgune hori erreferentea da tenisaren munduan, eta, bertan, belaunaldi berriei eta tenisaren etorkizuneko promesei bere ezagupenak transmititzen saiatzen da Toni Nadal. Horrez gain, hitzaldiak ematen ditu ezbeharren kudeaketari eta jarreraren, hobetzearen, jarraitutasunaren eta talde lanaren garrantziari buruz.