Joan eduki nagusira

zoom Kontabilitate Sozialaren eta Ingurumenekoaren arloko Ikerlanei buruzko XII. Bilerako parte-hartzaileen argazkia, NUPen.

Kontabilitate Sozialaren eta Ingurumenekoaren arloko Ikerlanei buruzko XII. Bilerako parte-hartzaileen argazkia, NUPen.

Nazioarteko hirurogeita hamar ikertzailek parte hartuko dute gaur (irailak 12, osteguna) eta bihar (irailak 13, ostirala) Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean antolatu duen Kontabilitate Sozialaren eta Ingurumenekoaren arloko Ikerlanei buruzko XII. Bileran. Topaketa horretan, adituek eztabaidagai izango dute nola lagun dezakeen kontabilitateak gaur egungo gizarte eta ingurumen arazoei irtenbidea ematen, garapen jasangarrirako kontabilitate bat lortzeko xedez.

“Erakundeen jarduerek gizartean izaten duten eraginak ez baldin badu aldi berean diruz kuantifikatu daitekeen eraginik sortzen erakundearen ondarean —bere gastu, diru-sarrera, ondasun eta eskubide edo zorretan—, ez da ohiko kontabilitatean agertuko —azaldu du Javier Husillos NUPeko Enpresen Kudeaketa Saileko irakasle eta INARBE institutuko ikertzaileak (Institute for Advanced Research in Business and Economics), zeina topaketaren batzorde antolatzaileko kidea baita sail bereko Pablo Archel Domench eta Francisco López Arceiz irakasle eta INARBEko ikertzaileekin batera—. Askotan, horrek hainbat gai uzten ditu enpresek ezagutzera ematen duten kontabilitateko informaziotik kanpo, hala nola atmosferaren kutsadura, biodibertsitatean eragiten den kaltea, genero bazterkeria eta bere dimentsio guztiak edo haur langileak”.

Ikertzailearen iritziz, “gizarte eta ingurumen kontabilitatea kontabilitate guztien unibertsoa litzateke, eta horietako bat baino ez da finantza-kontabilitatea, hots, erabiliena, ezagunena eta, ziurrenik, hitz hori entzutean askori burua etortzen zaien bakarra”. “Ikasgelan irakatsi ohi den kontabilitate tradizionalak enpresen jarduera ekonomiko edo finantzarioa aztertzen du; gizarte eta ingurumen kontabilitateak, aldiz, enpresek gizartean eta ingurumenean egiten duten jarduerari buruzko informazioa ere neurtzen eta ezagutarazten du —azaldu du Javier Husillosek—. Gizarte eta ingurumen kontabilitatearen bidez, erakundeen jarduerek gizartean zer ondorio izaten duten neurtzen eta jakitera ematen da, ikuspuntu holistiko batetik —jarduera ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa elkarrekin erlazionatuz—. Hala, kontabilitate motaren bati ‘garapen jasangarrirako kontabilitate’ esaten ahal bazaio, gizarte eta ingurumen kontabilitatea litzateke hori”.

Bilera bi urtean behin

Nazioarteko bilera hori bi urtean behin egiten da, eta azken hogeietan Espainiako zenbait ikertzailek eta beren unibertsitateek sustatu dute, bai eta ikerketa-zentro eta -talde batzuek ere, eta horien artean nabarmentzekoa da Eskoziako Saint Andrews Unibertsitateko Centre for Social and Environmental Accounting Research (CSEAR) zentroa. Fenomeno hori ingurumenaren aldetik aztertu zuen lehenbiziko bilera Andaluziako hiriburuan egin zen, 1997an, eta Espainian gizarte eta ingurumen kontabilitatearen aitzindari izandako bi irakaslek antolatu zuten: Carlos Larrinaga González Burgosko Unibertsitateko katedradunak eta Francisco Carrasco Fenech Sevillako Pablo de Olavide Unibertsitateko katedradunak. Urteak igaro ahala, indarra hartu du nazioartean gai horri buruzko erreferentziazko ekitaldien artean.

Aurtengo ikertzaileen biltzarrak hizlari gonbidatu hauek izango ditu: batetik, Christine Cooper Edinburgoko Unibertsitateko katedradun eta “Critical Perspectives on Accounting” aldizkari ospetsuaren koeditorea, eta, bestetik, Mauricio Gómez Villegas Kolonbiako Unibertsitate Nazionaleko irakasle (Bogotáko egoitzan) eta “INNOVAR” aldizkariaren zuzendari eta editore nagusi izandakoa 2018ko urtarrila arte.

Topaketa zientifiko honen inaugurazioan Martin Larraza Kintana Ekonomiako, Plangintzako eta Estrategiako errektoreordeak hartu du parte.

Bileraren programa osoa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean dago kontsultatzeko.