Joan eduki nagusira

zoom NUPeko Ingeniaritzako ikasle bat, saio praktiko batean.

NUPeko Ingeniaritzako ikasle bat, saio praktiko batean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak emakumeek egindako ikasketa amaierako lanei buruzko poster lehiaketaren I. ediziorako deialdia egin du. Sarietan 2.700 euro emanen dituen lehiaketa horretan, gradu edo master amaierako lana 2018-2019 ikasturtean defendatu duten NUPeko emakumezko ikasleek har dezakete parte, betiere lanen edukia zientziaren eta teknologiaren esparrukoa bada. Halaber, 2019-2020 ikasturtean NUPeko masterretan matrikulatuta dauden emakumeek ere har dezakete parte, beren gradu amaierako lana beste unibertsitate batean defendatu badute ere. Eskaerak aurkezteko epea urriaren 2an amaituko da. NUPen webgunean dago deialdiari buruzko informazio guztia.

Bi modalitateetako bakoitzean (master amaierako lanen modalitatean nahiz gradu amaierako lanen modalitatean) 900 euroko lehen sari bat eta 450 euroko bigarren sari bat emanen dira.

Urriaren 2a baino lehen, izangaiek poster bat aurkeztu beharko dute, gehienez ere 120 x 90 cm-ko tamainakoa (A0), diseinu horizontala nahiz bertikala izan dezakeena. Ikasleek beren ikasketa amaierako lanaren ideia garrantzitsuenak islatuko dituzte posterrean, eta, geroago, haren edukia defendatuko dute ahoz, bost minutuan, lehiaketaren epaimahaiaren aurrean. Lehiaketa Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Astean eginen da, hots, 2019ko urriaren 7tik 11ra bitarte, Iruñeko Kondestablearen Jauregian.

Deialdiaren oinarrien arabera, epaimahaiak alderdi hauek balioetsiko ditu: ikasketa amaierako lanaren kalitatea eta interesa zientziaren eta teknologiaren esparruari egindako ekarpenarekin loturik; nola dagoen egina posterra, hots, laburra eta argia den eta ongi aurkeztua dagoen; lehiaketaren eguneko azalpenak eta epaimahaikideen galderei emandako erantzunak; eta nola egokitu den izangaia ahozko defentsa egiteko eman zaion denborari.

Emakume gehiago zientzian eta teknologian

NUPek eta Nafarroako Gobernuak aurten sortu duten Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak emakumeek zientzian eta teknologian parte har dezaten bultzatu nahi du, emakume kopurua handiagotuz ZTIM titulazioetan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika, ingelesezko sigletan), bai eta arlo horietako ikerketa sustatu eta haietan genero ikuspegia sartu ere.

Gurutze Pérez Artieda NUPeko Smart Cities Institutuko ikertzailea (ISC) da Katedra honetako zuzendaria; Marisol Gómez Fernández Material Aurreratuen Institutuko ikertzailea (InaMat), berriz, zuzendariordea, eta Edurne Barrenechea Tartas Garapen Digitaleko errektoreordea eta ISC Institutuko ikertzailea, idazkaria.