Joan eduki nagusira

zoom Jasangarritasunari buruzko proiektuaren sustatzaileak argazkia ateratzeko jarrita jantokietako eraikineko emakumezko langileekin (ISS enpresa), Iruñeko Arrosadiko campuseko konpostagailuen ondoan. Ezkerretik eskuinera: Maite Lerín Sánchez, Beatriz Soret Lafraya, Juana Sánchez Santos, Valentina Méndez González, Socorro Espinoza Ordóñez eta Inazio Irigoien Iriarte.

Jasangarritasunari buruzko proiektuaren sustatzaileak argazkia ateratzeko jarrita jantokietako eraikineko emakumezko langileekin (ISS enpresa), Iruñeko Arrosadiko campuseko konpostagailuen ondoan. Ezkerretik eskuinera: Maite Lerín Sánchez, Beatriz Soret Lafraya, Juana Sánchez Santos, Valentina Méndez González, Socorro Espinoza Ordóñez eta Inazio Irigoien Iriarte.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “Arrosadia Living Lab” izeneko proiektua jarri du abian. Jasangarritasunari eta ekonomia zirkularrari buruzko ikaskuntza eta ikerketa sustatu nahi ditu herritarren zientziako eta ingurumen boluntariotzako jardueren bidez. Hala, biohondakinak konpostatzeko ekipamendu bat instalatu da Iruñeko campuseko jantokietako eraikinaren ondoan, eta konposta sortzeko erabiliko da. Behin lortu eta gero, laboreek nola erantzuten duten jakiteko saiakuntzetan erabiliko da materiala. Esperimentuak batez ere erakundeko hogei bat ikaslek eta egresatuk egingo dituzte. Konpostajerako eta datuen bilketarako eta analisirako teknologiei buruzko prestakuntza emango zaie. Nafarroako Gobernuak finantzatzen du ekimena  honako gai hauetarako ematen dituen aurtengo laguntzei esker: ingurumeneko sentsibilizazioa eta hezkuntza, ingurumeneko boluntariotza, lurraldearen zaintza eta herritarren zientzia.

Konpostajeari buruzko ikastaro batean jasoko dute prestakuntza boluntarioek. Ikastaroa hogeita bost ordukoa izango da, eta irailaren 18an hasiko da, asteazkena. Doakoa da, eta hamar saiotan emango da Arrosadiko campuseko instalazioetan, eta, horrez gainera, konpostajeko beste esperientzia batzuk ezagutzeko aukera egongo da. Batez ere NUPeko ikasleei eta erakunde horretako tituludunei dago zuzenduta, baina interesa duen edonork du izena emateko aukera. Horretarako, “online” eskabide bat bete behar da. Honako hauek emango dute ikastaroa: Beatriz Soret Lafraya (Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutuko irakaslea (IS-FOOD), eta Inazio Irigoien Iriarte (Biologia Aplikatuko Diziplina Anitzeko Ikerketa Institutuko irakaslea (IMAB) eta “Fertile Auro” irabazi-asmorik gabeko elkarteko kidea). Ikastaroan parte hartuko dute Joseba Sánchez Arizmendiarrietak eta Ramón Plana González-Sierrak. Konpostajean eta hondakin organikoen kudeaketan adituak dira, eta elkarteko kideak.

Honako hau da ekimenaren izen osoa: “Arrosadia Living Lab: materia organikoaren zikloa ixten cAmpUstaje-aren bidez”. Bi irakaslek sustatzen dute Irakaskuntzako Errektoreordetzaren eta Ikasleen Gaietarako Errektoreordetzaren babesarekin eta Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren parte-hartzearekin.

Campusa, leku pribilegiatua jasangarritasunari buruzko esperimentuak egiteko

“Unibertsitateko campusa jasangarritasunari buruzko ikaskuntzarako eta ikerketarako leku pribilegiatu bihurtzen duten proiektuak izendatzeko erabiltzen da ‘Campus living lab’ edo ‘University living lab’ hitza —azaldu du Beatriz Soret irakasleak—. Ideia luze eta zabal garatu da unibertsitate anglosaxoietan, eta haien bidez mundu osora zabaldu. Egun, unibertsitate ospetsuenek proiektu mota hori dute, eta nabarmentzekoa da campusaren funtzionamendua jasangarritasunaren printzipioekin eta Nazio Batuen Erakundearen Garapen Iraunkorraren Helburuekin (GIH) lerrokatu nahi dutela (esaterako, ekoizpen eta kontsumo arduratsuak -GIH 12-), besteak beste hondakinak beren bizi-zikloan modu ekologiko eta arrazional batean kudeatzera bideratua”.

Beatriz Soret irakaslearen arabera, “campusa laborategi gisa erabiltzeak aukera ematen du ikasleen prestakuntza osatzeko jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren esanahi praktikoaren ikaskuntza eta esperimentazioa ahalbidetzen duten esperientzien bidez”. “Proiektua NUPeko ikasleei zuzendua dago batez ere —erantsi du—. Hori hala da, etorkizunean horiek irakatsiko baitizkiote gizarteari garapen jasangarriaren printzipioak beren lanpostuen bidez eta herritar gisa duten jokabidearen bidez. Ideia horiek eragin handia izango dute kontzeptualizatu badituzte, baina baita ere, eta batez ere, praktikaren bidez esperimentatu eta integratu badituzte”.

Etxeko hondakinen 400 kilo baino gehiago

Bi ikertzaileen arabera, honako hau da proiektuaren xedea: “Elikagaien soberakinek, elikagai iraungiek edo egoera txarrean daudenek sortutako hondakinek eta prestatzean eta kontsumitzean botatako janari hondarrek sortutako problema larriari buruz” kontzientziatzea. “Biztanle bakoitzak urteko sortutako etxeko biohondakinen kopurua oso handia da: Nafarroan 278 kilokoa da, Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Bulegoaren arabera-OPREC. Europar Batasunean, berriz, biztanle bakoitzak elikagaien hondakinen 179 kilo sortzen ditu urtero. Horri berotegi-efektuko gasen isurpen handia gehitu behar zaio. FAO erakundearen datuen arabera, isurpenen % 6,7k elikagaien soberakinetan dute jatorria”, azaldu du Inazio Irigoien Iriartek.

 Bi irakasleek proiektuetan oinarritutako ikaskuntzaren metodologia Ingurumenaren Kudeaketa irakasgaian aplikatuz egindako lana du sorburu ekimenak, bai eta Inazio Irigoien irakasleak zuzendutako beste esperientziak batzuk ere. Esaterako: konpostajeari buruzko proba pilotu arrakastatsu bat garatzea kafetegi-jantokian eta honekin lotutako ikasketen amaierako lanak egitea: konpostaren erabilera barazkiak hazteko. NUPek sustatzen dituen eta jasangarritasunarekin lotuta dauden beste proiektu batzuei gehitu zaie. Esaterako: hondakinen kudeaketa hobetzearen aldeko apustua edo Iruñeko Arrosadiko campusean Sadar errekaren ingurune naturala babesteko proiektu bat.