Joan eduki nagusira

zoom Ekintzailetzari buruzko bilera zientifikoko parte-hartzaileen argazkia, NUPeko Jerónimo de Ayanz Zentroan.

Ekintzailetzari buruzko bilera zientifikoko parte-hartzaileen argazkia, NUPeko Jerónimo de Ayanz Zentroan.

Gaur, irailak 6, ostirala, Espainiako hirurogei ikertzaile bilduko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Arrosadiko campusean (Iruñean), ekintzailetzarekin loturiko bi topaketa zientifikoren karietara: ACEDEren (Ekonomiako eta Enpresen Zuzendaritzako Elkarte Zientifikoa) Enpresa Funtzioaren eta Enpresen Sorkuntzaren Atalaren VIII. Workshopa eta GEMean (Global Entrepreneurship Monitor) oinarritutako ikerketako XIII. Workshopa. “Ekosistema ekintzaileak: lorpenak eta erronkak” goiburupean, adituek “ekosistema ekintzaile” batek izan behar dituen ezaugarriak izango dituzte eztabaidagai. Silicon Valley da ekosistema mota horren adibiderik ezagunena (Kalifornia, Estatu Batuak), esparru teknologikoko korporazio nabarmenen eta gorabidean dauden enpresen egoitza baita.

“Honela definitzen da ekosistema ekintzaile bat: elkarri lotuta dauden eragileen multzoa (jada existitzen diren eragileak nahiz sor daitezkeenak), hots, modu formalean edo ez-formalean elkartzen diren erakunde, instituzio eta prozesuak maila lokaleko ingurune ekintzaile baten barneko jarduna eratu, zehaztu eta hartan esku hartzeko”, azaldu du Martin Larraza Kintanak, Enpresen Kudeaketako Saileko katedraduna eta NUPeko INARBE Institutuko (Inarbe – Institute for Advanced Research in Business and Economics) ikertzailea denak. Martin Larraza Kintana bi topaketa zientifiko horietako batzorde antolatzaileko burua da Ignacio Contín Pilart irakaslearekin batera; azken hori ere sail bereko irakaslea eta INARBEko ikertzailea da.

“Enpresak sortzeko sistemak konparatzeko erabiltzen den estandarra Silicon Valleykoa da —esan du Martin Larrazak—. Hori hala izanik ere, bilera honetan aztertuko dugu ea ba ote duen zentzurik zuzenean kopiatzeak arrakasta eredu hori beste herrialde batzuetan, hala nola Espainian. Beharbada, komenigarriagoa litzateke ingurunearen ezaugarrietan, bezero/erabiltzaileen beharretan, teknologian eta “gobernuak jokatu dezakeen rol erraztailean” oinarritutako ekosistema ekintzaileak sortzea, sortutako eredu ekintzaile horiek bizirik iraun, hazi eta garapen akuilu bihurtzeko aukera izan dezaten. Bilera honen bidez gai honi eta beste batzuei erantzun nahi zaie herrialde eta eskualdeen berezko ezaugarrietara egokituko diren ekosistema ekintzaile eraginkorren diseinuan aurrera egiteko.

Garapen handia ekintzailetzaren inguruko ikerketan

Jerónimo de Ayanz Zentroan (NUPeko ikerketa institutuen egoitzan) eginen den topaketa hau “azken hamarkadetan ekintzailetzaren inguruko ikerketan gertatu den garapen handiaren ondorioa da; izan ere, horri esker autonomia propioa duen ikerketa esparru gisa finkatu da diziplina hori”, adierazi du Ignacio Contínek. “Gainera, jarduera ekintzailea sustatzea Europako eta munduko beste leku batzuetako politika publikoen lehentasunetako bat da oraindik ere, ekintzailetzak berrikuntza eta garapen ekonomiko eta soziala bultzatzen dituela uste baita”, gehitu du.

Honako hauek emanen diote hasiera topaketa zientifiko honi: Cristina Bayona Sáez, NUPeko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea; Manu Ayerdi Olaizola, Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomikoko eta Enpresarialeko Departamentuko kontseilaria; Ana Fernández Laviada, Kantabriako Unibertsitateko irakaslea eta GEM Espainiako zuzendari exekutiboa; eta arestian aipatutako Martin Larraza irakasle eta ikertzailea.

Bileraren programa osoa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean dago kontsultatzeko.