Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Parlamentuak Batxilergoko X. Eztabaida Lehiaketarako deialdia egin dute, eta urriaren 25ean eta 26an jokatuko da. Lehiaketa honetan inskripzioa egiteko aukera dute Batxilergoko ikasketak ematen dituzten Foru Komunitateko ikastetxeek (publikoak eta itunduak). Gaztelaniazko modalitatean, gehienez 16 talde onartuko dira eta euskarazkoan 4, aurreko urteetan bezala.
Parte hartu nahi duten ikastetxeek “online” eskaera bat (gaztelaniaz edo euskaraz) bete eta aurkeztu beharko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunearen bidez, irailaren 26ko 14:30 baino lehenago. Izena emandako ordenaren arabera hautatuko dira ikastetxeak.
Ikastetxe bakoitzak talde bakar batekin parte hartuko du, eta Batxilergoko 2. ikasmailako ikasleek osatuko dute taldea. Gutxienez hiru kide eta gehienez bost kide edukiko ditu talde bakoitzak. Kideetako bat kapitaina izango da. Lehiaketaren oinarriak eta araudia Kultura eta Kirol Unitatearen webgunean daude kontsultatzeko. Gainera, urriaren 18an eta 19an prestakuntzako zenbait saio egingo dira ikastetxeentzat, eta horietan zalantzak plazaratu ahalko dituzte.
Lehiaketa hau NUP eta Nafarroako Parlamentua Unibertsitateko eta Batxilergoko ikasleen artean azken urte hauetan sustatzen ari diren eztabaida-jardueretako bat da. Batxilergoko 2. ikasmailako gazteei zuzendutako prestakuntza eta lehiaketa gisa proposatzen da lehiaketa. Aukera ona da ikasleek hainbat trebetasun gara ditzaten, hala nola jendaurrean mintzatzea, taldean lan egitea, informazioa aztertzea edo argudioak ematea. Beren prestakuntza pertsonalerako interesgarriak izateaz gain, gaitasun horiek unibertsitateko graduko ikasketekin lotutako zenbait gaitasun orokor edo zeharkako osatzen dituzte.
Lehiaketaren garapena
Taldeak elkarrekin lehiatuko dira, aldez aurretik zozketaren bidez esleitu diren aurkako jarrerak defendatuz gai beraren inguruan. Lehiaketan hitz egiteko txanda itxiak daude (sarrera, bi eztabaida-txanda eta ondorioak), eta talde bakoitzaren txandak 17 minutu iraungo du gehienez ere. Urriaren 4an jakinaraziko da zein izango den lehiaketako eztabaidarako gaia, Unibertsitatearen webgunean.
Epaimahaiak alderdi hauek balioetsiko ditu: sarrera, gezurtatze eta ondoriorik onenak, taldearen jarrera, ordena, adierazitakoaren argitasuna, interesa eta erraztasuna, segurtasuna eta gaia menderatzea, inprobisatzeko gaitasuna, mintzaira diskurtsoari begira egokia izatea, eta arintasuna erantzutean.
Hamar urteko eztabaiden balantzea
Orain hamar urte eztabaida lehiaketa hasi zenetik, Nafarroako hogeita hamar bat ikastetxetako 675 ikaslek hartu dute parte.
Iruñean, honako hauek: Calasanz Escolapios, Claret Larraona, Irabia-Izaga, Hijas de Jesús, Liceo Monjardín, Maristas, Miravalles, Nuestra Señora del Huerto, Sagrado Corazón, San Cernin, San Ignacio, Santa Teresa de Jesús, Santo Tomás Dominicas, Iruñeko Arte Eskola, Basoko BHI, Julio Caro Baroja BHI, Navarro Villoslada BHI, Padre Moret – Irubide BHI, Plaza de la Cruz BHI.
Horiei honako hauek gehitu behar zaizkie: Luis Amigó (Mutiloa), Pablo Sarasate BHI (Lodosa), Ribera del Arga BHI (Azkoien), Sancho III El Mayor BHI (Tafalla), Paz Ziganda Ikastola (Atarrabia), San Fermin Ikastola (Zizur Txikia), Barañain BHI (Barañain), Estella BHI (Lizarra), Lekaroz BHI (Lekaroz) eta Marqués de Villena BHI (Martzilla).