Joan eduki nagusira

zoom Navarra LAN Party topaketaren kartela. Aste honetan egingo da, NUPen Arrosadiko campusean.

Navarra LAN Party topaketaren kartela. Aste honetan egingo da, NUPen Arrosadiko campusean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Navarra LAN Party topaketaren bigarren edizioa abiaraziko du bihar, irailak 5, 16:00etatik aurrera, eta etenik gabe iraungo du hilaren 8ra arte (igandea). Teknologiazaleen topaketa horretan, ia bostehun lagun elkartuko dira guztira, gau eta egun, Arrosadiko campusean (Iruñea) esperientziak eta ezagutzak trukatzeko. Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkarteak (ANDITEC) eta NUPek antolatu dute, eta Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak eta Vodafone, Tracasa, MercadoIT eta Bluekiri enpresek babestu. Gainera, jende guztiarentzako hitzaldi eta lantegi batzuk antolatu dira.

Inaugurazio ekitaldi ofiziala ostiralean izango da, hilak 6, 10:00etan Nafarroako Unibertsitate Pabiloian, Arrosadiko campusean (Iruñea). Aurreikuspenen arabera, han izango dira Edurne Barrenechea Tartas NUPeko Garapen Digitaleko errektoreordea, Juan Cruz Cigudosa García Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Ana Elizalde Urmeneta Iruñeko Udaleko lehen alkateorde eta Gobernu Estrategikoko, Merkataritzako eta Turismoko zinegotzia eta Iñigo Aguas Ardaiz Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkarteko presidentea (ANDITEC).

Era askotako jarduerak egitarauan

Navarra LAN Partyrako, era askotako jarduera, hitzaldi eta txapelketak antolatu dira. Alde batetik, zenbait hitzaldi antolatu dira teknologiarekin lotutako gaiei buruz: “blockchain” delakoaren funtzionamendua, teknologiaren eskuragarritasun altua, “big data”ren aplikazioa, gauzen Interneta eta Interneten erabilera segurua, esaterako Bestetik, zenbait aditu ariko dira lantegietan programazioari, gauzen Internetari, 3D inprimaketari eta bideo jokoen garapenari buruzko edukiak zuzenean irakasten.

Bideo joko lehiaketak ere antolatu dira, besteak beste, League of Legends, Fortnite, CSGO eta FIFA19 bideo jokoenak. Bestalde, arte digitaleko lehiaketak ere egingo dira, eta “demoscene” delakoa ikusi ahalko dugu berriz Nafarroan, hau da, makinaren baliabide guztiak erabiliz programatzeko eta arte produkzio bat sortzeko modua. Horrez gainera, sormen artistikoko txapelketak ere egingo dira, argazkigintzaren eta bideoaren ingurukoak.

Topaketak bi gune izango ditu NUPen: “Party Place” izenekoan, NUPen kiroldegian, abiadura handian nabigatzeko ahalmena duten 512 ordenagailu postu egongo dira (segundoko bost gigabyteko abiadurara irits daitezke); “OpenSpace” izenekoan, aldiz, teknologia zabaltzeko doako jarduerak egingo dira nafar guztientzat.

Ekitaldiari buruzko informazio gehiago dago kontsultagai Navarra LAN Partyren webgunean (https://navarralanparty.org) eta Twitter eta Instagram kontuetan (@navarralanparty). Navarra LAN Party proiektuari Nafarroako Gobernuaren MECNA saria eman diote (Mezenasgo Kulturala), gizartearen intereseko ekimena delako.

Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkartea (ANDITEC) irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, 2018an sortua, eta Nafarroan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) zabaltzea eta bultzatzea du helburu, bai eta gizarteari teknologia hurbiltzea eta teknologien inguruko komunitatea sortzea ere.