Guztira, 33 herrialdetako 176 ikaslek Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egingo dute 2019-2020 ikasturteko udazkeneko seihilekoa Unibertsitateak eskaintzen dituen nazioarteko mugikortasuneko bost programen bidez.
Gazte atzerritarrak ongi egokitu daitezen Nafarroan, Nafarroako Unibertsitateko berrogeita hamar bat ikasle boluntariok Buddy Programan hartzen dute parte, hots, Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzak sustatutako harrera-ekimen batean. Programa horretan, NUPeko ikasleen egitekoa da atzerritarrei laguntzea Iruñea eta Unibertsitatea ezagutzen eta beste zenbait kontutan, hala nola bizilekua bilatzen eta zenbait tramite egiten. Nazioartekotze eta Lankidetza Atalak eta Unibertsitate Arretarako Unitateak kudeatzen dute Unibertsitateak berak seihileko bakoitzean ikasle atzerritarrei egiten dien ongietorria osatzen duen ekimen hori. Ongietorriaren barnean beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen dira, besteak beste espainierako doako ikastaro trinko bat astebetez Unibertsitateko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian.
Horrez gain, bisita gidatu bat ere eskaini zaie Unibertsitatean eta Iruñean barrena, bai eta NUPen egin daitezkeen ikasketei eta kultura- eta kirol-jarduerei buruzko informazio hitzaldiak ere.
Nondik etorri dira ikasleak?
Ikasleak (125 emakumezko eta 51 gizonezko) 33 herrialdetatik etorri dira, gehienak Europako herrialdeetatik, baina baita Afrikako, Amerikako eta Asiakoetatik ere.
Europarrak hamalau herrialde hauetakoak dira: Italia (21), Frantzia (20), Alemania (8), Herbehereak (5), Turkia (4), Belgika (4), Polonia (3), Portugal (3), Austria (2), Danimarka (2), Irlanda (1) eta Lituania (1).
Amerikatik datozenak Mexikokoak dira gehienak (17), eta, gero, Estatu Batuetakoak (7), Txilekoak (5), Boliviakoak (5), Perukoak (5), Kolonbiakoak (5), Kanadakoak (4), Brasilgoak (3), Kubakoak (3), Uruguaikoak (2), Argentinakoak (1), Guatemalakoak (1), Hondurasekoak (1), Dominikar Errepublikakoak (1) eta Venezuelakoak (1).
Ikasle gehien bidali dituen Asiako herrialdea Txina da, 20 ikaslerekin; atzetik datoz Japonia eta Taiwan, bakoitza hirurekin, eta Hego Korea birekin. Gainera, Australiatik ikasle bat etorri da.
Nazioarteko eta nazioko truke-programak
Erasmus+ programako 77 ikasle daude (Europar Batasuneko eta beste herrialde batzuetako ikasleekin trukea egiteko). Gainerakoak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren bi programa berekitakoak dira: Palafox Latinoamerikako herrialdeekin trukatzeko programakoak, 28 ikasle; eta Martín de Rada Asiako eta Ozeano Bareko herrialdeekin trukatzeko programakoak, berriz, 24. Bestalde, ISEP programaren bidez (Estatu Batuekin trukeak egitekoa, 6 ikasle), AUIP beken bidez (8 ikasle), Nazioarteko Talentuaren programaren bidez (8 ikasle) eta aldebiko hitzarmenen bidez ere etorri dira beste zenbait.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak 50 herrialdetako goi mailako hezkuntzako 300 erakunderekin hitzarmenak sinatu dituelako daude martxan truke-programak. Bestalde, gogoan izatekoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Espainia osoko emaitza kualitatiborik onenak lortu dituela berriki Europar Batasuneko kide ez diren herrialdeekiko mugikortasun deialdian, 2018-2020 aldirako Erasmus+ programaren esparruan.
Atzerriko 40 ikasle Nafarroako Unibertsitate Publikoan geldituko dira udaberriko seihilekoan ere, zeina 2020ko urtarrilaren 27an hasiko baita.