Joan eduki nagusira

zoom Hiru gazte –bi mutil eta neska bat– Gela Osasungarriaren instalazioetan.

Hiru gazte –bi mutil eta neska bat– Gela Osasungarriaren instalazioetan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) urrian abiaraziko du Gela Osasungarriaren 2019-2020 ikasturteko programa. Proiektua Unibertsitatearen zerbitzu soziosanitarioek eta Berdintasunerako Unitateak bultzatzen dute Unibertsitate Osasungarriaren Planaren barrenean, osasuna, berdintasuna eta ahalduntze pertsonal eta kolektiboa sustatzeko asmoz. Jarduerak gehienbat ikasleentzat pentsatuak dira, baina ekintzaren bat Unibertsitateko kide guztientzat izanen da, “Gorputzaren dokumentua” izenekoa konparazio batera. Honetan, esaterako, emakumearen gorputzean bizitzearen esperientziak konpartitzea da helburua, eta urriko eta azaroko astearteetan izanen da, 18:30etik 20:30era.

Proiektuak hainbat jarduera biltzen ditu, haietako batzuk arlo desberdinetako edo kanpoko elkarteetako irakasleekin elkarlanean antolatuak. Horiek denak ikasturtean zehar eginen dira Ikasgelategiko 028. gelan, horretarako prestatu baitzen 2019ko otsailean ordura arte baino toki zabalagoa izateko. Gela, jarduera eta lantegi horiek egiteko gune ez ezik, erreferentzia puntu izanen da Unibertsitatearen gizarte sarea osatzen duten elkarteak beren bilerak, jarduerak, plangintzak, eztabaidak eta proposamenak egin eta gara ditzaten.

Geletan, besteak beste, gai hauek jorratuko dira: garapenerako lankidetza, autodefentsa feminista, sexu-erasoen ondoko harrera emozionala, norberaren zainketa eta atsedena, komunikazioa, entzuteko gaitasuna eta antsietatea. Programatutako jarduera guztiak Gela Osasungarriaren webgunean kontsultatu daitezke.

Osasun-eragileen Eskola

NUPek, bestalde, aurten ere, Osasun-eragileen Eskolaren beka programa jarri da martxan. Dohaineko lantegi bat da, helburua hauxe duena: ikasleek bizimodu osasungarriagoa izateko trebeziak eskuratzea, eta, ondorioz, eta ingurukoen ongizatea ere bultzatzea. Jarduera honetan, 25 ordu dira prestakuntza teorikoa, eta praktikoa beste 20, betiere osasunerako hezkuntzari lotuak. Prestakuntzak bi ECTS kreditu lortzeko bidea ematen du, baita osasun arloko bitartekariaren ziurtagiria ere.

Osasun arloko Bitartekariak trebatzeko Eskolan gai hauek landuko dira besteak beste: komunikazioa eta emozioen kudeaketa, substantzien kontsumoa, hezkuntza afektibo-sexuala, gorputzaren mugimendua eta adierazpena, osasunaren sustapena, parte-hartze komunitarioa, eta nola bultzatu tratu ona lotura afektiboetan.

Lantegi teorikoak irailaren 26tik martxoaren 26ra bitartean eginen dira, ostegun bat hilabetean alegia, 15:00etatik 18:00ak arte, Arrosadiko campuseko Ikasgelategiko 028. gelan.

Interesa duenak Gizarte Ekintzarako Unitatean lor dezake informazio gehiago (Ikasgelategiko 025. gelara joanez, 948 16 60 64 eta 948 16 62 42 telefonoetara deituz edo mezu bat bidaliz honako helbide elektronikora: unidad.accionsocial@unavarra.es).