Joan eduki nagusira

zoom Zenbait ikasle iazko Ongietorri Jardunaldian

Zenbait ikasle iazko Ongietorri Jardunaldian

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) graduko 31 titulazioetako (25 gradu eta 3 gradu bikoitz) 7.000 ikasle baino gehiago hurrengo astean itzuliko dira geletara Iruñeko eta Tuterako campusetan.

Ikasle guztiek irailaren 3an (asteartea) hasiko dituzte 2019-2020 ikasturteko eskolak, baina lehen ikasmailan matrikulatutako ikasleek (1.920 guztira) hitzordua dute aurreko egunean, irailaren 2an, egun horretan izango baita ohiko ongietorri jardunaldia. Egun horretan, lehen ikasmailako ikasleek informazio-saio batean parte hartuko dute. Ramón Gonzalo García errektorea izango da buru bilera horretan, eta NUPek ikasleen eskura jartzen dituen ikasketen eta zerbitzuen aurkezpenak egingo dira. Lehen ikasmailako ikasleen kopuruari dagokionez, esan behar da abuztuaren 30ean matrikulatu ahal izango diren onartuen zerrenda berri bat argitaratuko dela gaur, abuztuak 28.

Zehazki, Unibertsitatearen webgunean azaltzen denez, Arrosadiko campuseko ongietorri jardunaldian aurkezpen orokor bat egingo da, ikastegi eta fakultateen arabera antolatua (hiru ordu desberdinetan), Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan, eta gero hitzaldi espezifikoak titulazioen arabera Unibertsitateko beste toki batzuetan, hots, Ikasgelategian, Sario eraikinean eta Osasun Zientzien Fakultatean. Tuterako campusari dagokionez, saio guztiak NUPeko ekitaldi-aretoan egingo dira.

Biharamunean hasiko dituzte eskolak graduko ikasle guztiek, irailaren 3an (asteartea). Talde, ordutegi eta ikasgelei buruzko informazioa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.

NUPeko zerbitzuei buruzko informazioguneak

Fakultateetako eta ikastegietako zuzendaritza-taldeetako kideek eta irakasleek informazio-hitzaldiak emango dituzte. Horietaz gainera, Sario eraikineko Fernando Remacha aretoaren inguruan zenbait informaziogune jarriko dituzte Unibertsitatearen, Ikasleen Kontseiluaren eta ikasleen elkarteen zerbitzu nagusiak azaltzeko. Zerbitzuei dagokienez, “online” zerbitzu nagusiei buruzko informazioa emango zaie ikasleei, hots, zerbitzuen atariari eta NireIkasgelategiari buruzkoa.

Zerbitzuen atariaren bidez, Unibertsitatean matrikulatutako ikasleek sarbidea daukate, esaterako, web postara, ikasketa-espedientera, liburutegiko zerbitzu jakin batzuetara edo jarduera eta ekitaldien agendara, bai eta NireIkasgelategira ere. Azken hori irakasteko, ikasteko eta lankidetzan aritzeko plataforma birtual bat da, ikasleek beharrezkoa dutena Unibertsitatean dauden bitartean. Plataformak zenbait zerbitzu eskaintzen dizkie ikasleei, hala nola beren matrikulako irakasgai guztietan sartzeko aukera.