Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera: Raquel Igoa Linares (Sarioko kafetegia-jantokia) eta Amaia Oreja Ostiz eta Julio Muro Erreguerena (NUPeko ikertzaileak) Praktiketarako eta Nekazaritza Ikerketarako Etxaldean, konpostagailuarekin

Ezkerretik eskuinera: Raquel Igoa Linares (Sarioko kafetegia-jantokia) eta Amaia Oreja Ostiz eta Julio Muro Erreguerena (NUPeko ikertzaileak) Praktiketarako eta Nekazaritza Ikerketarako Etxaldean, konpostagailuarekin

Iruñeko Arrosadiko Campuseko Sario eraikineko kafetegi-jantokiak hilabete batean sortutako hondakin organiko guztiak erabiliz konpostajeko proba pilotu “arrakastatsua” egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP).  Proiektuari esker “nabarmen jaitsi da Iruñerriko Mankomunitateari emandako hondakin kantitatea”, Inazio Irigoien Iriarteren arabera. Julio Muro Erreguerenarekin batera sustatu du proba Irigoienek (NUPeko Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko irakasle eta ikertzaileak dira biak). “Sistema hau zabalduko balitz, Administrazioak diru asko aurreratuko luke, beste hondakin motak jasotzeko maiztasuna eta kudeatzeko kostuak jaitsiko bailirateke”, esan du.

“Ekonomia zirkularraren zirkulu biologikoa” ikastaroko hogei ikasleek egin dute konpostaje jarduera.  Fertile Auro hondakinak prebenitzeko eta zuzen kudeatzeko irabazi asmorik gabeko elkarte profesionalak eta NUPek antolatu dute ikastaroa. Ekonomia zirkularraren printzipioak eta arlo horretan eredu diren praktikak aztertu dira monografikoan. Honako hau zen monografikoko praktiketako baten xedea: Sarioko kafetegi-jantokiak sortutako hondakinak jaso, zenbatu, ezaugarritu eta prozesatzea, bai eta konpostaje prozesuaren jarraipena egitea ere. Inazio Irigoienez gainera, honako irakasle hauek parte hartu dute ikastaroan: Ramón Plana González-Sierra, kontsultore independentea hondakinen kudeaketan, Maestro Compostador enpresako hondakin organikoen tratamendu biologikoetan espezializatua; Joseba Sánchez Arizmendiarrieta, Luar Ingurumena enpresaren ingurumen kontsultorea; Montse Guerrero Pérez, Nafarroako Industriaren Elkarteko berrikuntzako eta proiektuetako kontsultorea (AIN); Alfredo Chorraut Aguirre, ANELeko kontsultorea (Nafarroako Ekonomia Sozialeko Enpresen Elkartea) eta NUPeko irakasle elkartua; eta Andoni Iso Tinoco, NUPeko irakasle elkartua.

Afekziorik ez lurrean

Amaia Oreja Ostiz NUPeko ikertzaileak parte hartzen du konpostajearen proiektuan. 800 litroko konpostagailu modular batean egin da. NUPeko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskolak (ETSIA) Sario eraikinaren atzeko aldean duen Praktiketarako eta Nekazaritza Ikerketarako Etxaldean dago konpostagailua. “Prozesua ongi garatu da. Zenbait astez 70 graduak gainditu dira, eta ez da inolako afekziorik sortu lurrean”, laburbildu du Inazio Irigoienek.

“Tokian tokiko hondakin organikoen bioekonomia zirkularra, alderdi sozial eta prestakuntzakoekin” izeneko proiektu pilotuaren barruan dago prestakuntza jarduera hori. Proiektu pilotua Irunberriko Josenea enpresa soziolaboralak sustatu du eta Nafarroako Landa Garapenerako Planaren barruan dago. Nafarroako Gobernuak eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak finantzatu dute.