Joan eduki nagusira

zoom NUPeko campusa

NUPeko campusa

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 816.481 euro lortu ditu Europar Batasuneko Erasmus+ deialdiaren barnean mugikortasun programak garatzeko Europako herrialdeekin eta herrialde elkartuekin, ikasleei nahiz irakasle eta ikertzaileei (I+I) eta administrazioko eta zerbitzuetako langileei (AZL) zuzendurikoak. Hala jakinarazi du berriki Espainiako Erasmus Agentziak (SEPIE).

Lortutako zenbatekoa honela banakatzen da: Europar Batasunaren esparruan 448.925 euro lortu dira, eta horrek aukera emanen die 229 ikasleri kide diren unibertsitateetara mugitzeko eta 35 ikasleri Europako enpresetara mugitzeko, eta, orobat, 20 irakasle atzerrira joaten ahalko dira irakaskuntza ematera eta prestakuntzako 12 bisita egiten ahalko dira Europar Batasuneko unibertsitate eta enpresetan. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kide diren Europako unibertsitateen sarearen barnean 22 herrialde eta goi mailako hezkuntzako 100 erakunde baino gehiago daude.

367.556 euro Europarekin elkartutako herrialdeekiko mugikortasunerako

Bestalde, 367.556 euroko dirulaguntza izanen da NUPeko 104 ikasle eta langile Erasmus programako herrialde elkartuetara mugi daitezen, bai eta herrialde horietako ikasle eta langileak NUPera etor daitezen ere. Unibertsitateko nazioarteko harremanetako eta garapenerako lankidetzako programen esparruan ezarriko dira mugikortasun horiek.

Hauek dira atal honetan sartzen diren unibertsitateak eta herrialdeak, eta bakoitzaren mugikortasun kopurua: Idahoko Unibertsitatea, Estatu Batuak (6), Carletoneko Unibertsitatea eta Montrealeko Unibertsitatea, Kanada (1), Niigatako Unibertsitatea eta Yamaguchi Prefekturako Unibertsitatea, Japonia (12), Pinar del Ríoko Unibertsitatea, Kuba (5), Mayor de San Simón Unibertsitatea, Bolivia (4), Hawassa Unibertsitatea, Etiopia (16), Gaston Berger de Saint Louis Unibertsitatea, Senegal (18), An-Nayah National University, Palestina, (14), Ifraneko Al Akhawain Unibertsitatea eta Rabateko Mohammed V Unibertsitatea, Maroko (14) eta Helwaneko Unibertsitatea, Egipto (14).