Joan eduki nagusira

zoom InaMat institutuko zuzendaritza talde berria. Ezkerretik eskuinera: Fernando Bimbela Serrano, Cristina Gómez Polo eta Blanca Bujanda Cirauqui, NUPeko ikerketa institutuen egoitzan.

InaMat institutuko zuzendaritza talde berria. Ezkerretik eskuinera: Fernando Bimbela Serrano, Cristina Gómez Polo eta Blanca Bujanda Cirauqui, NUPeko ikerketa institutuen egoitzan.

Cristina Gómez Polo katedraduna Materialen Fisikako doktorea eta Zientzien Saileko kidea da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Material Aurreratuen Institutuko (InaMat) zuzendari izendatu dute. InaMat institutua NUPeko ikerketa jardueraren ardatz diren ikerketa institutuetako bat da. Material berrien azterketa eta garapena da InaMaten jarduera nagusia, zenbait arlotan, hala nola osasunean, energian eta ingurumenean. Entitate horrek azken lau urteetan 3,06 milioi euro lortu ditu ikerketa proiektuen bidez. Cristina Gómez Polorekin batera, InaMateko zuzendaritzan arituko dira Blanca Bujanda Cirauqui Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasle titularra, zuzendariorde lanetan, eta Fernando Bimbela Serrano Zientzien Saileko kontratupeko bitarteko irakasle doktorea, idazkari lanetan.

Cristina Gómez Polo 1992. urtean Materialen Fisikako doktoretza lortu zuen Madrileko Unibertsitate Konplutentsean, 1988. urtean Unibertsitate horretan bertan lizentziatura bukatu ondoren. Zientzia Ikerketarako Kontseiluan egindako bere doktoretza-tesiak (CSIC, Materialen Zientzia Institutua, Madril) Doktoretzako Aparteko Saria jaso zuen, eta propietate magnetikoak eta hari amorfo ferromagnetikoen aplikazioak izan zituen aztergai. 1995. urtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi zen lanean irakasle titular gisa, eta, 2011. urtean, katedra lanpostua lortu zuen Fisika Aplikatuaren arloan. Material magnetiko nanoegituratuen propietateak eta aplikazioak ikertu ditu batez ere, sistema amorfoak, nanokristalinoak eta nanopartikulak barne hartuta. Ikerketako bost seiurteko ditu aitortuak, eta 125 lan baino gehiago argitaratu ditu JCRko nazioarteko aldizkarietan (Journal Citation Reports), beste batzuekin lankidetzan. Estatuko eta nazioarteko proiektuetan parte hartu du, zuzenean material magnetiko aurreratuen ikerketarekin loturikoetan.

Gaur egun, Cristina Gómez Polo IEEE Magnetic Society elkartearen Batzorde Teknikoko kidea da, baita elkarte horren Espainiako ataleko idazkaria ere. Era berean, “Journal of Alloys and Compounds” aldizkariko (Elsevier) editorea da, eta “Sensors” aldizkariko (MDPI) argitalpen-kontseilu aholkulariko kidea. Nafarroako Unibertsitate Publikoan aldez aurretik egin dituen unibertsitate kudeaketako jardueren artean, aipatu beharra dago Ikerketako Errektoreordetzaren Azpiegitura Zientifiko Teknologikoen eta Ikerketa Laguntzeko Arloko zuzendaria izan zela 2007ko abuztutik 2011ko ekainera, eta Fisika Saileko zuzendaria 2012ko apiriletik 2016ko maiatzera.

InaMati buruzko oinarrizko datuak

Cristina Gómez Polo buru duen institutuak 80 bat ikertzaile ditu, eta % 40 inguru emakumezkoak dira. Azken bost urteetan, institutuko kideek 350 ikerketa-artikulutik gora argitaratu eta 22 patente erregistratu dituzte.

Azkeneko lau urteotan, InaMateko ikertzaileek I+G+b-ko 91 proiektu garatu dituzte edo garatzen ari dira, 3 milioi eurotik gorako finantzaketa publikoa dutenak. Azken urteetan, institutuaren ikerketa-jarduera hiru arlo nagusitara bideratu da: material adimendunak eta gainestaldura funtzionalak; nanoteknologiako aplikazioak eta materialen karakterizazioa; eta datuen zientzia eta modelatze matematikoa.