Ekintzailetzari buruzko prestakuntza jaso duten NUPeko doktoretzako zenbait ikasle CEINeko langile batzuekin, NUPen.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Nafarroako Doktoretza Eskolak (NADOE) doktoregaien ekintzailetza sustatzen du gai horren inguruko modulu baten bidez, zeina Campus Iberuseko 29 ikaslek egin baitute, hain zuzen Ebro Ibarreko Nazioarteko Bikaintasun Campuseko hiru unibertsitatetatik etorritakoek (Errioxakotik, Zaragozakotik eta NUPetik bertatik). Enpresak Sortzeko Unibertsitateko Laborategiarekin batera sortutako ekimen bat da (LUCE), Nafarroako Berrikuntzaren eta Enpresen Europar Zentroak garatutakoa (CEIN), eta bere helburua doktoretzan egindako ikerketa balioestea eta lan merkatura bideratzea da.
NUPeko programa horren xedea doktoretzako ikasleek beren ikasketetan jarrera ekintzailea garatzea da, baita jarrera ekintzaile hori doktoretza-tesiaren prestaketan eta defentsan islatzea ere. Hala, lan merkatura bideratutako ikuspegi praktikoa eman nahi zaio haien ikerketari.
Doktore ekintzaile baten esperientzia
CEINeko langileek gidatutako moduluak aukera eman du bai ekintzailetza zer den erakusteko, bai ikasketetan sortzen den jakintza aurreratuaren araberako negozio aukera bat identifikatzeko, bai eta enpresa-proiektuak ikerketaren bidez eraikitzeko metodoak erakusteko ere. Gainera, azken urteetan CEINek doktoreei beren enpresak abiarazteko zer-nolako laguntza eman dien erakutsi die moduluak parte-hartzaileei, eta ikerketan oinarritutako enpresak sortu dituzten doktoreen zenbait esperientziaren berri eman die. Horixe da Roberto Díez Martínez Biokimikako, Biologia Molekularreko eta Biomedikuntzako doktorearen kasua, hots, CEINen enpresa-mintegiko Ikan Biotech enpresa bioteknologikoaren sortzaile eta zuzendari exekutiboarena. Zientzialari ekintzaile horrek enpresen sorkuntzan duen esperientziaren berri eman du moduluan, Espainiako eta nazioarteko zenbait zentrotan ibili baita ikertzaile, esaterako Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiaren (CSIC) Ikerketa Biologikoetako Zentroan (CIB) edo New Yorkeko Rockefeller University izenekoan (Estatu Batuak).
Doktoretzako ikasleek beren ikasketen lehenbiziko urtean egiten dute modulu hori, eta aipatu hiru unibertsitateetako doktoretza-programak hauetakoak izan dira: Nekazaritzako Elikagaiak; Osasun Zientziak; Giza eta Gizarte Zientziak, eta Tecomber: Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologiak (NUPekoak guztiak); Osasunaren eta Kirolaren Zientziak; Hezkuntza; Energia Berriztagarriak; Fisika; Geologia; Ingeniaritza Biomedikoa; Ingeniaritza Mekanikoa; Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenarena; Arkitekturaren Lurralde Berriak, eta Animalien Osasuna (Zaragozako Unibertsitatekoak); eta Zientzia Biomedikoak eta Bioteknologikoak; Zuzenbidea eta Aldaketa Soziala; Enologia, Mahastizaintza eta Jasangarritasuna, eta Gizarte Zientziak (Errioxako Unibertsitatekoak).
CEINen ekintzak NUPen
CEINek LUCEren bidez NUPen egiten dituen jardueren barruan dago programa hau, eta ekintzailetza eta proiektuen detekzioa ditu helburu, baita ikasleei, egresatu berriei, ikertzaileei eta irakasleei enpresa berriak abiarazten laguntzea ere.
LUCE Unibertsitate osoarentzako zerbitzu bat da, ekintzailetza sustatzea eta enpresak sortzea bultzatu nahi duena. CEIN da LUCEk eskaintzen duen zerbitzua ematen duena, enpresa-proiektuetarako aholkularitza emanez, ekintzailetzari lotutako jarduerak eta ikasgelako lantegiak antolatuz eta ekintzaileen jardunaldiak eta bisitak gauzatuz. LUCE 2006. urtean jarri zen abian, CEINen, Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen eta Enpresaburu Gazteen Elkartearen laguntzarekin (AJE).