Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiak epea ireki du gaur, abuztuak 19, astelehena, heldu den 2019-2020 ikasturterako matrikula egiteko, eta irailaren 6ra arte egonen da zabalik. Ikasturtea irailaren 9an hasiko da, eta 1.100 ikaspostutik gora eskaintzen dira 90 ikastaro baino gehiagotan. Matrikula Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren webgunean egin behar da, eta egutegi akademikoa webgune horretan bertan kontsultatu daiteke. Ingelesa, frantsesa, alemana, atzerritarrentzako espainiera eta txinera ikasteko ikastaroak eskaintzen dira. Joan den urtean hasi ziren txinera eskaintzen, Zaragozako Unibertsitateko Konfuzio Ikasgelaren bitartez. Horiez gainera, ingeleseko eta frantseseko azterketa ofizialak prestatzeko lantegiak eta ikastaro espezifikoak ere aurki daitezke eskaintzan.
Ikastaroen tipologia unibertsitateko komunitateko talde desberdinek hizkuntza-prestakuntzaren eremuan dauzkaten beharretara moldatzen da. Halaber, ikastaroen diseinuak aukera ematen du hizkuntzen ikasketa norberaren neurrira, beharretara eta mailara egokitzeko, komunikazioa eta parte-hartzea errazten duten eta, azken batean, hizkuntzaren komunikazio gaitasunean benetan aurrera egiteko bidea ematen duten metodoen bitartez.
Ikastaroak unibertsitateko komunitateko kideentzat eta kanpokoentzat
Ikastaroak denentzat dira: bai unibertsitateko komunitateko kideentzat (graduko edo graduondoko ikasleak, irakasle eta ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak), bai NUPeko tituludunentzat, bai eta Unibertsitatekoak ez direnentzat ere. Unibertsitateko ikasle ohiei eta adiskideei zuzendutako A3U Programan izena emana duten kideek deskontu bereziak dauzkate ikastaro horietarako.
Ikastegiko ikasle berriek, hizkuntza bat ikasi nahi eta aldez aurretiko ezagutzak badituzte, beren maila egiaztatu beharko dute, dela egiaztapen ofizial baten bidez, dela ikastegian bertan proba bat eginez (Arrosadiko campuseko Sario eraikina, Iruñea). Proba hori doakoa da, eta, egin ahal izateko, aldez aurretik izena eman behar da, astelehenetik ostiralera, goizez abuztuan eta goizez eta arratsaldez irailean, gaurtik hasita (abuztuak 19, astelehena). Ingelesaren kasuan ordenagailu bidezko test bat eta idazlan bat egin behar dira, eta frantsesaren eta alemanaren kasuan, berriz, ordubeteko iraupena duen proba idatzi bat.
NUPeko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegia
NUPeko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegia duela 20 urte baino gehiago ari da hizkuntzak irakasten, eta 90 ikastarotik gora eskaintzen ditu urtero. Denbora horretan guztian, 27.000 ikasletik gora izan dira bertan.
Gainera, ikasleek Multimedia Baliabideen Zentrorako sarbidea dute. Eskaintzen dituen baliabideen bidez modu autonomoan lan egin nahi duten pertsonei zuzenduta dago zentro hori (multimedia softwarea, kontsultarako materiala, liburuak, aldizkariak eta filmak maileguan hartzeko zerbitzua).
Ikastaro eta zerbitzu horiei buruzko argibide guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren webgunean kontsultatu daitezke, eta, orobat, 948 169791 telefono zenbakira deituta edo helbide elektroniko honetara mezu bat igorrita: centro.idiomas@unavarra.es.