Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Haur eta Lehen Hezkuntzako Montessori hezkuntzari buruzko udako ikastaro bat emanen du datorren astean, euskaraz. Metodo horrek esperimentatzeko eta ikasteko aukera ematen die ikasleei, gozatzen eta beren autoestimua eta autonomia handitzen duten bitartean. Monografikoak “Montessori Pedagogia: material didaktiko batzuk baino askoz gehiago” du izena, eta Berriozarko Kulturgunean eginen da abuztuaren 26an eta 27an. Irekita dago ikastaro horretarako matrikula. Zenbait gai jorratuko ditu, besteak beste: ikasgelako lanerako giroa, materialen azterketa, hezitzaileen rolaren azterketa, edo zenbait herrialdetan bultzatutako eta pedagogia horretan oinarritutako proiektuen aurkezpena. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Unibertsitateko webgunea.

Esther Vicente Cemboráin NUPeko irakasle elkartuak eta Montessori masterduna den Amaia Nazar Vicente Lehen Hezkuntzako irakasleak gidatzen dute ikastaroa. Montessori masterra Bartzelonako Unibertsitateak eta Montessori Nazioarteko Institutuak batera ematen duten titulazioa da. NUPek antolatutako monografikoak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren finantzaketa eta Berriozarko Udalaren lankidetza du.

Erakunde akademikoak hilabete hauetarako antolatu dituen udako hogeita hamar ikastaroetako bat da hau. NUPeko udako ikastaroen webgunean kontsultatu daiteke egiteke dauden monografikoetan izena emateko epeari eta haien edukiei eta prezioei buruzko informazio guztia.