Navarra LAN Partyk, irailaren 5etik 8ra Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egingo den teknologiaren festak, aurtengo topaketarako jarriko diren 512 ordenagailuen nabigazio abiadura boskoiztu du (gehienez ere bost giga segundoko). Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkarteak (ANDITEC) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu dute ekitaldia eta “online” erreserbatu daiteke sarrera. Navarra LAN Partyk Nafarroako Gobernuaren babesa dauka, topaketari MECNA aitorpena eman baitio (Mezenasgo kulturala), bai eta Iruñeko Udalarena eta zenbait enpresarena ere. Esaterako: Vodafone, Tracasa, MercadoIT eta Bluekiri. Iazko irailean egin zen topaketaren lehenbiziko edizioa, eta mila bat lagunek hartu zuten parte.
Navarra LAN Partyrako, era askotako jarduerak, hitzaldiak eta txapelketak antolatu dira. Hitzaldiei dagokienez, adibidez, “blockchain” delakoak nola funtzionatzen duen azalduko da, bai eta “big data” delakoa zertan aplikatu eta Internet modu seguruan nola erabili ere. Bestetik, zenbait aditu ariko dira lantegietan programazioari, gauzen internetari, 3 dimentsiotan inprimatzeari eta bideo jokoen garapenari buruzko edukiak zuzenean irakasten.
Bideo joko lehiaketak ere antolatu dira, besteak beste, League of Legends, Fortnite, CSGO eta FIFA19 bideo jokoenak. Bestalde, arte digitaleko lehiaketak ere egingo dira, eta “demoscene” delakoa ikusi ahalko dugu berriz Nafarroan, hau da, makinaren baliabide guztiak erabiliz programatzeko eta arte produkzio bat sortzeko modua. Horrez gainera, sormen artistikoko txapelketak ere egingo dira, argazkigintzaren eta bideoaren ingurukoak.
Lekua, NUPeko kiroldegian
Topaketak bi gune izango ditu NUPen: “Party Place” izenekoan, NUPen kiroldegian, abiadura handian nabigatzeko ahalmena duten 512 ordenagailu postu egongo dira; “OpenSpace” izenekoan, aldiz, teknologia zabaltzeko doako jarduerak egingo dira nafar guztientzat.
Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkartea (ANDITEC) irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, 2018an sortua, eta Nafarroan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) zabaltzea eta bultzatzea du helburu, bai eta gizarteari teknologia hurbiltzea eta teknologien inguruko komunitatea sortzea ere.
Ekitaldiari buruzko informazio gehiago dago kontsultagai Navarra LAN Partyren webgunean eta @navarralanparty Twitter kontuan.