Joan eduki nagusira

zoom Humberto Bustince katedradun eta ikertzailea.

Humberto Bustince katedradun eta ikertzailea.

Logika eta Teknologia Lausoen Europako Elkarteak (EUSFLAT, ingelesezko siglen arabera) sari bat eman dio Humberto Bustince Sola irakasleari (Uxue, Nafarroa, 1958), “multzo lausoen teoriaren oinarri matematikoei egindako ekarpen bikain eta inspiratzaileengatik eta horiek irudien prozesamenduan eta medikuntzan izandako aplikazio arrakastatsuengatik”. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle (NUP) eta Smart Cities Institutuko ikertzaileak (ISC) irailean jasoko du saria, Pragan (Txekiar Errepublika), eta gisa horretako bigarrena izango du aurten, Espainiako Elkarte Zientifiko Informatikoak eta BBVA Fundazioak Informatikako Sari Nazionala eman baitiote Nottinghameko Unibertsitateko ohorezko irakasle horri.

Europa osoko hainbat ikertzailez osatua dago EUSFLAT elkartea, hain zuzen adimen konputazionalaren eta logika lausoaren eremuetako espezialistez. Azken hori adimen artifizialaren oinarrietako bat da, maiz aplikatzen baita erabakiak hartzeko prozesuan, irudien bidezko diagnostiko medikoan, hizkera naturalaren prozesamenduan, kontrolean edota soziologian, besteak beste.

Beste sari batzuk

Nafar ikertzaileak bestelako aitorpenak ere jaso ditu bere ibilbidean. Esaterako, 2015ean, logika eta teknologia lausoak garatu eta sustatzen dituen International Fuzzy Systems Association nazioarteko erakundeak (IFSA) “fellow” izendatu zuen. Urte berean, halaber, Mikel Galar Idoate NUPeko ikertzailearekin batera, Bustincek sari bat jaso zuen Computational Intelligence Society elkarteak (CIS) editatzen duen “IEEE Transactions on Fuzzy Systems” aldizkarian argitaratutako artikulurik onenarengatik. Aldizkari horren eragin-adierazlea handienetakoa da mundu osoan ingeniaritzari buruz dauden aldizkarien artean. Makinek erabakiak hartzeko egiten duten prozesuan oinarritua dago lan hori, eta epaimahaiak, irabazlea erabakitzeko, adimen artifizialaren inguruko mundu mailako espezialista nagusiei egin zien kontsulta. Era berean, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea eman zion 2017an, “Foru Komunitatearen garapenari, proiekzioari eta prestigioari ekarpen nabarmena egiteagatik”.

            Horretaz gain, mundu mailan eragin handiena eta aipu gehien dituzten zientzialarien zerrendan sartu zuen Clarivate Analytics izenekoak 2018an, hots, jabetza intelektualaren eta zientziaren arloan diharduen eta Thomson Reuters agentziaren adar izan zen konpainiak. Nafar irakasle eta ikertzaile hori, gainera, Jakiunde zientziaren, artearen eta letren euskal akademiako kide osoa da, esparru gurutzatuen mailan. Horrek esan nahi du bere ikerketa-artikuluak hiru diziplina hauekin lotuak daudela: konputazioaren zientziak, ingeniaritza eta matematika. Clarivate Analyticsen “Highly Cited Researchers” zerrenda sailkapen ospetsuenetako bat da nazioarteko komunitate akademikoan eta zientifikoan.

Curriculum laburra

Humberto Bustince Fisika Zientzietan lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean (1983), eta Matematikan doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan (1994). 1991z geroztik NUPen aritu da irakasle eta ikertzaile, eta gaur egun adimen artifizialari buruzko eskolak ematen dizkie Ingeniaritza Informatikoko ikasleei.

Adimen Artifizialari eta Arrazonamendu Hurbilari buruzko NUPeko ikerketa-taldearen sortzailea eta arduraduna da (GIARA), eta 250etik gora artikulu zientifiko eta nazioarteko biltzarretarako 180tik gora ekarpen egin ditu. Gainera, ikertzaile nagusia da bai Espainiako eta bai nazioarteko hogeitik gora proiektutan, eta logika lausoari buruzko bost liburu idatzi ditu beste egile batzuekin batera. Bestalde, ikertzaile gisa izena emana dago Navarrabiomeden (Nafarroako Gobernuaren eta NUPen ikerketa biomedikoko zentroa) eta Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuan (IdisNA).