Joan eduki nagusira

zoom Mikel Izquierdo Redin, NUPeko katedraduna

Mikel Izquierdo Redin, NUPeko katedraduna

Mikel Izquierdo Redín, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Osasun Zientzien Saileko katedraduna eta osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko ariketa fisikoa preskribatzen espezialista, Londresko (Erresuma Batua) King’s Collegeko Medikuntzako eta Bizitzaren Zientzietako Fakultateko ohorezko irakasle bisitari izendatu dute. Europako prestakuntza biomedikoko unibertsitateko zentro handiena da, eta, horrez gainera, Britainia Handiko hamar unibertsitate hoberenen artean dago, eta nazioartean, berriz, 31. lekuan, 2019ko QS Unibertsitateen Munduko Sailkapenaren arabera (QS World University Ranking).

Mikel Izquierdo  lizentziaduna eta doktorea da, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien doktoretzan aparteko sariduna (1997). Bere prestakuntza osatzeko, ikerketa egonaldiak egin zituen Jyväskyläko Unibertsitateko (Finlandia) Ikerketa Neuromuskularreko Zentroan eta Connecticuteko Unibertsitateko (Estatu Batuak) Giza Errendimenduko Laborategian.

2005ean, Nafarroako Gobernuko Kirolaren Azterketa, Ikerketa eta Medikuntzaren Zentroko Ikerketako Unitate Teknikoko izendatu zuten eta han egon zen 2010era arte. Urte horretan, NUPeko Osasun Zientzien Saileko katedra bat lortu zuen jarduera fisikoaren fisioterapiaren eta biomekanikaren esparruan. Horrez gainera, Espainiako Olinpiar Batzordeko Kirol Errendimendu Handiko masterrean irakasten du 1997. urtetik.

Mikel Izquierdo Navarrabiomedeko (NUPen eta Nafarroako Gobernuaren ikerketa biomedikoko zentroa) eta Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuko ikertzailea ere bada (IDISNA).

Indar entrenamenduan aditua

NUPeko katedradunak hainbat ikerketa proiektu zuzendu ditu Biomekanikaren eta Sistema Neuromuskularraren eremuan, interes berezia  jarriaz honako hauen azterketan: indar entrenamenduak eta potentzia muskularrak hainbat kiroletan dituzten ondorioak, zahartzea, populazio bereziak (diabetesa eta obesitatea dutenak) eta errendimendu muskularra. Azterketa horien ondorioz ia 300 artikulu argitaratu ditu nazioarteko aldizkari indexatuetan. Aldi berean, hogei doktoretza tesi baino gehiagoren zuzendaria izan da.

Haren ikerketen artean nabarmentzekoa da  Vivifrail programaren koordinazioa. Programa horrek Europako bost herrialde bildu zituen 2014tik 2016ra bitartean (Alemania, Espainia, Frantzia, Italia eta Erresuma Batua) 70 urtetik gorako pertsonen artean ariketa fisikoa sustatzeko erorikoen eta hauskortasunaren prebentziorako, Europar Batasuneko Osasunaren eta Bizi Kalitatearen Sustapenerako Estrategiaren barruan. Azken erakunde horrek, bere Horizonte 2020 ikerketa eta berrikuntza programaren barruan, lau milioi euro eman ditu programa DIABFRAIL-LATAM proiektuaren bidez Amerikako bost herrialdetan ezartzeko (Argentina, Txile, Kolonbia, Mexiko eta Peru) eta Mikel Izquierdo ariketa fisikoa egiteko preskripzioak koordinatzeaz arduratzen da. Egun, Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroa Ariketa Fisikoko Taldearen, Carlos III Osasun Institutuko Hauskortasuneko eta Zahartze Osasungarriko Taldearen eta Espainiako Gobernuko Osasuneko, Kontsumoko eta Ongizate Sozialeko Funtseko Ikerketa Sanitarioko Funtsaren arduraduna da.

Horrez gainera, 2016az geroztik, Osasunaren Munduko Erakundeko Zahartze Osasungarriko Partzuergo Klinikoko nazioarteko aholkulari aditua da. Adineko pertsonek zahartze osasungarria izan dezaten zainketa integraleko estrategiak garatzeaz arduratzen da partzuergoa. Eskuliburu bat egiteko lanetan ere parte hartu du “Be he@lthy, be mobile” (“Izan osasuntsua, izan mugikorra”) izeneko ekimenaren barruan. Nazio Batuetako bi erakundek bultzatu dute ekimena: Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta Telekomunikazioetako Nazioarteko Batasunak (TNB). Proiektuaren xedea zen diru-sarrera ertain eta txikiak dituzten herrialdeetako osasun sistemetan telemedikuntza edo osasun elektronikoa zabaltzea adineko pertsonen artean, gaixotasun ez kutsakorren aurka borrokatzeko eta zahartze aktibo bat lortzeko.