Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera: Edurne Barrenechea Tartas, Gurutze Pérez Artieda eta Marisol Gómez Fernández, Emakumea, Zientzia eta Teknologia Katedraren arduradunak.

Ezkerretik eskuinera: Edurne Barrenechea Tartas, Gurutze Pérez Artieda eta Marisol Gómez Fernández, Emakumea, Zientzia eta Teknologia Katedraren arduradunak.

Gurutze Pérez Artieda, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Smart Cities Institutuko zuzendaria (ISCEmakumea, Zientzia eta Teknologia Katedrako zuzendari izendatu dute. Unibertsitateak eta Nafarroako Gobernuak aurten sortu dute katedra. Katedraren gidaritzan lagun ditu Marisol Gómez Fernández, Ikerketa Aurreratuen Institutuko ikertzailea,  (InaMat), zuzendariorde lanetan, eta Edurne Barrenechea Tartas, Garapen Digitaleko errektoreordea eta ISC Institutuko ikertzailea, idazkari lanetan. Emakumeek zientzian eta teknologian parte har dezaten bultzatu nahi du Katedrak emakume kopurua handiagotuz STEM titulazioetan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikaren siglak ingelesez), bai eta arlo horietako ikerketa sustatu eta haietan genero ikuspegia erabiltzea ere.

Emakumea, Zientzia eta Teknologia Katedrak urte honetarako proposatutako jardueren programak ezartzen du  “Yo quiero ser científica” antzezlanaren emanaldiak egingo direla abendua bitartean.  Aurreko mendeetako zenbait emakume zientzialariren lana eta bizitza ezagutzera eman dituzte NUPeko bederatzi irakaslek antzezlanaren bidez. Emanaldiak  Iruñeko Planetarioan egingo dira, eta Lehen Hezkuntzako 2. ikasmailatik 6. ikasmailara bitarteko ikasleei zuzenduta daude. Horretarako interesa duten ikastetxeek informazio gehiago daukate Unibertsitatearen webgunean.

Horretaz gainera, emakumeek 2018-2019 ikasturtean NUPeko ingeniaritzako titulazioetan defendatutako ikasketen amaierako lanik onenak saritzeko lehen ediziorako deialdia egingo da (gradukoak eta masterrekoak).

Halaber, Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren lehen astea antolatuko du udazkenean Katedrak, emakume zientifiko eta teknologoen lana ikusarazteko. Jarduera edozein herritarrentzat da, eta ekitaldi hauek egingo dira: NUPeko emakumezko irakasleek emandako zenbait hitzaldi, mahai-inguru bat gonbidatutako emakumezko zientzialariekin, zientziako monologoen ikuskizun bat eta zenbait lantegi, NUPen ikertzen diren gaietako batzuk azalduko dituztenak.

Titulazio teknikoak ezagutarazteko jarduerak ere egingo ditu Katedrak ikastetxe, institutu eta ikastoletan, genero kontuak kontuan hartuz, eta DBHko bigarren zikloko eta Batxilergoko ikasleei zuzenduko zaizkie. Aurrekoen osagarri, beste jarduera hauek egingo dira: txikitan edukitzen diren genero estereotipoei buruzko jardunaldi bat, irakasle eta hezitzaileentzat, bai eta beste edonorentzat ere, eta Emakumeari, Zientziari eta Ingurumenari buruzko programa bat, Nekazaritza Ingeniaritzaren esparruan bokazio zientifikoa sustatzea xede duena.

Irakaskuntza eta dibulgazioa

Emakumea, Zientzia eta Teknologia Katedrako hiru arduradunak irakaskuntza, ikerketa eta dibulgazio lanetan aritzen dira. Gurutze Pérez Artieda, Industria Ingeniaritzan doktorea, Ingeniaritza Saileko irakaslea da; Marisol Gómez, Matematikan doktorea, irakaskuntzan aritzen da Estatistika, Informatika eta Matematika Sailean; eta Edurne Barrenechea, Ingeniaritza Informatikoan doktorea, aurreko irakaslearen sail berekoa da.

“Yo quiero ser científica” antzezlanaren egileak eta interpreteak diren NUPeko emakumezko bederatzi ikertzaileren herena dira hirurak. Zehazki, Gurutze Pérezek Maria Sibylla Merian entomologo eta pintorearena jokatzen du (1647-1717); Marisol Gómezek, Emmy Noëther matematikariarena (1882-1935); eta Edurne Barrenecheak, Ada Lovelace matematikari eta lehen informatikariarena (Ada Byron izenaz ere ezaguna), (1815-1852). Osotara 5.070 pertsonak ikusi dituzte Iruñean, Lizarran, Erriberrin eta Zangozan 2018ko ekainaz geroztik joan den maiatzera bitartean taularatutako 25 emanaldiak, eta ikusle horietatik 4.170 pertsona Nafarroako ikastetxeetako eta Gipuzkoako ikastetxe bateko 8 urtetik 12 urtera bitarteko ikasleak ziren.