Joan eduki nagusira

zoom Pedro Villanueva Irure, NUPeko doktore berria

Pedro Villanueva Irure, NUPeko doktore berria

Itxaropenaren Telefonora deitzen duten gizonen % 3,6k eta emakumeen % 2,4k ideia suizidak dituzte. Osasun mentaleko arazoak baino, arazo emozionalak eta egokitzapen arazoak daude egoera horren atzean. Ideia horren larritasunari dagokionez, % 70 arinak dira, % 19 moderatuak, eta % 11 larriak. Larritasun hori zenbait faktorerekin loturik dago, hala nola aurretiazko suizidio saiakerak, autolesioak, edo alkoholaren eta drogen abusua. Gainera, ideia suizidekin deitzen duten lau lagunetik batek aurretiaz suizidio saiakeraren bat egin duela adierazten du. Errealitate hori ikusirik, Pedro Villanueva Irure Psikologian lizentziadunak (Iruñea, 1953) tresna bat diseinatu du, aukera ematen duena, bere esanetan, “modu zehatzagoan eta efikazagoan heltzeko ideia suizidei eta haien ezaugarriei”. Iruñeko Itxaropenaren Telefonoko hirurogeita hamar orientatzailek probatu dute tresna hori. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesian jaso ditu datu horiek guztiak eta aipatutako tresna Pedro Villanuevak, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.

“Suizidioa osasun publikoko arazo bat da, garrantzi handikoa eta gero eta kezkagarriagoa  —adierazi du Pedro Villanuevak—. Osasunaren Mundu Erakundeak esku hartu behar dela dio, erabiltzen diren bitartekoak eskuratzeko aukera mugatuz, eta osasun mentaleko eta alkoholaren kontsumoa murrizteko programak ezarriz. Osasunaren arloko profesionalen prestakuntza, komunikabideen erantzukizuna eta arriskuan dauden pertsonen identifikazio goiztiarra ere funtsezkotzat jotzen ditu.

Testuinguru horretan, “helplines” edo laguntza lineak, Itxaropenaren Telefonoa kasurako, bost kontinenteetan banatutako laguntza emateko erakundeak dira. “100.000 boluntario baino gehiago ari dira haietan lanean pertsonen osasun emozionala zaintzen”. “Jasotzen dituzten deien artean, nabarmen agertzen dira ideia suizidak. Frogatuta dago boluntario horien jarduketa efikaza dela eta deitzaileen afektibotasun negatiboa eta ideia suizidak murriztu egiten direla deiak aurrera egin ahala. Hori hala izanik ere, kezka dago suizidio arriskua ebaluatzeko sistemen kalitatea eta gabezia ikusirik”, azaldu du Itxaropenaren Telefonoan psikologo boluntario gisa aritu den ikertzaileak. Zerbitzu horretan ari zela, egiaztatu zuen “orientatzaileek prestakuntza espezifikoa behar dutela, eta, orobat, telefono bidezko esku-hartzean laguntzeko tresna bat, jarduketa efikazagoa izan dadin”.

Ideia suizidak dituztenen profila

Javier Fernández Montalvo eta Alfonso Arteaga Olleta NUPeko irakasleek zuzendutako doktoretza-tesian, Pedro Villanuevak Itxaropenaren Telefonoa erabiltzen dutenen profila aztertu du. “Ideia suizidekin deitzen duten gizonek 44 urte dituzte batez beste, ezkongabeak dira eta lana dute; emakumeek, berriz, 49 urte dituzte batez beste eta langabezian daude. Deiak ia berdin banatzen dira bi sexuen artean: emakumeen % 52k eta gizonen % 48k eskatu dute laguntza, hots, aldatu egin da gizonek gehiago deitzearen aldeko joera”, gehitu du ikertzaileak. Gainera, egiaztatu du udan dei gehiago izaten direla, batez ere gauez eta asteburuetan.

“Porrot eta bakardade sentimenduak, harrapatua sentitzea eta zentzurik ez aurkitzea maizago ikusten ditugu depresioa edo osasun mentalarekin loturiko beste arazo batzuk baino —azaldu du—. Gizonak, emakumeak baino gehiago, harrapatuak sentitzen dira, itxaropen falta eta bizitzaren zentzurik eza agertzen dute, eta, horrez gain, alkoholaz eta drogez abusatzen dute eta nortasunaren nahasmenduak izaten dituzte”. Pedro Villanuevaren lanaren arabera, 50 urtetik gorakoek gaixotasun fisikoekin, depresioarekin eta bakardadearekin loturiko arazoak izaten dituzte batez ere, eta adin horretatik beherakoek, berriz, ideia suizida larriagoak eta arazo psikopatologiko handiagoak. “Porrot sentimendua, harrapatua sentitzearena edo zentzurik eza depresioarekin batera gertatzen direnean, suizidio arriskua halako bi handitzen da”, esan du.

Suizidio arriskua ebaluatzeko tresna bat

Pedro Villanueva diseinatutako tresnak ATENSIS du izena (Atención en crisis - Arreta krisialdietan). Suizidio arriskua ebaluatzeko prozesu bat barne hartzen duen datu-base bat da, eta, prozesu horrek “arrisku faktoreak identifikatzen ditu eta ideia suizidaren inguruko guztia ebaluatzen du, neurri eskala berrienak eta jokabide suizidaren gaineko teoria garrantzitsuenak aintzat hartu eta esku hartzeko jarraibideak ematen ditu, eta aukera ematen du 112arekin SMS bidez konektatzeko”. “Hartara, honela gauzatzen da ebaluazio prozesua: arrisku faktoreak, alarma seinaleak eta ideia suizidak dauden edo ez identifikatzen da —adierazi du—. Ideia suizidak baldin badaude, ideia horiek eta beren larritasuna eta indarra aztertzen dira; era berean, begiratzen da ea aurretik jokabide suizidaren bat izan ote duen, egin dituen saiakerak zenbateraino izan diren hiltzera iristeko modukoak, eta, orobat, zein diren bai hiltzeko bai bizitzeko dituen arrazoiak. Azkenik, suizidio arriskuaren maila ezartzen da: baxua, moderatua, altua edo oso altua, eta orientazioak ematen dira arrisku maila horretarako egokia den esku-hartzeari buruz”.

Iruñeko Itxaropenaren Telefonoan ari diren hirurogeita hamar orientatzaileek, jokabide suizidari eta tresna horren erabilerari buruzko prestakuntza jaso ondoren, tresna erabili zuten 2016ko otsailetik 2018ko abuztura bitarte, ideia suizidak agertu zituzten deien lagin bat hartuta.

“Doktoretza-tesi honek esku-hartze terapeutikorako ezagutzak ematen ditu. Esku-hartze hori, alde batetik, laguntza lineetako orientatzaileek egin dezakete, betiere behar bezalako prestakuntza badute ideia suizidekin loturiko faktore emozionalekin, eta beste inguruabar garrantzitsu batzuetan ere bitartekari aritzen lagunduko die, hala nola bakardade kasuetan. Bestetik, lotutako faktoreak identifikatzeari esker, profesionalek modu zehatzagoan eta efikazagoan heltzen ahalko diete ideia suizidei eta haien ezaugarriei. Era berean, jarduteko esparru bat proposatzen du laguntza lineentzat, hiru ardatzetan oinarritzen dena: bertako langileen prestakuntza, halako dei baten aurrean modu efikazean jarduten jakin dezaten, kontuan hartuta azken helburua pertsonen segurtasuna dela; suizidio arriskua ebaluatzeko sistemak sartzea, baita gizarte eragileekin sarean lan egiteko komunikazio sistemak ere, osasun sare publikoa eta larrialdi zerbitzuak barne hartuta; eta, azkenik, jarraipena, tratamendua eta deribazioak egiteko sistemak abian jartzea”, amaitu du.

Curriculum laburra

Pedro Villanuevak 36 urteko karrera profesionala egin zuen Nafarroako Kutxan, bertan lan egin baitzuen 1968tik 2004ra. Han lanean ari zela, Hezkuntzaren Zientzietako lizentzia lortu zuen Nafarroako Unibertsitatean, Marketineko Adituaren titulu berekia egin zuen NUPen, eta Zuzendaritza Orokorreko Programa bat (PDG) IESEn.

Hortik aurrera, bere unibertsitateko prestakuntzarekin jarraitu zuen. Hala, 2008an Psikologiako lizentzia lortu zuen Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean (UHUN), Orientazio Klinikoaren espezialitatean; 2015ean Portaeraren eta Osasunaren Zientzien Metodologiako Unibertsitate Masterra egin zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, Konplutentsean eta UHUNen; eta 2011n Logoterapiako Adituaren titulu berekia egin zuen Comillaseko Unibertsitatean. Azkenik, aurten Psikologiako doktoretza lortu du NUPen.

Irakaskuntzako esperientziari dagokionez, Pedro Villanuevak prestakuntza eman du “Asociación Española Clínica Cognitivo Conductual” elkartean (2010-2016) eta, jokabide suiziden prebentzioaren eta esku-hartzearen alorrean, prestakuntza eman du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan (NAPI) (2014-2015), Itxaropenaren Telefonoan (2013-2019) eta beste erakunde batzuetan (2013-2019). Gainera, boluntario gisa aritu da gazteen taldeekin La Providencian eta Nuevo Futuron, eta psikologo boluntario gisa Itxaropenaren Telefonoan eta Besarkada-Abrazo elkartean.