Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) azaroaren 22ra bitarteko epea ireki du zailtasun ekonomikoak dauzkaten ikasleek 2019-2020 ikasturteko matrikula ordaintzeko laguntzak eska ditzaten. NUPen graduko eta graduondoko ikasketetan matrikulatutako ikasleei zuzenduta daude laguntzak (graduondokoen kasuan, lanbide arautuetan aritzeko gaitzen duten masterretarako).
Honako hau da beka programaren helburua: dirulaguntza ematea matrikula ordaintzeko zailtasun ekonomikoak dituzten eta, zailtasun horiek direla-eta, unibertsitateko ikasketak uzteko arriskuan dauden ikasleei.
Beka hauek bateragarriak dira NUPeko matrikularako ez diren beste zenbait laguntzarekin . Halaber, beste beka bat lortu badute, beka horrekin ere bateragarriak izango dira, baldin eta beka horrek matrikularen % 100 ordaintzen ez badu, Horrelakoetan, matrikula osorik finantzatzeko falta den kopurua emango zaie gehienez ere. Edonola ere, ikasleek beka eskatu behar izan diete Hezkuntza, Zientzia, Kultura eta Kirol Ministerioari, Nafarroako Gobernuari edo Eusko Jaurlaritzari, betiere baldintzak betetzen badituzte, eta ez dute eduki behar unibertsitate titulurik (gaitzen duen master baterako beka eskatu ezean). Informazio guztia, deialdiaren oinarriak eta eskabideen inprimakiak Unibertsitatearen webgunean daude eskuragarri.
Hartzaileen profila
Unibertsitatearen arabera, ikasle bat zailtasun ekonomikoko egoeran dagoela ulertuko da bere bizikidetza-unitateetako sostengu nagusiak langabezian daudenean, edo beren diru-sarrerak asko murriztu direnean. Langabezia eta gizarteratze sariak edo beste batzuk jasotzen dituzten familia-unitateetako kideak diren ikasleak ere egoera ekonomiko larrian daudela ulertzen da. Azkenik, oinarrietan ezarritakoaren arabera, goiko egoeren astungarriak dira aitaren, amaren edo bien heriotza; aitaren, amaren edo familiako beste kide batzuen osasun arazoak, betiere ikaslea lan merkatura sartzea oztopatzen badute; mantenu saririk jasotzen ez duten eta/edo desoreka-pentsioak dauzkaten guraso bakarreko familiak; edo etxegabetzeak.
Laguntza eskaerak NUPeko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira. Aurkeztu eta gero, eskatzaileak Gizarte Ekintzarako Unitatearekin jarriko da harremanetan. Unitate honek aztertuko ditu laguntza-eskaera guztiak.