Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) graduko ikasleek irailaren 3an (asteartea) hasiko dituzte 2019-2020 ikasturteko eskolak. Aurreko egunean, irailaren 2an, astelehena, lehenengo mailan matrikulatutako ikasleek Ongietorria emateko jardunaldian hartuko dute parte. Informazio saio horretan, Unibertsitatean ikasten hasiko diren ikasleek aukera izango dute erakundearekin lehen harremana edukitzeko.
Halaber, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onetsi duen egutegi akademiko honetan, graduko titulazioetako eskolak emateko eta ebaluazio jarraitua egiteko aldiak jaso dira: irailaren 3tik hurrengo urteko urtarrilaren 11ra arte, udazkeneko seihilekoari dagokionez, eta urtarrilaren 27tik maiatzaren 29ra arte, udaberriko seihilekoari dagokionez. Gainera, errekuperazioko ebaluazio aldi bat ezarri da, urtarrilaren 13tik 24ra, udazkeneko seihilekorako, eta ekainaren 1etik 12ra, udaberriko seihilekorako.
Unibertsitate masterren kasuan, egutegiak ezartzen du eskolen hasiera irailaren 10etik 23ra bitartean izango dela, master bakoitzeko zuzendaritza akademikoak erabakitzen duenaren arabera. Edonola ere, eskolak emateko irakastaldia eta ebaluazio aldia irailaren 9-23tik otsailaren 28ra izango da, udazkeneko seihilekorako, eta otsailaren 3tik ekainaren 26ra, udaberriko seihilekorako. Ohiz kanpoko ebaluazioa ekainaren 29tik uztailaren 4ra eta uztailaren 15etik 18ra izango da.
Oporrak eta jai akademikoak
Egutegiak ezartzen duenez, Eguberrietako oporrak abenduaren 22tik urtarrilaren 6ra izango dira, eta Aste Santukoak apirilaren 9tik 19ra. Apirilaren 20a, astelehena, Unibertsitatearen Eguna izango da; beraz, jaieguna izango da ondorio guztietarako.
Azkenik, jaiegun akademiko partikular hauek ezarri dira: abenduaren 14a (San Joan Gurutzekoa), Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean; urtarrilaren 7a (San Raimundo Peñafortekoa), Zientzia Juridikoen Fakultatean; martxoaren 8a (San Joan Jainkoarena), Osasun Zientzien Fakultatean; martxoaren 19a (San Jose), Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan (TIIGMET); apirilaren 5a (San Vicente Ferrer), Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean; eta maiatzaren 15a (San Isidro Nekazaria), Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan (NIGMET). Hala ere, fakultateek eta eskolek jai hauek aldatzen ahal dituzte akademikoki komeni zaienaren arabera.