Joan eduki nagusira

Herritarren zientziari buruzko proiektu baten bidez lortu du Marta Torres Gonzálezek (Iruñea, 1975) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Graduatu titulua. Iruñerriko 6 urtetik gorako hezkuntza-aldi guztietako sei ikastetxek hartu dute parte proiektuan: hasi Lehen Hezkuntzatik eta Batxilergora eta Lanbide Heziketara, hezkuntza berezia barne. Hamabi irakaslerekin lankidetzan, parte-hartzaileek (guztira 150 pertsonak) “materia organikoaren zirkulua itxi dute konpostajearen bidez eta barazkiak ikastetxean bertan haziz”, ikaslearen arabera, ikastetxean sortutako konposta elikagaiak sortzeko ongarri gisa erabil daitekeela frogatu baitute. “Aukera bat da ikasgelan landare jatorriko eta hurbileko produktuak eta elikadura osasungarria sustatzeko eta lehen sektorea ezagutarazteko”, esan du gradu amaierako lan honen egileak. Inazio Irigoien Iriarte Nafarroako Unibertsitate Publikoko Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko irakasle eta ikertzaileak egin du lanaren tutoretza. Hauek finantzatu dute lana: Landa Garapenerako Nekazaritzako Europar Funtsa-Nafarroako Gobernuaren Landa Garapeneko Programa 2014-2020  (“Gizarte eta prestakuntza alderdiak barruan dituen  hondakin organikoen bioekonomia zirkularreko proiektu lokal pilotua”).

Hauek dira sei ikastetxe parte-hartzaileak: Doña Mayor de Navarra eta Patxi Larrainzar ikastetxe publikoak, El Molino hezkuntza bereziko ikastetxea, Nekazaritzako eta Basozaintzako Ikastetxe Integratua eta Mendillorri BHI (denak Iruñekoak) eta Isterria Hezkuntza Bereziko Ikastetxea (Iberokoa). Sei ikastetxeetatik hiru Ikastetxe Jasangarrien Sarekoak dira.

zoom Marta Torres, bere gradu amaierako lanaren zuzendariarekin, Inazio Irigoien irakaslearekin

Marta Torres, bere gradu amaierako lanaren zuzendariarekin, Inazio Irigoien irakaslearekin

“Lanak herritarren zientziako proiektu sinple eta kostu txikiko bat proposatzen eta ebaluatzen du, eta ikastetxean gauzatu daitekeena —azaldu du Marta Torresek. Lanaren egilea Ingurumeneko teknikari aritzen da Iruñeko udaletxean—. Urazak tetrabriketan hazten dira hipotesi hau egiaztatzeko: ikastetxean sortutako konposta ongarri gisa erabil daiteke elikagaiak sortzeko. Emaitzekin, herritarren zientzia ezagutarazi nahi da, eta horren bidez jendeak oro har jarduera zientifikoetan parte hartzen du eta herritarrek ikerketari ekarpen aktiboa egitea sustatzen da, eta, hedaduraz, ikasleak ahalduntzen dira jakintzaren sortzaile eta dibulgatzaile aktibo izateko”.

Askotariko produkzioa konpostaren arabera

Gradu amaierako lanaren ondorioen arabera, hasierako hipotesia berretsi dute kanpoaldean edo negutegian egindako saiakuntzek: elikagaiak sortzeko erabil daiteke ikastetxeko konposta.  Alabaina, ongarri diferenteetan landutako landareek erantzun diferenteak izan dituzte, “erabilitako kontzentrazioaren arabera. Beraz, ikastetxeetan sortutako konpostaren ezaugarriak ezagutzeko premia handiagoa da nekazaritzako ekoizpenean ahalik eta ongien erabiltzeko”. “Bibliografian jasotzen denez, konposta edukiontzian lantzeko substratu gisa erabili behar denean, baliteke konpost purua erabiltzea edo % 25-50ean nahasia beste material batzuekin bolumenean —azaldu du Marta Torresek—. Saiakuntzak frogatzen du % 75ekoa dela kontzentrazio egokia analizatutako konpost hauetarako, sukaldeko hondakinen hondarrekin egindako hondakin solidoen konpostaren kasuan, eta % 100ekoa, berriz, sukaldeko hondakinen hondarrik gabeko konpostaren kasuan”.

Egilearen iritzian, herritarren zientziako esperimentu honek “ikaskuntza hobetu du ikasleen parte-hartzeagatik, ikastetxeetan egindako inkesten emaitzen arabera”. “Zikloa gorabehera, esperimentua burutu duten ikastetxe guztietan da bideratu eta aplikatu daiteke, helburu akademikoak, metodologia praktikoa eta ebaluazioa egokituz”, aipatu du Marta Torresek. Nekazaritza Ingeniaritzako titulua lortu zuen 1999an, NUPen, eta, besteak beste, ingurumeneko teknikari aritzen da Barañaingo eta Iruñeko udaletxeetan eta Nafarroako Gobernuan.

zoom Iruñeko Patxi Larrainzar ikastetxeko hainbat ikasle konposta prestatzen

Iruñeko Patxi Larrainzar ikastetxeko hainbat ikasle konposta prestatzen

zoom Nekazaritzako eta Basozaintzako Zentro Integratuko ikasleak proiektua egiten

Nekazaritzako eta Basozaintzako Zentro Integratuko ikasleak proiektua egiten