Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) zenbait diziplinatako 29 irakasleak dibulgazio zientifikoko 141 hitzaldi eman dituzte 2018-2019 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoko eta Lanbide Heziketako (LH) berrogei ikastetxetan. Jarduera hori Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak bultzatu du bere Kultura eta Kirol Unitatearen bidez, eta José Basilio Galván Herrera irakasleak koordinatu du (Ingeniaritza Sailekoa), ikasleei zientziaren eta teknologiaren inguruko gaien aukera zabal bat aurkezteko xedez.
Hitzaldiak 2005-2006 ikasturtean ematen hasi ziren, ikastetxeetan bertan, eta Batxilergoko edo Lanbide Heziketako ikasleentzat daude prestatuak. Halaber, hitzaldiok gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez eskaintzen dira, eta sei bloke handitan daude antolatuak: Naturaren Zientziak, Fisika eta Teknologia, Matematika, Kimika, Ekonomia eta Gizarte Zientziak. Joan den urtean, 116 hitzaldi eman ziren Nafarroako 35 ikastetxetan.
Aurtengo edizioan parte hartu duten berrogei ikastetxeetatik, 18 Iruñekoak dira (Basoko BHI, Biurdana BHI, Iñaki Ochoa de Olza DBHI, Iturrama BHI, Julio Caro Baroja BHI, Navarro Villoslada BHI, Padre Moret-Irubide BHI, Mendillorri BHI, Plaza de la Cruz BHI, CI Agroforestal II, Donapea IIP, Virgen del Camino IIP, Calasanz/Escolapios ikastetxea, Claret Larraona ikastetxea, Sagrado Corazón ikastetxea, San Cernin ikastetxea, CIP Concertado Salestarren IIP hitzartua eta Monjardín lizeoa). Gainera, Iruñerriko beste zortzi ikastetxek hartu dute parte: Alaitz BHI (Barañain), Askatasuna BHI (Burlata), Barañain BHI, Ibaialde BHI (Burlata), Zizur Mayor BHI (Zizur Nagusia), Imarkoaingo CENIFER, Burlata LHII eta Santa María la Real/Maristas ikastetxea (Sarriguren).
Azkenik, gainerako hamalauak Nafarroako beste herri batzuetakoak dira: IIP Politeknikoa (Tafalla), Altsasu BHI, Amazabal BHI (Leitza), Benjamín de Tudela BHI (Tutera), Ega BHI (San Adrian), Lekaroz BHI, Pablo Sarasate BHI (Lodosa), Marqués de Villena BHI (Martzilla), Ribera del Arga BHI (Azkoien), Sancho el Mayor BHI (Tafalla), Sierra de Leyre BHI (Zangoza), Tierra Estella BHI (Lizarra), Toki Ona BHI (Bera) eta Valle del Ebro BHI (Tutera).
Hitzaldien gaiak
Hauek dira ziklo honetako hitzaldien izenburuetako batzuk: “Sukaldaritzaren misterio zientifiko batzuk”, “Astronomia eta Matematika”, “Biomasa eta bioerregaiak”, “Gure elikaduraren bidez mundua aldatzen”, “Nola ikusten den zure etxea satelite batetik”, “Kriptografia: isileko gako eta mezuak”, “CO2-a lantzen: klima aldaketa eta lurraren erabilerak”, “Estatistikaren erabilera hedabideetan”, “Biologia Molekular eta Zelularraren oinarri diren esperimentuak”, “Nafarroako geologia: paisaiatik harrira”, “Zinema eta Matematika hizpide”, “4.0 industria: industria-iraultza digitala”, “Adimen artifiziala”, “Internet: bilakaera teknologikoa eta iraultza soziala”, “Materialak Ingeniaritzan”, “Finantza krisia eta kapitalaren merkatuak”, “Zergatik hazten dira zuhaitzak? Zer esaten ahal diguten zuhaitzek inguratzen gaituen giroaz”, “Suteen prebentzioa: kimikaren ikuspegia”, “Gizakiak kliman eta ekosistemen bioaniztasunean duen eraginari buruzko gogoetak”, “Sistema energetikoa eta ingurumen eragina”, “Ekonomia zirkularreko lantegi praktikoa”, “Zure garunak engainatzen zaitu (eta arrazoiak dauzka horretarako)” eta “Hara!, zulo beltz batean erori naiz... hau zoritxarra!”.