Joan eduki nagusira

zoom Ikasle batzuk.

Ikasle batzuk.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) abuztuaren 6an, astelehena, zabalduko du sei "zero ikastaro"tan izena emateko epea, heldu den 2019-2020 ikasturtean Gradu ikasketetan hasiko diren ikasleentzat. Monografiko horiek abuztuaren bigarren hamabostaldian emango dira, eta helburua dute ikasleei, bakoitza zein titulaziotan matrikulatu den, bere titulazioari buruzko gaietarako sarrera ematea, beren Batxilergoko edo Lanbide Heziketako prestakuntza sendotzeko eta Unibertsitatean erabilgarriak gertatuko zaizkien oinarri metodologikoak emateko. Matrikula interneten bidez egin behar da, abuztuaren 5etik 9ra bitartean, Unibertsitatearen webgunearen bidez.

Hauek dira ikastaroak: Estatistika, Adierazpen Grafikoa, Fisikaren Hastapenetako pare bat ikastaro eta Matematikako beste zenbait ikastaro. Azken bi kasu hauetan, monografiko horiek bereiz ematen dira: batetik, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien goi mailako Eskola Teknikoko (TIIGMET) ikasleentzat, eta, bestetik, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIGMET) ikasleentzat.

Hogei orduko ikastaroak

Ikastaroek izango dituzten egunak, orduak eta titulazioak ikusgai daude NUPen webgunean. Hogei ordukoak diren ikastaro horietan parte-hartzeak ez dakar irakaskuntza kredituen aitorpenerako eskubiderik.

Onartuen zerrendak abuztuaren 13tik aurrera argitaratuko dira Arrosadiko campuseko Administrazio eta Kudeaketa eraikineko iragarki oholean, Iruñean, eta  Unibertsitatearen webgunean. Ikastaroa ematen ez bada eskatzen den gutxieneko ikasle kopurura iritsi ez delako (15 ikasle), ordaindu diren tasak itzuliko dira matrikula egitean ikasleak eman duen kontu korronteko zenbakian.