Joan eduki nagusira

zoom Aplikazioaren azalaren irudia

Aplikazioaren azalaren irudia

Esperanza Bausela Herreras Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Osasun Zientzien Saileko Psikologia Ebolutiboko eta Hezkuntzaren Psikologiako irakasleak aplikazio baterako prototipoa diseinatu du haurren “funtzio exekutiboak” hobetzeko. “la Caixa” Gizarte Ekintzak, Nafarroa Kutxa Fundazioak eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren Tuterako ordezkaritzak (UHUN) finantzatu dute prototipoa. Gaztelaniazko eta euskarazko bertsioak ditu, eta Valentziako Essedi enpresak izan du exekuzioa garatzearen ardura. Orain, kanpoko finantzaketa bilatu nahi dute proiektua erabat garatzeko.

“Funtzio exekutiboak” garapenarekin loturiko zeharkako gaitasunen multzo bat dira (kognitiboak eta emozionalak). Aplikazioa zailtasunak dituzten haurrentzat pentsatua dago bereziki (espektro autistako nahasmenduak, arreta defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua, eta bestelako ikaskuntza arazoak), nahiz eta haur guztientzat erabil daitekeen. Gurasoei zein hezitzaileei zuzenduta dago. Aplikazioan esku hartzen dute, alde batetik, helduek, ikasleari ariketak jartzeko (gainera, emaitzen jarraipena eta monitorizazioa egin daiteke), eta, bestetik, haurrek, ariketak egiteko.

Ariketak, gaien arabera multzokatuta

Ariketak gaika multzokatuta daude, “funtzio exekutiboak” kontzeptuaren barnean sartzen diren dimentsio nagusiak aintzat hartuta. Hauek dira lantzen direnak: malgutasuna (adibidez, jarduera batetik beste batera pasatzeko erraztasuna), erregulazio emozionala (norberaren eta besteen emozioei antzematen jakitea), serieak (ordenatzeko gaitasuna, zenbaki kardinalen eta ordinalen kontzeptua garatzen laguntzen duena), laneko memoria (zenbakiak, ordena zuzenean eta alderantzizkoan), ekimena (istorio bat kontatzea), kategorizazioa (klaseen sailkapen hierarkikoak), arreta (selektiboa), plangintza (bidexkak) eta arrazoitze emozionala (zer egiten du lagun on batek? edo zer esaten diozu zeure buruari norbaitekin hasarretzen zarenean? dira atal honetan planteaturiko galderetako batzuk).

Ariketa errazak dira. Batez ere, mota honetakoak dira: multzokatzea, emozioari antzematea marraztuta agertzen den aurpegiaren arabera, galderei erantzutea, margotzea planteaturiko eredu bati jarraikiz, edo marrazkiak eta hitzak gezien bidez lotzea, besteak beste.

Ikertzailearen curriculum laburra

Esperanza Bausela Herreras Psikologiako eta Hezkuntzaren Zientzietako doktorea eta Psikopedagogiako lizentziaduna da —bi tituluak Leongo Unibertsitatean eskuratuak—, eta, halaber, Hezkuntza Berezian espezializatutako irakaslea —Valladolideko Unibertsitatean—. Master bat baino gehiago ditu, baita graduondoko ikasketak ere, gaitasun handiak edo ADHN dituzten ikasleen arretari, diagnostikoari eta haiekin izan beharreko esku-hartzeari buruz, eta aniztasunaren arretari eta hezkuntza inklusiboari buruz.

Bere ikerketa-lerroak hauek dira: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako funtzio exekutiboak, eta irakurketa, matematika eta zientzia gaitasunetako errendimendua PISA txostenetan. Ikerketa talde hauetako kide da: “Garapen Psikologikoa eta Hezkuntza” (NUP) eta “Kalte zerebralaren neuropsikologia” (IDISNA).