Joan eduki nagusira

zoom Saridunak Ramón Gonzalo NUPeko errektorearekin. Ezkerretik eskuinera, Lucía González Inchausti, Ramón Gonzalo errektorea, Bettina Steible eta Marina Arraiza (bertaratu gabeko Marina Arraiza Shakirova sarituaren izeba).

Saridunak Ramón Gonzalo NUPeko errektorearekin. Ezkerretik eskuinera, Lucía González Inchausti, Ramón Gonzalo errektorea, Bettina Steible eta Marina Arraiza (bertaratu gabeko Marina Arraiza Shakirova sarituaren izeba).

Jaime Brunet Fundazioak NUPeko 2018ko edizioko sariak banatu berri ditu. Doktoretza Tesien kategorian, Bettina Steible jurista izan da irabazlea, eta unibertsitateko modalitatean, berriz, Lucía Zoe González Inchaustik eta Marina Arraiza Shakirovak “ex aequo” lortu dute saria (azken horren ordez bere izeba Marina Arraiza bertaratu zen). Ramón Gonzalo García erakunde horretako errektore eta Jaime Brunet Fundazioko presidentea izan zen ekitaldiaren burua, eta Unibertsitateko eta aipatu fundazioko zenbait agintari ere izan ziren han.

Bettina Steible Tesien Brunet Sariaren irabazleak, Teresa Freixes katedradunaren zuzendaritzapean, izen hau eman zion bere doktoretzako ikerketari: “Ensuring compliance with International Humanitarian Law. The EU, France and Spain” (“Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa bete dadila bermatzen. Europa, Frantzia eta Espainia”). Lan horretan, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren desafiorik handienetako bat jorratzen da, hots, hura behar bezala aplikatu eta gauzatzera bideratutako kontrol mekanismo zentralizatuen falta munduko zenbait tokitako gatazka armatuen testuinguruan.

Unibertsitateko Brunet Sariari dagokionez, Lucía Gonzálezek lan hau gauzatu zuen: “La protección de los derechos de los pueblos indígenas: el caso ayoreo totobiegosode y su grupo de aislamiento en Paraguay” (“Herri indigenen eskubideen babesa: ayoreo totobiegosode etniaren kasua eta bere bakartze-taldea Paraguain”). Egileak, bere lanean, herri indigenen eskubideak babesteko baliabideen lege-tresnen berrikusketa egin du, bai nazioarteko sistemarena (Nazio Batuak) bai kontinentekoa (Ameriketakoa). Ondotik, xehetasunez aztertu du aipatutako komunitate indigenaren kasua (Paraguaiko iparraldean dago).

Bestalde, Marina Arraizaren “The stateless rohingya from Myanmar: a legal analysis” ikerketak (“Myanmarreko rohingya aberrigabeak: lege-azterketa bat”) Myanmarreko rohingya gutxiengo etnikoaren egoera salatzen du, nazionalitatea ukatzen baitiete agintari birmaniarrek. “Ukazio hori giza eskubideen urraketa iraunkorra da, gatazka-iturri”, egileak berak azaltzen duenez.

Giza eskubideei buruzko lanen aintzatespena

Doktoretza Tesien Jaime Brunet Saria aurten eman da lehenbiziko aldiz, eta bere helburua da giza eskubideekin eta horien defentsa eta sustapenarekin lotura zuzena duen oinarrizko ikerketa-edukia landu duten doktoretza-tesiak aintzatestea. Saria 2.000 eurokoa da, eta irabazleari lana argitaratzen zaio.

Bestalde, Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren Jaime Brunet Unibertsitate Saria ere 2.000 eurokoa da, eta gizabanakoen eskubideen defentsa eta babesa eta garapenerako lankidetzako gaietan hobekuntza eta proposamenak ardatz dituzten gradu eta master amaierako lanak saritzen ditu.

Jaime Brunet Fundazioak, sari horiez gainera, Jaime Brunet Nazioarteko Saria ere ematen du, munduko edozein arlotan eta tokitan giza eskubideak defendatzen dituzten erakunde edo gizabanakoei beren ibilbidea aitortzeko.