Joan eduki nagusira

zoom Artikulua sinatu dutenak. Ezkerretik eskuinera: Guillermo Echeverría Ganuza, Paula Escalada Hernández, Nely Soto Ruiz eta Leticia San Martín Rodríguez, errealitate areagotuko betaurrekoekin

Artikulua sinatu dutenak. Ezkerretik eskuinera: Guillermo Echeverría Ganuza, Paula Escalada Hernández, Nely Soto Ruiz eta Leticia San Martín Rodríguez, errealitate areagotuko betaurrekoekin

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) zenbait ikertzailek esperimentatu dute ebakuntza-gelan errealitate areagotuko betaurrekoak erabiltzea erizaintzako instrumentazio kirurgikoko lanetan laguntzeko, “Medical Education” aldizkari zientifikoan argitaratutako artikulu batek jasotzen duen bezala. Nafarroako Ospitalegunean egindako ebakuntza batean probatu zen teknologia hori; izan ere, bertako Osasun Zainketen Zuzendaritza eta Osasun Zientzien Fakultatea lankidetzan aritzen dira erizaintzaren praktikan detektatzen diren beharrei erantzuteko proposamen berritzaileak garatzen.

Hauek dira artikuluaren egileak: Leticia San Martín Rodríguez, Nely Soto Ruiz eta Paula Escalada Hernández NUPeko Erizaintza Jakintzen Ikerketa Taldeko kideak, eta Guillermo Echeverría Ganuza NUPeko Erizaintzako graduduna. Ikertzaileek Industrial Augmented Reality (IAR)  enpresarekin lanean ari dira errealitate areagotuan oinarritutako irtenbide berritzaileak aurkitzeko Erizaintzaren esparruan. Zehazki, proiektu honetan ezinbestekoa izan zen Nafarroako Ospitaleguneko bloke kirurgikoko langileen lankidetza, eta, bereziki, bertako unitateko buruena, hots, Diana Marcilla Hernándezena eta Carmen Larumbe Anduezarena.

zoom Ikaslea, errealitate areagotuko betaurrekoekin, ebakuntza egiten ari ziren bitartean

Ikaslea, errealitate areagotuko betaurrekoekin, ebakuntza egiten ari ziren bitartean

Errealitate areagotuak benetako munduko irudiak eta gailu teknologiko batek emandako irudi birtualak nahasten denbora errealean ditu errealitate misto bat sortzeko. Errealitate birtualak ez bezala, ez du mundu fisikoa ordezten, baizik eta informazioa gehitzen du. Proiektu honetan, Microsoft enpresak diseinatutako HoloLens betaurrekoak erabili ziren.

“Gailuak errealitate areagotuko betaurrekoak erabiltzen dituen erizain instrumentistari aukera ematen dio pantaila birtual batean ikusten joateko egiten ari den ebakuntza kirurgikoaren urratsei buruzko informazioa, baita urrats horiek nola garatuko diren ere, aldi berean tresneria eta eremu kirurgikoa normaltasunez ikusten dituen bitartean —azaldu du Leticia San Martín ikertzaileak—. Betaurrekoak oso ongi egokitzen zaizkie ingurune kirurgikoaren ezaugarriei, eskuko keinuekin edo ahots aginduz maneiatzen baitira, alegia, ez da gailu bat ere ukitu behar”.

Beldurra, estresa eta antsietatea ebakuntza-gelan

“Ebakuntza-gela exijentzia maila oso altua eskatzen du, prestakuntza maila altua eta ezagutzak behar dira bertan lan egiteko”, esan du Nely Sotok; hori dela-eta egin da proiektu hau. “Ikerketa ugarik agerrarazi dutenez, Erizaintzako profesional hasi berriek eta titulazio horretako ikasleek beldurra, estresa eta antsietatea izaten dute ebakuntza-gelako praktika klinikoari aurre egin behar diotenean, bereziki, instrumentazio lanak egin behar dituztenean. Lan horiek praktika kirurgikoaren ezagutza maila jakin bat eskatzen dute, erizaina gai izan dadin kirurgialariaren beharrei aurrea hartzeko”, gehitu du ikertzaile horrek.

zoom Nafarroako Ospitaleguneko medikuen eta erizainen taldea, proiektuaren bultzatzaileekin (ikertzaileetako bat eta NUPeko ikaslea, eta IAR enpresako ingeniariak)

Nafarroako Ospitaleguneko medikuen eta erizainen taldea, proiektuaren bultzatzaileekin (ikertzaileetako bat eta NUPeko ikaslea, eta IAR enpresako ingeniariak)

Kontuan izanda espezialitate bakoitzean dauden prozedura kirurgikoen eta tresnen kopuru handia, Erizaintzako langile hasi berriak eta ikasleak sartzea “benetako erronka da”. Horregatik da beharrezkoa teknologia honekin esperimentatzea. Proba Gillermo Echeverría 4. ikasmailako ikaslearekin egin zen, aldakako protesi partzial bat jartzeko ebakuntza batean.

Ikertzaileek “oso positibotzat” jo dute esperientzia honen emaitza. “Erizaintzako ikasleak abileziaz bete zuen instrumentazio rola, eta kirurgiaren urratsei aurrea hartu zien. Informazio birtualak egin zuen hori posible; ikasleak modu autonomoan kudeatu ahal izan zuen informazio hori, esterilitatea galdu gabe, eta HoloLens betaurrekoekin elkarreraginean, ahots eta keinu bidezko aginduen bitartez. Gainera, proba hau egin ondoren hobetzeko moduko zenbait elementu identifikatu ziren, horietako bat bideo irudiak sartzeko aukera”, amaitu du Paula Escalada ikertzaileak.