Joan eduki nagusira

zoom Iban Latasa Zudaire NUPeko doktore berria

Iban Latasa Zudaire NUPeko doktore berria

Plater obalatuak dituzten bizikletetan pedalei eragitean “ez da aldaketa nabarmenik izaten eliteko txirrindularien erantzun fisiologikoan, ohiko plater biribilekin alderatuta”. Hala egiaztatu du Iban Latasa Zudaire telekomunikazio ingeniariak (Iruñea, 1978) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) doktore izateko gauzatu duen ikerketan. Lan horretan, kirolari horiei esfortzu probak egin zitzaizkien, gogortasuna areagotuz akitu arte, eta giharrek ekoizten dituzten seinale biomediko jakin batzuk aztertu ditu ikertzaileak.

“Neke muskularrak hainbat definizio ditu, baina, zalantzarik gabe, bere zeregin nagusia babesa ematea da, ohartarazi egiten baitio organismoari energia-erreserbak agortzear dituela edo ezgaitasun funtzional bat agertzen hasia dela —azaldu du Iban Latasak—. Hain ohikoa den seinale edo sindrome hori enfasi handiagoarekin azaltzen da kirolarien kasuan. Kirolen artetik, txirrindularitzan eta banakako beste kirol batzuetan askoz agerikoagoa da, baita ebaluatzeko eta diagnostikatzeko errazagoa ere”.

Gorputzeko ehun horiek aktibatzeko patroiak ulertzeko, teknika jakin bat erabiltzen da, elektromiografia edo EMG izenekoa, muskulu eskeletikoek produzitzen duten aktibitate elektrikoa erregistratzen duena. “Seinale biomediko horrek informazioa ematen du muskuluen eta horiek aktibatzen dituzten nerbioen egoera fisiologikoaz, eta aukera ematen du lesioak lokalizatzeko”, erantsi du.

Elektromiograma gainazaleko elektrodoen bitartez lortzen denean (hala deitzen zaie azalaren gainean kokatzen direlako, giharraren gainean, eta, hortaz, ez direlako inbaditzaileak), gainazaleko elektromiografia edo sEMG esaten zaio. “Teknika egokia da muskuluak aktibatzeko patroiak ulertzeko, batik bat eliteko txirrindularitzan pedalei eragitean eta neke muskularra agertzen denean”, adierazi du ikertzaileak. Bere doktoretza-tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du, eta Javier Rodríguez Falces eta Javier Navallas Irujo NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasleak eta Alfredo Córdova Martínez Valladolideko Unibertsitatearen Soriako campuseko irakaslea izan ditu zuzendari.

Alde horretatik, esfortzu proba bakar baten bidez bai nekearen atalase metabolikoen eta arnas parametroen datuak eta bai gainazaleko elektromiografian oinarritutakoak eskuratzeko aukera izatea “garrantzitsua da eliteko kirolaren eremuan eta, bereziki, txirrindularitzan”, Iban Latasaren hitzetan.

Txirrindularientzako esfortzu probak

Horretarako, ikertzaileak esfortzu maximoko zenbait proba egin zizkien txirrindulari profesional batzuei, eta horren bidez parametro jakin batzuk lortu eta neurtu zituen, hala nola bihotz maiztasuna, odoleko laktatoaren balioak edo oxigeno kontsumo maximoa.

“Azken hamarkadetan, ikertzaileek ahalegin handia egin dute abiadura etengabe areagotzen duten testetan akidura non hasten den bereizten laguntzen duten lan kargen atalaseak identifikatzeko —adierazi du—. Neurtzeko erabilitako aldagaiaren arabera, nekearen atalase desberdinak daude, esaterako metabolikoak —odoleko laktatoaren metatze puntua— eta aireztapenekoak —aireztapenaren atalase aerobikoa eta arnasaren konpentsazio puntua—. Hala ere, ariketaren intentsitateak gora egiten duen neurrian, nekea ez da sistema kardiorrespiratorioarekin soilik lotua egoten, baizik eta sistema neuromuskularrarekin ere bai. Neke neuromuskularra bai gainazaleko elektromiografia eta bai horrek denboran dituen bariazioak neurtzearen bidez identifika daiteke”.

Bada neke neuromuskularraren atalasea izeneko bat, elektromiografiaren aktibitatean oinarritua eta nekearen atalasean lortzen den lanerako gaitasun fisiko gisa definitua (PWCFT, ingeleseko siglen arabera). Hori lortzeko, test espezifiko bat egiten da zikloergometro batean, hots, lanerako gaitasuna neurtzeko kalibratua dagoen eta pedalei eragiteko bizikleta baten modukoa den tresna batean. “PWCFT metodoa aplikatuz eta pedalkadak minutuero areagotuz, baliteke kalkulatutako neke neuromuskularraren atalasea handiegia izatea. Dena den, tesian metodo berri bat proposatzen da neke neuromuskularraren atalaseak kalkulatzeko”, gehitu du ikertzaileak, azkenik.

Curriculum laburra

Iban Latasak Telekomunikazio Ingeniaritza eta Ingeniaritza Biomedikoko Masterra egin zituen NUPen, ondoz ondo. Lanari dagokionez, erakunde akademiko horretako ikertzaile aritu eta gero, I+G-ko ingeniari jardun zuen Ingeniería Lator, das-Nano eta IED Electronics nafar enpresetan, eta azken horretan egiten du lan gaur egun.

NUPeko doktore berriak aldizkari zientifikoetan argitaratu diren sei artikulu idatzi ditu beste egile batzuekin batera (horietako bitan bera izan da egile nagusia), eta bere espezialitateko bi biltzarretan hartu du parte beste horrenbeste komunikaziorekin. Gainera, asma diagnostikatzeko espirografo baten patentea egin du.