Joan eduki nagusira

zoom Aurreko urtean NUPen egindako Navarra LAN Partyko parte-hartzaile batzuk

Aurreko urtean NUPen egindako Navarra LAN Partyko parte-hartzaile batzuk

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Arrosadiko campusean egingo du Navarra LAN Party topaketaren bigarren edizioa irailaren 5etik (osteguna) 8ra (igandea). Teknologiazaleen topaketa bat da, eta aukera izaten da lau egunez etenik gabe ezagutzak eta esperientziak trukatzeko eta teknologiaren inguruko mota guztietako jarduerak egiteko. Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkarteak (ANDITEC) eta NUPek antolatzen dute. Uztailaren 26an zabalduko da aurreinskripzioa online egiteko modua, eta abuztuaren 6an (21:00tan), sarrerak erostekoa. Navarra LAN Partyren babesleak hauek dira: Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentua, Iruñeko Udala, eta Vodafone, Tracasa eta MercadoIT enpresak, besteak beste. Iazko irailean egin zen topaketaren lehenbiziko edizioa, eta mila bat lagunek hartu zuten parte.

Navarra LAN Partyrako, era askotako jarduerak, hitzaldiak eta txapelketak antolatu dira. Hitzaldiei dagokienez, adibidez, “blockchain” delakoak nola funtzionatzen duen azalduko da, bai eta “big data” delakoa zertan aplikatu eta Internet modu seguruan nola erabili ere. Bestetik, zenbait aditu ariko dira lantegietan programazioari, gauzen internetari, 3 dimentsiotan inprimatzeari eta bideo jokoen garapenari buruzko edukiak zuzenean irakasten.

Bideo joko lehiaketak ere antolatu dira, besteak beste, League of Legends, Fortnite, CSGO eta FIFA19 bideo jokoenak. Bestalde, arte digitaleko lehiaketak ere egingo dira, eta “demoscene” delakoa ikusi ahalko dugu berriz Nafarroan, hau da, makinaren baliabide guztiak erabiliz programatzeko eta arte produkzio bat sortzeko modua. Sormen artistikoko txapelketak ere egingo dira, argazkigintzaren eta bideoaren ingurukoak.

Lekua, NUPeko kiroldegian

Topaketak bi gune izango ditu NUPen: “Party Place” izenekoan, NUPen kiroldegian, abiadura handian nabigatzeko ahalmena duten 512 ordenagailu postu egongo dira; “OpenSpace” izenekoan, aldiz, teknologia zabaltzeko doako jarduerak egingo dira nafar guztientzat.

Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkartea (ANDITEC) irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, 2018an sortua, eta Nafarroan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) zabaltzea eta bultzatzea du helburu, bai eta gizarteari teknologia hurbiltzea eta teknologien inguruko komunitatea sortzea ere.

Ekitaldiari buruzko informazio gehiago dago kontsultagai Navarra LAN Partyren webgunean eta @navarralanparty Twitter kontuan.