Joan eduki nagusira

zoom Urretxindorra proiektuan parte hartu duten NUPeko ikasleak, Mendillorrin egindako amaierako ekitaldian

Urretxindorra proiektuan parte hartu duten NUPeko ikasleak, Mendillorrin egindako amaierako ekitaldian

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) hamabi ikaslek hartu dute parte 2018-2019 ikasturte honetan Urretxindorra proiektuan, hots, Lehen Hezkuntzako seigarren mailako haurrei laguntzeko programan, zeina Iruñeko hiru ikastetxe publikotan gauzatu baita: García Galdeano eta Vázquez de Mella-Bayonne (gaztelaniaz) eta Bernart Etxepare (euskaraz). Urritik maiatzera bitartean, unibertsitateko ikasleak adingabe horien mentore bilakatu dira, eta haiekin zenbait jolas eta kultura jarduera egin dituzte eskola orduetatik kanpo. Modu horretan, aukera izan dute kultura eta gizarte topaketarako eta norberaren ikaskuntzarako espazioei bide emateko, umeei laguntza eskaintzeko eta beren burua eredu positibo gisa aurkezteko.

Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzaren Gizarte Ekintzarako Unitateak sustatzen du programa, eta NUPeko Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco Katedraren eta Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasleen (Izaskun Andueza Imirizaldu, Rubén Lasheras Ruiz, Lucía Martínez Virto eta Begoña Pérez Eransus) lankidetza dauka.

Urretxindorra proiektuaren zortzigarren edizioari amaiera emateko, topaketa bat egin zen ikasleen, irakasleen eta gurasoen artean, Mendillorriko Ur Etxean. Iruñerriko Mankomunitatea ere elkarlanean aritu zen bertan, bisita gidatu bat eskaini baitzuen instalazioetan barrena.

Proiektu hori Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere Plan Estrategikoaren esparruan sustatzen dituen gizarte erantzukizuneko jardueren barnean kokatzen da. Gainera, Unibertsitateko Unesco Katedraren laguntza du, ikasle mentoreak prestatu eta oro har mentoretza sozialari buruz hausnartzeko guneak sortzeko. Aurtengo edizioa kontuan hartuta, 90etik gora mentorek hartu dute parte, eta beste horrenbeste adingabek, eta hamarren bat ikastetxek atera dute onura ekimen horretatik.

Programan parte hartu duten ikasleak

Hauek dira Urretxindorra proiektuan parte hartu duten Unibertsitateko ikasleak (eta dagokien titulazioa): Juan Alonso Galar (Gizarte Lana), Patricia Asurmendi Nuin (Industria Teknologien Ingeniaritza), Iván Joao Pérez (Industria Teknologien Ingeniaritza), Nadia Kostadinova Chimeva (Lehen Hezkuntzako Irakasletza), Daniel Lacheta Lecumberri (Industria Teknologien Ingeniaritza), Eduardo López Díaz (Industria Teknologien Ingeniaritza), Jessica Paola Sangucho Romero (Gizarte Lana), Ana Sánchez de Badajoz Gómez (Gizarte Lana), Andrea Savov Garrote (Lehen Hezkuntzako Irakasletza), Elisa Segovia Tiscar (Gizarte Lana), Leire Valencia Salcedo (Zuzenbidea) eta Eduarda Vela Pons (Gizarte Lana).

Programak harremanetan jartzen ditu gazteak testuinguru sozial ezberdinetako haurrekin, abiapuntutzat hartuta bien arteko harremana aukera egokia dela esperientzia berriak edukitzeko, trebetasunak jorratzeko eta pertsonen arteko harreman moduak lantzeko. Xedea da esperientziak onura ekartzea tartean diren alderdi guztiei: adingabeei, haien familiei, ikastetxeari, Unibertsitateko ikasleei eta Unibertsitateari berari.

Mentoretza, gaztelaniaz eta euskaraz

Mentoretza gaztelaniaz eta euskaraz egiten da (haurrak zer hizkuntzatan ikasten duen, horrexetan), eta Unibertsitateko ikasleek aldez aurretik jasoa dute prestakuntza, adingabeekin egokituko zaizkien egoerei aurre egiteko edo familiarekin zer-nolako harremana landu jakiteko. Laguntzeko lanean, jolas eta kultura jarduerak egiten dira, eskola orduetatik kanpo, astean bi edo hiru orduz. Era berean, Unibertsitateko Gizarte Ekintzarako Unitateak laguntza ematen die mentoretza banaka eta taldeka egiten duten Unibertsitateko ikasleei, kontsultarako espazioak sortuz, zailtasun egoerak aztertuz eta ikasturtean sortzen den edozein zalantza argituz.

Mentore izateak haurrekin denbora partekatzea eta kalitatezko arreta ematea dakar berekin, askotariko aukerak amestu ditzaten eta bizitzan esperientzia berriak edukitzeko aukera izan dezaten. Jarduera amaitzean, Unibertsitateko ikasleek beren parte-hartzearen ebaluazio txostena egiten dute. Parte-hartzaile bakoitzak beka bat jasotzen du, jarduerak egiten diren bitartean sortzen diren gastuak ordaintzeko xedez.

NUP Mentoretza Sozialeko Koordinakundeko kide da (Kataluniako zenbait unibertsitaterekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, besteak beste), baita Nightingale Mentoring Network-ekoa ere, zeinak Europako bederatzi herrialdetako (Alemania, Austria, Danimarka, Espainia, Finlandia, Islandia, Norvegia, Suedia eta Suitza) hainbat erakunde biltzen baititu; erakunde horietatik hamasei, izan, unibertsitateak dira. Urretxindorra proiektua 1997an sortu zuen Malmöko Unibertsitateak (Suedia), adingabeak Unibertsitateko ikasleekin konektatzeko programa gisa. Ekimena Israelgo Perach proiektuan oinarritu zen, eta urretxindor izena eman zitzaion, seguru sentitzen denean zoragarriki kantatzen duen txoria baita. Izen horrek, halaber, suediar hiriarekin dauka zerikusia, bertan jaio baitzen Hjalmar Gullberg poeta (1898-1961), zeinak hegazti horretan inspirazioa aurkitu baitzuen bere bertsoak idazteko.