Joan eduki nagusira

zoom Ikasle batzuk NUPen

Ikasle batzuk NUPen

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2019-2020 ikasturtean matrikulatzeko epea irekiko du bihar, uztailaren 16an (asteartea), uztailaren 5ean argitaratutako zerrendetan lehen ikasmailarako onartuak izan diren graduko titulazioetako ikasle berrientzat. Prozesu hori Interneten bidez egingo dute, Unibertsitatearen webgunearen bidez, baita jarraibide zehatz guztiak kontsultatu ere, eta uztailaren 18ko 09:00ak arte egongo da zabalik.

Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko eta Osasun Zientzien Fakultateko graduetan onartutako ikasleek uztailaren 16ko 09:00etatik uztailaren 17ko 09:00etara bitartean egin behar dute matrikula, edozein ordutan. Bestalde, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean eta Zientzia Juridikoen Fakultatean onartuak izan direnek uztailaren 17ko 09:00etatik uztailaren 18ko 09:00etara bitartean egin behar dute, haiek ere edozein ordutan. Matrikula urtekoa bada, ikasleak bi seihilekoetan matrikulatu beharko dira.

Interneteko sarbiderik ez dutenek Iruñeko Arrosadiko campusean egin dezakete automatrikula, Ikasgelategiko 017. ikasgelan (beheko solairuan), betiere gorago adierazitako egunetan, 09:00etatik 14:00etara. Tuterako campusean ere ikasgela bat egongo da nork bere matrikula egiteko, goizeko ordutegi berean.

Matrikulari buruzko zalantzak eta zero ikastaroak

Automatrikula egitean sor daitekeen edozein zalantza argitzeko, ikasleek mezu elektroniko bat bidal dezakete helbide honetara: grado@unavarra.es. Bestela, Unibertsitate Arretarako Bulegora deitzeko aukera dute (948 169 096), 08:30etik 17:00etara bitartean.

Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoak zero ikastaroak eskainiko ditu abuztuan, datorren ikasturtean graduko titulazioak hasiko dituzten ikasleei zuzenduta. Titulazioetako gaietarako sarrera moduko bat dira, eta ikasleoi Batxilergoko edo LHko ikasketak eguneratu, osatu eta sendotzeko aukera emango diete, bai eta unibertsitatean hasiko duten ibilbide berrirako oinarri metodologikoak jasotzeko ere. Aurten, ikastaro hauek eskainiko dira: Adierazpen Grafikoa, Estatistika, Fisikaren Hastapenak eta Matematika.