

Ingeniaritzaren eta Enpresaren Katedra sortzeko hitzarmena sinatzen. Ezkerretik eskuinera: Ramón Gonzalo NUPeko errektorea eta Miguel Iriberri Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialeko dekano eta Fundación Industrial Navarrako presidentea.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialak eta Fundación Industrial Navarrak Ingeniaritzaren eta Enpresaren Katedra sortu dute. Katedraren helburua enpresen mundua eta Unibertsitatea elkarrengana hurbiltzea da, eta ingeniaritzako zenbait arlotako ezagutzak garatzea, eta, horretarako, prestakuntzako, ikerketako eta unibertsitate-hedapeneko jarduerak antolatuko dituzte Unibertsitateko ikasleentzat eta sektoreko profesionalentzat.
Lankidetza-hitzarmena hauek sinatu dute: Ramón Gonzalo García Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak eta Miguel Iriberri Vegak, Espainiako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialaren Kontseilu Nagusiaren presidente, Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialeko dekano (COIINA) eta Fundación Industrial Navarrako presidenteak. Azken hori Foru Komunitatearen garapen industriala eta ekonomikoa bultzatzeko COIINAk sortutako erakunde bat da, eta 132 enpresa, 24.000 langile baino gehiago eta 1.300 industria-ingeniari biltzen ditu gaur egun. Hitzarmena sinatzeko ekitaldian izan dira, baita ere, Rafael Rodríguez Trías, NUPeko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren zuzendaria (TIIGMET), Jesús M.ª Corres Sanz TIIGMETen zuzendariordea eta Michel Iturralde Goñi COIINAren dekanorde eta Fundación Industrial Navarraren zuzendariordea.
Katedraren helburuak eta jarduerak


NUPeko, Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialeko eta Fundación Industrial Navarrako ordezkariak. Ezkerretik eskuinera: Michel Iturralde, Jesús M.ª Corres, Ramón Gonzalo, Miguel Iriberri eta Rafael Rodríguez Trías.
NUPen, Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialaren eta Fundación Industrial Navarraren artean lankidetza bultzatzeko sortu da Ingeniaritzaren eta Enpresaren Katedra. Hitzarmenaren xedea mundu akademikoa eta enpresen mundua elkarrengana hurbiltzea da, ikerketa aurreratua egitea bi arlo horiek batu daitezen eta bilakaera egokia izan dezaten, unibertsitateko ikasleen eta sektoreko profesionalen prestakuntza praktikoa sustatzea, eta unibertsitate-hedapeneko jarduerak antolatzea kulturaren, kirolen eta gizarte arloan.
Horretarako, ikerketa-proiektuak bultzatuko dira ingeniaritzako zenbait arlotan, bi entitateetako zuzendari eta kolegiatuek Unibertsitateko jardueretan parte hartzea sustatuko da esperientziak truka ditzaten, eta profesionalentzako prestakuntza-jarduerak antolatuko dira. Ikasleei dagokienez, doktoretza-tesiak eta master eta gradu amaierako lanak bultzatuko dira, bai eta Espainiako eta nazioarteko enpresetan praktikak egitea, beste unibertsitate batzuekin trukeak egitea, eta produkzio zentroetara bisitak egitea ere. Gainera, sarien eta beken deialdiak antolatuko dira, bai eta ikasleei lanbidean hastea errazteko jarduerak ere.
Hitzarmeneko bi aldeetako bina ordezkarik batzorde misto bat osatuko dute, eta batzorde horrek proposatuko du katedraren zuzendaria, urteko jarduera programa gidatu dezan eta hura gauzatzen dela begira dezan.