Joan eduki nagusira

zoom Ramón Gonzalo (ezk.) NUPeko errektorea eta Ignacio Terés Rural Kutxako lehendakaria hitzarmena sinatzen

Ramón Gonzalo (ezk.) NUPeko errektorea eta Ignacio Terés Rural Kutxako lehendakaria hitzarmena sinatzen

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Rural Kutxak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute irakaskuntzako, ikerketako eta unibertsitate hedapeneko zenbait programa garatzeko. Hitzarmenaren helburua mugikortasun bekak eta ekintzailetzarekin lotutako jarduerak finantzatzea da, baita Unibertsitateko komunitatearentzat kudeaketako eta komunikazioko aplikazio bat garatzea eta Doitasuneko Nekazaritzarako Teknologia Berrietako Aditu titulu berekia ezartzea ere. Testua Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak eta Ignacio Terés Los Arcos Nafarroako Rural Kutxako lehendakariak sinatu dute.

Partidarik handiena ikasleen nazioarteko mugikortasun beketarako erabiliko da. Ikasturte honetan, 37 herrialdetan izan diren 375 ikaslek jaso dituzte Nafarroako Rural Kutxaren laguntza horiek, gehienek Erasmus+ programaren bidez eta gainerakoek beste programa batzuen bidez (hala nola Palafox, Martín de Rada, ISEP USA, ISEP Nazioartekoa eta aldebiko hitzarmenak).

Gainera, hitzarmenari esker jarduera bereziak finantzatu ahal izango dira, Unibertsitateko komunitate osoan ekintzailetza bultzatu eta sustatuko dutenak. Hala, zilegi izango da ezarritako diru-kopurua zeregin hauetarako erabiltzea: bideratzaile seniorrak kontratatzeko, NUPeko “spin off” gisa aitortutako oinarri teknologikoko enpresen kapitaleko partaidetza ordaintzeko, ekintzailetzako proiektuekin lotutako ikasketen amaierako lanak saritzeko, eta gai horri eta zabalpeneko eta prestakuntzako beste gai batzuei buruzko ikerketa-jarduerak sustatzeko, hala nola Demola proiektua.

Sakelakorako aplikazioa eta nekazaritzarako teknologiak

Aipatu testuan, bestalde, “Smart Cities” izeneko proiekturako zuzkidura bat adostu da, eta horri esker posible izango da bai sakelakorako aplikazio bat garatzea instituzioko kudeaketa guztiak zentralizatzeko, Unibertsitatearen Zerbitzuen Atari berriaren bidez, baita Unibertsitateko komunitatearen barnean komunikazio bide eraginkorrak martxan jartzea ere. Horrez gain, “app” horri esker datuak bildu ahal izango dira, eta horrek aukera emango du NUP “smart university” bilakatuko duten zenbait gairen inguruan ikertzeko, hiriko mugikortasunaren edo efizientzia energetikoaren inguruan adibidez.

Halaber, hitzarmenak finantzabidea emango dio Doitasuneko Nekazaritzarako Teknologia Berrietako Aditu titulu berekiari, matrikula doakoa baitu. Monografiko horrek hogei ikasle ditu une honetan, eta Unibertsitate-Gizarte Fundazioak kudeatzen du Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan.

Hitzarmenean jaso denez, halaber, produktu eta zerbitzuen eskaintza zehatza egingo die Nafarroako Rural Kutxak Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta Unibertsitateko komunitateari, baldintza, ezaugarri eta tarifa bereziekin.