Joan eduki nagusira

zoom Ikasleak, ikasgelan.

Ikasleak, ikasgelan.

Guztira, 4.944 lagunek egin dute aurreinskripzioa Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) 2019-2020 ikasturtean graduko ikasketak egiteko; 2018-2019 ikasturtean, berriz, 3.665 lagunek egin zuten. Eskari handiena karrera hauek dute: Medikuntza ikasteko, 936 eskaera egin dira, eta 60 ikaspostu daude; Erizaintzarako, 646 eskaera 100 ikaspostutarako; eta Psikologiarako, 357 eskaera 60 ikaspostutarako. Aurreinskripzioa egiteko epea bukatutakoan, onartu diren ikasleen lehenbiziko zerrenda emango da ezagutzera 2019ko uztailaren 5ean (ostirala), eta uztailaren 17tik 19ra egin beharko da matrikula (zein titulazio den) Unibertsitatearen webgunean. Hor azaltzen da zehatz-mehatz zer pauso eman behar diren matrikulatze prozesua behar bezala egiteko.

NUPek 2.005 ikaspostu eskaini ditu heldu den ikasturtean graduko titulazioak ikasten hasteko. Ikasturte honetako titulazio berriek honako eskaera kopuru hau jaso dute: 78 eskaera Historiako eta Ondareko Graduak (50 ikaspostu); 357, Psikologiako Graduak (60 ikaspostu); eta 936, Medikuntzako Graduak (60 ikaspostu). Gradu bikoitz berriek, aldiz, eskaera kopuru hau: 37 eskaera Datuen Zientziako eta Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitzak (10 ikaspostu); 18 eskaera Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Biomedikoko Gradu Bikoitzak (15 ikaspostu); eta 209 eskaera Lehen Hezkuntzako Irakasletzako eta Haur Hezkuntzako Irakasletzako Gradu Bikoitzak (30 ikaspostu), zeina euskaraz eta gaztelaniaz ikas baitaiteke.

Hona hemen gradu berriak ikasteko eskaera egin dutenak nongoak diren eta emakumezkoak edo gizonezkoak diren: Medikuntzan, 262 ikasle Nafarroakoak dira, eta 674 beste nonbaitekoak; sexuari dagokionez, 673 emakumezkoak; Psikologian, 234 Nafarroakoak, eta 123 beste nonbaitekoak; sexuari dagokionez, 284 emakumezkoak eta 73 gizonezkoak; Historiako eta Ondareko Graduan, 78ak Nafarroakoak; 50 gizonezko eta 28 emakumezko.

Cristina Bayona Sáez Ikasleen Gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordeak esan du Unibertsitateko arduradunak kontent daudela titulazio berriek izan duten harrerarekin. “Bagenekien Medikuntzak eta Psikologiak eskari handia izango zutela unibertsitatean ikasi nahi dutenen artean, eta horixe erakusten du eskaera kopuruak. Beste titulazio berrietako aurreinskripzio kopuruarekin ere oso kontent gaude: aurten sarbide berriko 2.000 ikaspostu baino gehiago beteko ditugu lehenbiziko aldiz”, esan du errektoreordeak.

Matrikula egiteko egunak eta lekuak

Titulazioen zerrenda eta matrikula egiteko egunak eta lekua Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko. Interneteko sarbiderik ez dutenek Iruñeko Arrosadiko campusean egin dezakete automatrikula, Ikasgelategiko 017. ikasgelan (beheko solairuan), betiere gorago adierazitako egun eta orduetan, 09:00etatik 14:00etara. Tuterako campusean ere ikasgela bat egongo da nork bere matrikula egiteko.