Mugikortasun sozialari dagokionez, Espainian bi fenomeno gertatzen dira: “zoru itsaskorrak” eta “sabai itsaskorrak”, hau da, urteak joan urteak etorri sektore sozial jakin batek diru-sarrera baxuak izaten segitzen du, eta beste sektore batek, aldiz, altuak. Erdiko klase sozialean daudenek aukera handiagoa izaten dute mailaz aldatzeko, gora eta behera egin baitezakete. Espainian, ordea, diru-sarrera ertainak dituzten familiek probabilitate handiagoa dute behera egiteko (zazpi familiatik batek); izan ere, OCDE taldeko herrialdeetatik (munduko herrialde aberatsenen taldea), Espainiako familiek dute hori gertatzeko arrisku handiena, Greziarekin batera. Ondorio hori atera du Teodoro Hernández de Frutos Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileak (NUP) “Estratificación y movilidad social” liburuan. Idazlearen esanean, “oinarrizko desparekotasunak” aztertzen dira obran, eta “soziologiaren muina” osatzen duten alderdiak: batetik, “klase sozialen, estatusaren, boterearen, generoaren, adinen, arrazen, etnien, kasten eta migrazioen estratifikazioa”, eta, bestetik, “mugikortasun soziala, diziplinaren arazo bukatugabea”. Valentziako Tirant Humanidades argitaletxeak argitaratu du liburua.
Teodoro Hernández de Frutos Soziologiako eta Gizarte Laneko Sailari atxikitako irakaslea da, eta katedra bat eskuratu berri du. Soziologoaren esanean, “Egitura sozialaren barnean, bi barne-egitura daude: batetik, pertsonak sortzetik bereizten dituzten ezaugarri naturalak, esaterako, generoa, arraza eta adina; eta, bestetik, bizitzan egindako ahalegin eta sakrifizioei esker lortzen direnak, hots, merituak. Hain zuzen, bi barne-egitura horien interakzioak erabakitzen du, pertsonen etorkizuna ez ezik, baita gizarte osoaren bilakaera ere”.
Aukerak ematen dituen herria? Edo kasta-sistema duena?
Ikertzailearen iritziz, “beharbada, honako bi hauek dira gaur egungo egitura sozialaren bi segmentu garrantzitsuenak —besteak gutxietsi gabe—: lehenik, emakumeek gizartean duten lekua, emakumeak lan munduan sartu izana XX. mendeko fenomeno inportanteena baita; eta, bigarrenik, mugikortasun sozialari begira zenbateraino dauden irekiak gizarteak. Irekitasun mailaren arabera, ‘aukeren herria’ deitzen zaie herrialde batzuei, eta ‘kasta-sistemena’, beste batzuei”.
‘Aukera berdintasun’ ere esaten zaio sozialki mugitzeko aukerari, eta, metafora bat erabiliz, esan genezake eskailera mekanikoek bezala funtzionatzen duela. Gainera, “ondorio garrantzitsuak izaten ditu gizartean. Ondorio nagusia da mugikortasun sozialik ezak eragina izaten ahal duela hazkunde ekonomikoaren oinarrietan —dio Teodoro Hernández de Frutosek—. Izan ere, hobera egiteko aukerarik ez izateak esan nahi du talentu handikoak izan litezkeen askok ez dutela behar bezalako garapena izango, eta inbertsio eta enpresa aukera asko ez direla sekula gauzatuko. Horrek ahuldu egiten ditu produktibitatea eta hazkunde ekonomikorako potentziala. Beste muturrean, gora egiteko mugikortasunik ez izateak ekar dezake errentak maila berean irautea gutxi batzuentzat beste jende askoren kontura, denek ez baitituzte izaten aukera berak hezkuntzaren arloan eta baliabide ekonomikoei dagokienez. Gutxi batzuek aukera onenak bereganatzea kaltegarria da gizartearentzat, eta efizientzia-kostu altuak ekartzen ditu”.
Horretaz gainera, hobera egiteko aukera dagoela uste izateak “eragin positiboa du bizitzari eta ongizateari buruz jendeak duen gogobetetze mailan, baina ondorio sozial eta politiko larriak ere bai, zeren eta aukera berberak ditugula pentsatzeak gutxiagotu egin baititzake gatazka sozialak, bazterketa sentsazioa txikitu ohi duelako talde babesgabeenetan”.
Igogailu sozial motela
Liburuan, Espainiako mugikortasun sozialari buruzko zenbait ikerketa jasotzen dira. Gurasoen lan egoera abiapuntutzat hartuta seme-alabek zer lan egoera izan duten aztertu ondoren, ikusi da seme-alaben % 46,6k egin dutela gora, % 27,8 gelditu direla maila berean eta % 25,5ek, aldiz, behera egin dutela. Liburuak dio, halaber, baliabide gutxien dutenen % 20ko mailako familia bateko semeak edo alabak bizi maila ertaina izan dezan, lau belaunaldi pasatu behar direla batez beste; OCDEko herrialdeen kasuan, aldiz, 4,5 belaunaldi. “Espainiako igogailu soziala Europako beste batzuena baino motelagoa da: Danimarkan, bi belaunaldi behar dira klase ertainera igotzeko, eta Suedian, Finlandian eta Norvegian, hiru. Baina badira Espainiakoa baino igogailu motelagoa duten herrialdeak ere: Frantzian eta Alemanian batez beste sei belaunaldi behar dira mailaz igotzeko”, esan du ikertzaileak.
Adituaren ustez, “gazteek lan egoeraren egokitasunik ezaren arazoa dute, hau da, ez datoz bat ikasten dutena eta gizarteak egiaz behar duena”. “Lanbide heziketako sistema kualifikatu bat ez izatea arriskutsua da: enpresaburuek gero eta hautagai gehiago izan ditzakete hirugarren mailako gradua dutenen artean halako maila behar ez duten lanpostuetarako; beraz, baliteke nahiago izatea halako giza baliabideak kontratatzea hezkuntza maila txikiagoko langileek bete ditzaketen lanpostuetarako —adierazi du—. Administrari edo saltzaile aritzen direnek lanpostu horietarako behar direnak baino titulazio hobeak izaten dituzte, eta, ondorioz, kanpo uzten dituzte lan horietarako titulazio maila egokiagoa duten pertsonak. Egoera horiek, gainera, ekonomiaren atzeraldietan gertatu ohi dira. Are hirugarren mailako gradua dutenen artean ere, bereganatutako trebetasun eta gaitasunen aldetik generikoagoak diren hezkuntza programak aukeratzen dituzte batzuek, hala nola giza zientziak edo arteak, trebetasun espezifikoagoak edo teknikoak bilatu beharrean. Talde horretakoek probabilitate handiagoa izan dezakete berenak ez diren kalifikazioak eskatzen dituzten enpleguetan lan egiteko.
Liburuan, bestalde, gehiegizko prestakuntzaren gaia ere jorratu da. “Biztanle aktiboen % 30-40 inguru sartzen dira kategoria horretan, eta horien soldatak dezente egiten du behera dagokien mailako lana duten langileekin konparatuta. Ez dira gutxi beren lanerako gehiegizko prestakuntza duten langileak”, erantsi du.
Bestalde, gurasoen ikasketa mailari lotutako mugikortasun soziala “bereziki baxua da Espainian, OCDEko beste herrialdeen aldean. Goi mailako ikasketak dituzten gurasoen seme-alaben % 69 joaten da unibertsitatera, eta Bigarren Hezkuntzako bigarren ziklora iritsi ez diren gurasoak dituztenen % 56k segitzen dute hezkuntza maila baxuarekin; OCDEko beste herrialdeetan, berriz, % 63 eta % 42 dira, hurrenez hurren, egoera horretan daudenak”, esan du azkenik liburuaren idazleak.