Joan eduki nagusira

zoom Bettina Steible, sariaren irabazlea

Bettina Steible, sariaren irabazlea

Bettina Steible Europar Batasunaren “EuroMed Justice” programako jurista eta hizkuntzalari eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasleak irabazi du 2018ko Doktoretza Tesien Jaime Brunet III. Saria, ikerketa honi esker: “Ensuring compilance with International Humanitarian Law. The EU, France and Spain” (“Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa bete dadila bermatzen. Europar Batasuna, Frantzia eta Espainia”). Saria Jaime Brunet Fundazioak eman du (Nafarroako Unibertsitate Publikoan, NUPen, du egoitza). Sariak 2.000 euro ematen ditu, eta lana argitaratzeko aukera. Bere helburua da giza eskubideekin eta horien defentsa eta sustapenarekin harreman zuzena duen oinarrizko ikerketa-edukia landu duten doktoretza-tesiak aintzatestea.

Ikertzaileak 2017an defendatu zuen tesia, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta Teresa Freixes katedradunaren gidaritzapean. Lan horretan, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren desafiorik handienetako bat jorratzen da, hots, hura behar bezala aplikatu eta gauzatzera bideratutako kontrol mekanismo zentralizatuen falta munduko zenbait tokitako gatazka armatuen testuinguruan.

Jaime Brunet Fundazioak, sari horretaz gain, beste bi ere ematen ditu: Jaime Brunet Nazioarteko Saria eta Jaime Brunet Unibertsitate Saria. Azken hori graduko eta masterreko ikasleentzat da. Tesien inguruko azken deialdian, María López Belloso ikertzaileak irabazi zuen.

Bettina Steibleren CV laburra

Bettina Steible (Montpellier, Frantzia, 1987) doktorea da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB), hain zuzen Zuzenbide Publikoko eta Filosofia Juridiko Politikoko programan. Zuzenbidean lizentziatu zen 2008an, Montpellierreko Unibertsitatean, eta Zuzenbide Publikoko Masterra egin zuen han bertan. Ondoren, Europar Batasuneko Zuzenbideko eta Politiketako Masterra egin zuen, hots, bi urteko programa elebiduna, eta mugikortasun egonaldiak egin zituen hura antolatzen duten lau unibertsitateetan: Universitat Autónoma de Barcelona (UAB), Università degli Studi di Milano (Italia), Uniwersytet Szczecinski (Polonia) eta Université Montpellier I (Frantzia).

Doktoretzari dagokionez, Bettina Steiblek beste ikerketa-egonaldi batzuk egin ditu Berkeleyko Unibertsitatean (Kalifornia, Estatu Batuak) eta Paris II edo Panthéon-Assas Unibertsitatean (Frantzia). Gainera, UABek doktoretza aurreko lau urteko beka bat esleitu dio, eta Yusteko Europar Akademia Fundazioak, bestalde, “Carlos V” saria eman dio. Arlo akademikoan ikertzaile eta aholkulari moduan izandako esperientziaz gain, irakasle aritu da UABen eta Pompeu Fabra Unibertsitatean (Bartzelona).

Gaur egun Administrazio Publikoaren Europar Institutuan egiten du lan (European Institute of Public Administration, EIPA), Bartzelonan, EuroMed Justice proiektuko jurista eta hizkuntzalari gisa, eta UABeko irakasle elkartua da ere. Bere ikerketa-arloak Europar Batasuneko zuzenbidea, nazioarteko zuzenbidea, oinarrizko eskubideak eta zuzenbide konstituzionala dira.