Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Telekomunikazioko Ingeniaritzako bi tituluduni sari bana eman diete Telekomunikazioko Ingeniarien Elkargo Ofizialaren eta Espainiako Elkartearen (COIT/AEIT) XXXIX. Sarietan. Fernando Teberio Berdúnek (Ledea, Nafarroa, 1984) Komunikazioetako Sateliteetarako Aplikazio Berrien Doktoretza Tesi Onenaren HISPASAT Saria irabazi du; Eduardo Berrueta Irigoyenek (Lizarra, Nafarroa, 1994), berriz, Ziberdefentsarako eta Ziberadimenerako Aplikazioen eta Zerbitzuen Masterraren Amaierako Lan Onenaren IN-NOVA Saria.
Fernando Teberiok 2018ko irailean defendatu zuen doktoretza-tesia, “New filter design methods and topologies for the future microwave and millimeter-wave high-capacity satellites” izenekoa (“Iragazkiak diseinatzeko metodo berriak eta topologiak mikrouhinak eta uhin milimetrikoak erabiliko dituzten gaitasun handiko sateliteentzat”), eta bikain “Cum Laude” kalifikazioa lortu zuen nazioarteko aipamenarekin. Tesiaren zuzendariak Miguel Ángel Gómez Laso eta José María Lopetegi Beregaña NUPeko Smart Cities institutuko ikertzaileak izan dira (ISC).
“Doktoretza-tesian, iragazkiak diseinatzeko metodo berri asko eta topologia berriak garatu ditugu uhin-gidari errektangularretarako —esan du Fernando Teberiok—. Iragazkien bidez, gaitasun handiko komunikazio satelite berrien kostuak txikitu nahi dira, gero eta beharrezkoagoa baita hori. Hori dela eta, diseinatzeko metodo ia analitikoak garatu ditugu, zeinek maximora laburtzen baitituzte diseinatzeko eta optimizatzeko denborak. Iragazkiak konpaktuak dira, gainera, eta potentzia handia erabiltzeko aukera ematen dute; izan ere, bi faktore horiek dira garrantzitsuenak sateliteen industrian, sateliteak jaurtitzea merkeagoa eta sinpleagoa izan dadin. Azkenik, fabrikazio akatsekiko erresistenteak izango diren egitura eta topologia berriak garatu dituzte, bereziki diseinatuak Q, V eta W maiztasun bandetan erabiltzeko. Nabarmentzekoa da nazioarteko zenbait enpresa eta organismok zuzenean jakinarazi dietela zer behar duten, eta haien eskakizunei erantzuteko garatu dituztela teknologia guztiak; TESAT Spacecom, Thales Alenia Space eta Europako Espazio Agentzia dira, besteak beste, lankidetzan aritu diren organismoak, eta lotura estua izan du haiekin doktoreak”.
Izan ere, Fernando Teberiok bederatzi hilabeteko ikerketa-egonaldia egin zuen ESA-ESTEC zentroan (Europako Espazio Agentziaren Espazio Ikerketako eta Teknologiako Europako Zentroa), Herbehereetan, eta urtebeteko beste egonaldi bat Valentziako Unibertsitate Politeknikoan. Tesiaren emaitzak 18 aldizkari zientifikotan eta nazioarteko 39 biltzarretan aurkeztu dituzte, eta patente bat ere sortu dute.
Fernando Teberiok Telekomunikazioko Ingeniaritzako titulua eskuratu zuen NUPen, eta, gero, Komunikazioen Teknologietako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Doktoretza Programa egin zuen (Tecomber). Gaur egun, mikrouhinen ingeniaria da Alter Technolgy – TÜV Nord enpresan, Sevillan.
Programa maltzurren detekzioa
Bestalde, Eduardo Berruetak 2018ko ekainean aurkeztu zuen master amaierako lana, eta 10 puntuko kalifikazioa lortu zuen. Smart Cities institutuko Daniel Morató Osés ikertzailea izan zuen zuzendari.
“Lanean, irtenbide bat proposatzen dut ‘ransomware’ bidezko infekzioa detektatzeko. ‘Ransomware’ delakoa programa maltzur bat da, erabiltzailearen fitxategiak enkriptatu eta ordaina eskatzen duena —azaldu du Eduardo Berruetak—. Azken urteetako arrisku informatiko garrantzitsuenetako bat da. Hainbeste, ezen partikularrentzako eta enpresentzako arrisku nabarmenena ‘cryptoransomwarea’ zela esan baitzuen EUROPOLek 2016ko txostenean, ‘ransomware’ mota bat alegia. Hain arriskutsua izanik ere, ez dira tresna asko garatu hura detektatzeko”.
Eduardo Berruetak algoritmo bat diseinatu du Windows plataformetan partekatzeko direktorioak dituzten sare lokaletan “malwarea” detektatzeko. “Garatu dudan baliabidearen emaitzak irakurtzeko eta idazteko abiaduraren eta suntsitu den fitxategi kopuruaren arabera neurtzen dira, eta emaitza onak dira: analizatutako ‘ransomware’ laginen % 100 atzeman ditu algoritmoak, eta % 1 baino gutxiago izan dira positibo faltsuak —esan du ingeniariak—. Neurketak egiteko atalase egokiak erabiliz, 50 ‘ransomware’ lagin baino gehiago detektatu ditu abiadura handian. Detekzioa baino lehenago galdu diren fitxategi bakanak, berriz, sareko trafikoaren beraren bidez berreskuratu dira”.
Eduardo Berruetak ‘ransomwarea’ detektatzeko proposatu duen irtenbidea “Journal of Network and Computer Applications” aldizkarian argitaratu zen, eta fitxategiak berreskuratzeko tresna –hori ere master amaierako lanerako sortu zuen– “Cyber Security in Networking Conference (CSNet)” izeneko biltzarraren bigarren edizioan, iazko urrian, Parisen.
Eduardo Berruetak Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Gradua egin zuen NUPen, eta, geroago, Telekomunikazioko Ingeniaritzako Masterra. Gaur egun, ikertzaile ari da Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailean.