Ramón Gonzalo García Seinalearen Teoriako eta Komunikazioetako katedraduna gaur, otsailak 14, ostirala, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) errektore karguaz jabetu da. Ekitaldi instituzionala El Sario eraikineko Fernando Remacha ikasgelan egin da, eta bertan parte hartu dute Foru Komunitateko irakaskuntzaren, politikaren eta gizartearen eta ekonomiaren esparruko ordezkariek, beste erkidego batzuetako unibertsitateetako agintariek, bai eta senitartekoek eta unibertsitateko komunitateko kideek ere. Ramón Gonzalo maiatzaren 9ko hauteskundeetan hautatu zuten.
Halaber, ekitaldian beren karguez jabetu dira hurrengo lau urteetan Ramón Gonzalorekin batera Unibertsitatearen kudeaketan lan eginen duten zuzendaritza-taldeko kideak. Hauek dira: Francisco Javier Arregui San Martín, Ikerketako errektoreordea; Inés Olaizola Nogales, Irakasleen Gaietarako errektoreordea; Martín Larraza Kintana, Ekonomiako, Plangintzako eta Estrategiako errektoreordea; Cristina Bayona Sáez, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea; Edurne Barrenechea Tartas, Garapen Digitaleko errektoreordea; Begoña Pérez Eransus, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea; Inmaculada Farran Blanch, Irakaskuntzako errektoreordea; Jorge Elso Torralba, Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordea; eta, azkenik, Roldán Jimeno Aranguren, idazkari nagusia.
Ekitaldi instituzionalaren garapena
Ekitaldia segizio akademikoaren desfilearekin hasi da, Alfonso Carlosena bere kargua uzten duen errektorea aurretik zihoala. Aretoan sartu da, Uxue Barkos Berruezo Nafarroako Gobernuaren jarduneko lehendakaria eta Ainhoa Aznárez Igarza Parlamentuaren jarduneko lehendakaria lagun zituela, "Erresumako Gortea Sartzeko Martxa" entzuten zen bitartean.
Ondoren errektore karguaz jabetzeko ekitaldia hasi da. Ramón Gonzalok zin egin eta gero, Alfonso Carlosena bere kargua uzten duen errektoreak domina eman dio karguaren ikur modura, eta Uxue Barkos jarduneko lehendakariak aginte makila eman dio "agintearen erakusgarri, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore txit goren delako”.
Karguaren zina egin eta gero, errektore berriak Unibertsitateko zuzendaritza-taldeko kideak izendatzeko ebazpenak sinatu ditu, eta bere kargua uzten duen idazkari nagusiak idazkari berriaren izendapena sinatu du. Jarraian, idazkari nagusi berria eta errektoreordeak beren karguez jabetu dira.


Ramón Gonzalo bere zuzendaritza-talde berriarekin. Ezkerretik euskuinera: Roldán Jimeno, Inmaculada Farran, Edurne Barrenechea, Martin Larraza, Francisco Javier Arregui, Ramón Gonzalo, Inés Olaizola, Cristina Bayona, Begoña Pérez Eransus eta Jorge Elso. De izq. a dcha.: Roldán Jimeno, Inmaculada Farran, Edurne Barrenechea, Martin Larraza, Francisco Javier Arregui, Ramón Gonzalo, Inés Olaizola, Cristina Bayona, Begoña Pérez Eransus eta Jorge Elso.
Ondoren, Alfonso Carlosena bere kargua uzten duen errektoreak, Ramón Gonzalo errektore berriak eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernuaren jarduneko lehendakariek hitzaldi bana eman dute. Uxue Barkosen hitzaldia eta gero, “Gaudeamus igitur” abestia interpretatu dute, mahaiko kideak eta ikusleak zutik zeudela.
Kargu-jabetze ekitaldia amaitu eta berehala, bilera egin du Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak, eta Joaquín Romero Roldán Unibertsitateko kudeatzaile izendatzeko Ramón Gonzalo errektore berriak aurkeztu duen proposamena onetsi du.
Ekitaldi instituzionalaren alderdi musikala Scala ahots-laukoteak bete du (Nerea Castellot sopranoak, Lucía Cordeu altuak, Alberto Ilarregui tenoreak eta Pablo Ganuza baxuak osatzen dute laukotea) eta alderdi instrumentala, berriz, “Camerata Sarasate” taldeak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ganbera Taldearekin batera.