Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) 2019-2020 ikasturtean gradu ikasketak egiteko ohiko aurreinskripziorako epea datorren ostiralean, ekainaren 14an, 09:00etan, hasiko da, eta ekainaren 21ean, 14:00etan, bukatuko. Egun horietan, ikasleek Unibertsitatearen webgunearen bidez (www.unavarra.es) eskatzen ahalko dute ikaspostua, graduko titulazioetako edozeinetan. Graduko titulazioen eskaintza osoa Unibertsitatearen webgunean kontsulta daiteke.
Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta unibertsitateko titulazioa duten ikasleek Interneten bidez egin beharko dute aurreinskripzioa, eta hurrengo ikasturtean egin nahi dituzten titulazioak adierazi, gehienez ere sei, lehentasun hurrenkeraren arabera.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa
Era berean, heldu den ekainaren 21ean bukatuko da eskatzen den dokumentazioa aurkezteko epea, horrelakorik eskatzen bada. Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioa (USE) Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin duten Batxilergoko ikasleek ez dute dokumentaziorik aurkeztu behar, ez bada nazioarteko programetako baterako ikaspostua eskatzen dutela (kasu horretan ingeleseko B2 maila dutela egiaztatu behar dute), edo erreserba kupoaren bidez sartu direla. NUPen 25, 40 edo 45 urtetik gorakoentzako proba gainditzen dutenek ere ez dute dokumenturik aurkeztu behar.
Dokumentazioa eskatzen den kasuetan, posta elektronikoz aurkeztuko da documentos.preinscripcion@unavarra.es helbidearen bidez.
Aurreinskripzioa egindako ikasle onartuen lehenengo zerrenda uztailaren 5etik aurrera argitaratuko da, eta ikaspostua lortzen dutenek uztailaren 16ko 09:00etatik uztailaren 18ko 12:00ak bitarte egin beharko dute "online" matrikula, ikasiko duten graduaren arabera. Matrikula egiteko jarraibideak eta matrikula osatzeko urratsak Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal dira.