Joan eduki nagusira

zoom Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Graduko ikasleak posatzen eskola praktiko bat hasi aurretik Cándido Aramburu irakaslearekin (makurtuta, lehena ezkerretik hasita).

Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Graduko ikasleak posatzen eskola praktiko bat hasi aurretik Cándido Aramburu irakaslearekin (makurtuta, lehena ezkerretik hasita).

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) proiektu pilotu bat jarri du abian. Proiektuaren bidez, Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Graduaren lehen ikasmailako laurogei ikasle elektronika digitala ikasten ari dira urrutiko laborategi bati esker. Ikasleak Interneteko NireIkasgelategia plataformaren bidez konektatzen dira Iruñeko Arrosadiko campuseko benetako laborategi batera, eta prototipo elektronikoak diseinatzen ikasten dute ekipamendu horretan sartuz jarraibideak bidalita. Esaterako: erloju digital bat edo telebista-seinaleen deskodetzaile bat. “Ikasleen motibazioa areagotzen da”, esan du Cándido Aramburu Mayoz Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasle eta ekimen honen sustatzaileak. LabsLand euskal enpresarekin lankidetzan ari dira garatzen ekimena.

Sistema Digitalak I irakasgairako jarri da abian proiektu pilotua. Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako lehen ikasmailako bigarren seihilekoan ematen da irakasgaia, eta honako irakasle hauek dira arduradunak: Ignacio del Villar Fernández (ingelesez), Marko Galarza Galarza (euskaraz) eta Cándido Aramburu (gaztelaniaz). Irakasgai horretan elektronika digitalerako sarrera ematen da. Beraz, eskola teorikoez gainera, laborategiko praktikak ere egiten dira ikasleek prototipo elektronikoak egiten ikas dezaten, hala nola kontagailu digital bat, batugailu bat edo lehen aipatutakoak. Horretarako, ikasleek software-erremintak programatzen ikasten dute, EDA izenekoak (Diseinu Elektronikoaren Automatizazioaren ingelesezko siglak), eta logika programagarriaren bidez zirkuituak diseinatzen ere bai.

Oztoporik gabeko sarbidea

zoom Ikasleak urrutiko laborategira konektatzen Iruñeko Arrosadiko campuseko Ikasgelategian egindako saio praktiko batean.

Ikasleak urrutiko laborategira konektatzen Iruñeko Arrosadiko campuseko Ikasgelategian egindako saio praktiko batean.

“Laborategiko praktikei esker, lan estazioak daude ikasle bakoitzarentzat. Honako tresna hauek daude estazioetan: ordenagailuak, txartelak eta plaka elektronikoak. Estazioetan lan egiteak berekin dakar denbora mugatua izatea ariketa praktikoak modu presentzialean egiteko —esan du Cándido Aramburuk—. Oztopoak desagertu egiten dira logika programatua duten sistema elektronikoak diseinatzeko urrutiko laborategiarekin.  Ikasleak etxetik konekta daitezke edozein ordutan, bere prototipoetan lan egiteko. Egiaztatu dut nabarmen igo dela NireIkasgelategiaren bidez irakasgaira sartzen direnen kopurua”. NireIkasgelategia irakasteko, ikasteko eta lankidetzan aritzeko plataforma birtual bat da, ikasleek Unibertsitatean dauden bitartean beharrezkoa dutena. Plataformak hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie ikasleei. Esaterako, matrikulatuta dauden irakasgaietarako sarbidea.

Urrutiko laborategiaren bidez, instalazio fisikoetan erabiliko lukeen ekipamendu bera dute eskura ikasleek eta denbora errealean esperimentatzen du ekipamenduarekin, diseinatutakoak eta programatutakoak Interneten beste aldean zer portaera duen ikus baitezakete. Horretarako, ordenagailu bat baino ez du behar, eta NireIkasgelategia plataformara “online” sartzea. Plataforman dago erabilgarri Sistema Digitalak I irakasgaiko prestakuntza material guztia, bai eta urrutiko laborategirako esteka ere.

LabsLand enpresarekin lankidetzan garatu du proiektua Cándido Aramburu irakasleak. “Spin-off” edo oinarri teknologikoko enpresa bat da,  Deustuko Unibertsitateko WebLab ikerketa taldetik sortua eta Interneten benetako laborategiak garatzen espezializatua.

Ikasleen prestakuntza praktikoko hobekuntzez gainera, eskola teorikoak “sustatzen dira, urrutiko sarbideko laborategia erabil baitaiteke, esaterako, kontzeptu jakin batzuk bistaratzeko”, Cándido Arambururen arabera. Irakaslearengana jo dute esparru teknologikoko beste irakasgai batzuetan irakasten duten NUPeko beste irakasle batzuek, baliabideak partekatzeko interesa baitute beren plataforma sortzeko.

Sao Pauloko Unibertsitateak ere parte hartzen du proiektuan (Brasil), helburu hau erdiesteko epe luzean: bi erakundeetako ikasleak beren urrutiko laborategietara konekta daitezela.