Joan eduki nagusira

zoom NUPeko Olibondoak eraikineko ikerketa-laborategi bat, Iruñeko Arrosadiko campusean

NUPeko Olibondoak eraikineko ikerketa-laborategi bat, Iruñeko Arrosadiko campusean

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Ikerketa Zientifikorako eta Teknikorako eta Berrikuntzarako Espainiako 2017-2020ko Planaren esparruan I+G+b proiektuak finantzatzeko 1.778.579 euro lortu ditu Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioaren azken deialdian, ministerioak berak argitaratu duen behin-behineko ebazpenaren arabera. Deialdian, Unibertsitateak aurkeztutako hamalau proiekturi eman zaie aldeko ebazpena. Horietatik, Gizartearen Eginkizunetarako I+G+b Programan sartuta dauden hamaikek 1.488.179 euro lortu dituzte guztira; gainerako hirurek, I+G+b Sisteman Jakintza Sortu eta Arlo Zientifiko eta Teknologikoa Indartzeko Programakoek, 290.400 euro eskuratu dituzte.

Azken programa horretan, proiektuetako batek erakunde sozialentzako kontu-ikuskaritza etiko bat aztertzen du, José Enrique Galdón Sánchez Ekonomia Saileko katedradunaren gidaritzapean, eta 181.500 euro jaso ditu; beste bi proiektuek, aldiz, materialen osaeraren laser bidezko analisia lantzen dute, Material Aurreratuen Institutuko (InaMat) José Antonio García Lorente eta José Antonio Aguilera Andoaga ikertzaileen eskutik (84.700 eta 24.200 euro hurrenez hurren).

Gizartearen Eginkizunetarako I+G+b Programako proiektuei dagokienez, telekomunikazio ingeniaritzari buruzkoak dira horietako hiru, eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaile hauek dituzte buru: Íñigo Liberal Olleta, 172.546 euro eskuratu dituena komunikazioetako antena berrien inguruan lan egiteko; Miguel Beruete Díaz, 135.883 euro jasotakoa komunikazio eta sentsore gailu aurreratuetarako metagainazalei buruz ikertzeko, eta Francisco Falcone Lanas, 67.760 euro erdietsi dituena trenbideko garraioan haririk gabeko komunikazio sistemak garatzeko.

Nekazaritzako elikagaiei buruzko ikerketak

Beste hiru proiektu nekazaritzako elikagaien arloarekin daude lotuak. Horien artean, nekazaritza jasangarrirako ongarritzearen eta laborantzaren zentzuzko erabilera aztertzen ditu Pedro M. Aparicio Tejo IMAB institutuko ikertzaileak (Institute for Multidisciplinary Research in Applied Biology - Biologia Aplikatuko Diziplina Anitzeko Ikerketarako Institutua), eta 145.200 euro lortu ditu horretarako. Bestalde, Carmen Ancín Azpilicueta InaMat institutuko ikertzaileak 121.000 euro jasoko ditu laboreen izurrite jakin batzuen aurka borrokatzeko bakteria bat ikertzeko (Bt). Azkenik, balio katean nekazaritzako elikagaien arloko berrikuntza-sistema nola indartu aztertzen ari da Mercedes Sánchez García Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutuko ikertzailea (IS-FOOD), eta 102.850 euroko laguntza jasoko du.

Bestalde, Lucía Ramírez Nasto IMAB institutuko ikertzaileak ostra-ziza (Pleurotus ostreatus) genetikoki hobetzeko ikerketa-proiektu bat gidatzen du. Onddo jangarri horrek, nutrizio-balio jakin batzuk izateaz gain, industrian (bioerregaien eta paperaren sorkuntzan) zura degradatzeko prozesuetan erabilgarriak diren entzima asko sortzen ditu. Hala, 214.170 euro eskuratu ditu azterketa hori egiteko.

Gizartearen Eginkizunetarako I+G+b Programako proiektuen artean, energiaren arloko bik ere jaso dute dirulaguntza. Batek David Astrain Ulibarrena ikertzailea du buru (ISC institutua), eta 123.420 euro eskuratu ditu merkataritzako hozte autonomoko sistemetan erabiltzen diren ekipo termoelektrikoak modu optimizatuan diseinatzeko; besteak, Vicente Recarte Callado ikertzailearen gidaritzapean (InaMat institutua), 60.500 euro jasoko ditu energiaren arloan aplikatu daitezkeen belaunaldi berriko altzairu herdoilgaitzak aztertzeko.

Luis María Gandía Pascual InaMat institutuko ikertzaileak, bestalde, 242.000 euro eskuratu ditu erreaktore katalitiko egituratuetako karbono dioxidoaren edo CO2-aren balorizazioari buruzko ikerlan bat egiteko.

Azkenik, hegazkinetan izotza sortzea saihesteko teknologia berriei buruzko lanerako, Rafael J. Rodríguez Trías ikertzaileari (InaMat institutua) 102.850 euro egokitu zaizkio.